ETAPA MAILAKOAK
Klaustroa
Datorren asteartean, hilaren 26an, klaustroa izango dugu ohiko leku eta ordutegian. Gai-zerrenda astelehenean izango duzue ikusgai.
Euskararen Eguna
Hemen dituzue kanpainaren asteko eta Euskararen Eguneko informazioa biltzen duen dokumentua eta horretarako beharrezko material guztia.
Lino eta Orereta Ttikin, aurtengo salbuespen egoera kontuan hartuta, goizeko ekintzak bakoitzak zuen eraikinean egingo dituzuenez, lasai asko erabaki zer eta nola antolatu nahi duzuen.
Hamaiketakoak irakasle geletan utziko dizkizuegu, adin bakoitzari zer dagokion zehaztuta.
Calendar
Bigarren hiruhilabeteko Calendarreko egutegia eguneratu dugu. Apirileko klaustroa ez dugu zehaztu, Aste Santuko oporrak tarteko, beharrak zeintzuk izango diren ez dakigulako. Antzeko egoeran gaude ekainekoarekin, beraz, argitu orduko datak gehituko ditugu.
IKASTOLA MAILAKOAK
Oiartzoko patronatua: azaroko bileraren deskargua
Azaroaren 20an egin zen Oiartzoko patronatuaren ikasturte honetako lehen bilera. Langile atarian duzue laburpena (gainaldean ezkerraldean dauden ikono-zerrendako “organoetako aktak” atalean).
Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua
Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasuna Badalab eta Fikzio Fabrikaren Kutxaz Kanpo egitasmoko “Elkarlana eta arnasestua” jardunaldia da. Langile atarian dituzue xehetasunak.
Negulekuak 2024: izena emateko epea zabalik abenduaren 8ra arte
Urte luzez Udalekuak antolatzen pilatutako esperientzia oinarri, azken urteetan Negulekuak ere antolatzen ditu Ikastolak. HH3-LH3 arteko haurrentzako izaten dira (izan Ikastolako ikasleak edo ez) eta abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra egingo dira aurten.
Negulekuek Ikastolako proiektu hezitzaileari jarraipena ematea dute xede, bide batez, familien premiei ere erantzunez. Langile atarian duzue informazio xeheagoa.
Zubiak Eraikiz: Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegiak hemen dira
Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegiak heltzear dira Ikastolara. Datorren astean jaso ahal izango dituzue hala dagokizuen ikas-etapan/sailean. Jasotzean ordaindu beharko dira eskudirutan (12€/egutegia).
Errrigora: udazkeneko kanpainako saskiak hemen dira
Datorren astelehenean (azaroak 25) iritsiko dira kutxak Ikastolara. Eskaera egin eta Ikastolan jaso nahi duzuela esan duzuenek asteazkenetik (azaroak 27) aurrera jaso ahal izango dituzue hala dagokizuen ikas-etapan/sailean.
ETAPA ARTEKOAK
Blaitu – Euskaraz Bizi | Ikasturteko lehen Blaitu MHLZ lehiaketa azaroaren 26tik abenduaren 3ra
Blaitu Klubak ikasturteko lehen “Blaitu MHLZ lehiaketa” antolatu du, azaroaren 26tik abenduaren 3ra. Euskararen Egunaren bueltan, ETBko Mihiluze saioan oinarrituta, familia giroan eta euskaraz momentu dibertigarri eta atsegina pasatzea da ekimenaren helburu nagusia.
Azaroaren 26tik abenduaren 2ra bitartean, “Blaitu MHLZ” jolas bat eskainiko da egunero Ikastolaren webguneko Blaitu Klubeko atarian. Jolas horiek entrenamendu saioak izango dira abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, jokatuko den lehiaketa handirako. Abenduaren 3ko lehiaketako irabazleak IrisarriLand parkerako sarrerak eskuratuko ditu etxeko kide guztientzat. Langile atarian dituzue xehetasun gehiago eta lehiaketan parte hartzeko aukera. Animatu eta parte hartu, eta anima itzazue ikasleak ere parte hartzera! Blaitu mingainak eta busti euskaraz!
DBH | Esaduzu proiektuarekin, Gizarte Zientzietako mintegia Serbian
Ikastolen Elkartearen bitartez, DBHko irakasle Egoitz Sayar Serbiako Leskovac herrian izan zen azaroaren 14tik 17ra, EuroClio erakundeak antolatutako SENSEI konferentzian. Topaketan, hezkuntza inklusiboa eta hori lantzeko praktika onak izan zituzten hizpide. Egoitzek memoria historikoa eta inklusibitatea nola uztartu azaldu zuen DBH 4. mailan Gizarte Zientziak mintegiak 36ko Espainiako gerra zibilaren testuinguruan landu ohi duen Esadazu proiektua aurkeztuz, beste herrialdeetako entzuleei aniztasunari dagokionez izan ditugun erronken aurrean horren gai sentikorretan nola jokatzen dugun plazaratuz. Egoitzen parte-hartzea oso arrakastatsua izan zen, interes handia piztu zuen bertaratu ziren eragileen artean. Eskerrik asko Egoitzi eta Esadazu proiektua dena izateko zuen hondar aletxoa jarri duzuen Gizarte Zientzietako zein beste mintegi batzuetako lankide denei!