HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (24.10.18)


ETAPA MAILAKOAK


Komunikazio asertiboa

Datorren asteartean, hilak 22, komunikazio asertiboaren bigarren saioa izango dugu, ohiko leku eta ordutegian.

Guraso ordezkariak

Gelako guraso ordezkari berriak izanez gero, haien datuak (izen-abizenak, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa) lehenbailehen Maitaneri helarazi, mesedez.

Gau Beltza

Badator Gau Beltza! Dakizuen bezala, aurten ere Gau Beltza ospatuko dugu, hortaz, urriko azken bi asteetan (urriaren 21etik 31ra) gure ikasleekin kanpaina astean landu beharreko proposamena zuekin partekatzen dugu: zer da Gau Beltza? Nola parte hartu dezakegu? Nola mozorrotu?

Honekin batera, aste hauetan gelako lanketarako baliagarriak izango zaizkizuen apaingarriak, “animen gauaren” abestia eta dantza, bizkotxoetarako banderatxoak, kalabaza bizkotxoa egiteko errezeta… zuen eskura uzten ditugu.

Honetaz guztiaz gain, maila bakoitzean aparteko gauzak ere egin nahi badira, aurrera!

Animo eta gozatu!

Herrigintza lantaldea

Hizpro

Hizpro taldeak ikasturte honetan burutu beharreko eginkizunen artean, Ikastolan eskola orduetan euskararen erabileraren inguruko neurketak egitea da (urrian eta ekainean). Gure etapan, urriaren 24an, eraikin bakoitzeko sarrera malguetan kanpo eremuko neurketak egiten hasiko gara. DBHko Euskaraz Biziko partaide diren ikasle taldeak burutuko ditu, beraien irakasleen ardurapean. Barruko eremuko neurketak ere burutu beharko ditugu (zirkulazio librean eta jolastokian). Horiei buruzko xehetasunak hilabete amaierako klaustroan jasoko dituzuen arren, astelehen eguerdian Nagore arduratuko da eraikin guztietan beharrezko informazioa emateaz.

Tailerrak

Eguerditako tailerretan eta MusikArt saioetan parte hartzen duten ikasleen familiek hiruhileko bakoitzaren amaieran balorazio txostena jasoko dute.

Familia Laguna

Guraso bilerak egin ondoren, Familia Laguneko boluntarioen taulak zuzendaritzara helaraztea behar dugu, proiektuko arduradunaren eskura jarri ahal izateko.

Irteerak

Dagoeneko lotuta ditugun irteeren berri (ekintza, data eta maila) ematea eskatzen dizuegu, webgunea eguneratu ahal izateko. Horri lotuta, HHko calendarren ere sartzeaz gogoratu, denok ikusgarri izan ditzagun.


IKASTOLA MAILAKOAK


Administraziopeko eta itunpeko ikastetxeetako (tartean, Ikastoletako) irakasleen soldata-ekiparazioaz

Irailaren 2ko ikasturte hasierako langile batzarrean aipatu bezala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren asmoetako bat administraziopeko eta itunpeko ikastetxeetako (tartean, Ikastoletako) irakasleen soldata parekatzea da. Abuztuan eman zuen horren berri Begoña Pedrosa sailburuak eta horretarako, orain, aste honetan egin den Gobernu Batzordean, Eusko Jaurlaritzak Aurrekontu Legea aldatzea onartu du; Eusko Legebiltzarrera igorriko dute lege proiektua eta haren onespena beharko da aurrera egiteko. Ekiparazio progresiboa egitea da asmoa: 2027rako nahi dute soldatak parekatzea, eta atzerako eragina izango du 2023tik.

Irakasleen soldata-ekiparazioaz ari gara, ez langile guztienaz. Ordainketa eskuordetuan dauden irakasleen parekatzea hartuko du bere gain Hezkuntza Sailak, ordainketa eskuordetutik jasoko duten nominan aplikatuz igoera zuzenean. Ordainketa eskuordetuan ez dauden irakasleen ekiparazioa Ikastolek beraiek hartuko dute beren gain (horretarako diru-sarrera gehigarririk izan gabe Hezkuntza Sailetik). Irakasleak ez diren langileen soldaten momentuan momentuko igoerak ere (ez ekiparaziorik), orain arte bezala, Ikastolek beraiek hartuko dituzte beren gain. Eta horrek guztiak, beraz, ez du doakotasunerako bidea errazten.

Gaiaren eta hainbat xehetasunen aipamena egin nahi izan dizuegu, batetik, gaia prentsan delako egun hauetan ere, eta bestetik, aste honetako Gobernu Batzordearen ostean Pedrosa Sailburuak egindako adierazpenen gaineko balorazioa egin duelako Ikastolen Elkarteak (hemen duzue irakurgai), eta uste dugulako emandako xehetasunek hori behar bezala ulertzen laguntzen dutela. EHIk norabide onean ikusten du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak hartutako erabakia eta, aldi berean, ezinbestekoa ikusten du gainerako langileen soldata-ekiparazioa eta ikasleen arretan beharrezkoa den bestelako finantziazioa ekarriko dituzten neurriei berehala ekitea.

Gaiari lotutako adierazpenak LAB sindikatuak ere egin ditu. Ikastolen Elkarteak LAB sindikatuaren prentsa oharra Ikastolen mugimendurako iraingarria eta oso mingarria dela adierazi du (irakurri EHIren adierazpena).


ETAPA ARTEKOAK


Eskolaz kanpoko ekintzak | Urria heltzearekin batera, martxan da ikasturte berria!

Ikasgelek iraila izaten dute egutegian gorriz markatuta, eta eskolaz kanpoko ekintzek, berriz, urria. Elkarren lagun eta osagarri izanagatik, bakoitzak bere momentua, bakoitzak bere lekua. Orereta Ikastolaren aurtengo eskolaz kanpoko eskaintza bederatzi ekintzek osatzen dute eta 400 ikasle dabiltza batean ez bada bestean beren gozamena eta ikasketak osatzen. Informazio gehiago, langile atarian (albisteen atalean).


BESTELAKOAK


Araba Euskaraz 2025 aurkeztu dute

Orain egun gutxi aurkeztu dute Araba Euskaraz 2025. Bastida Ikastola laguntzeko xedea izango du datorren urteko edizioak. Azken aldietan bezala, Arabako Ikastola guztien artean antolatuko dute ekainaren 15ean eta “etengabe” lemapean Olarizun egingo den festa. Irakurri xehetasun gehiago.

Konfekoop aldizkariaren 102. zenbakia

Konfekoop-ek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, aldizkaria argitaratzen du hiru hilabetero. Ikastolok Konfekoop Irakaskuntzako kide izanik, aproposa iruditzen zaigu, hemendik aurrera, aipamena egitea aldizkariaren ale berriak atera ahala. Hemen duzue irakurgai azken alea; tartean, hezkuntzari lotutako erreportaje bat ere bai.