HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (24.02.23)


ETAPA MAILAKOAK


Otsailak 27

Astearte arratsaldean, ohiko ordu eta lekuan elkartuko gara hIZANen inguruko lanketarekin jarraitzeko.

Baso eskola: guraso laguntzaileak

Klaustroak erabaki bezala, aurrerantzean, laguntza eskaintzen duten gurasoen laguntza onartuko dugu, nahiz eta beren seme-alaben gelarekin joateko izan. Hemen irakurri ahal izango duzue beren burua eskaintzen duten gurasoekin partekatuko dugun dokumentua; oinarrizko jarraibideak jasotzen dituen bide-orria, alegia.

Esmalteriako Ostiralak

Gaur, arratsaldeko 17:00etan eta Maddalen Dorronsororen eskutik, haur kanten tailerra eskainiko da 2-6 urte bitarteko haur eta haien familientzat.


IKASTOLA MAILAKOAK


Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasuna “Sormena eta berrikuntza kultura eraikitzen” ikastaroa da. Langile atarian dituzue xehetasunak.

Matrikulazioa 2024-25: emaitzak

Gaur arratsaldean itxiko da 2024-25 ikasturterako matrikulazio-kanpaina. Anartzek, zuzendaritza-taldearen izenean, emaila bidaliko du emaitzen berri emanez.

2024-25 ikasturtea: baimen eskaerak 

2024-25 ikasturtea antolatzen hasteko garaia hurbiltzen ari denez, plangintza eta antolaketarik egokiena egin ahal izateko, langileen asmoen berri izan behar du zuzendaritza-taldeak. Horiek horrela, datorren ikasturterako aparteko eskaerarik egiteko asmoa izango bazenu, bete langile atarian topatuko duzun inprimakia. Martxoaren 10a da horretarako azken eguna.

Oiartzo: Patronatuaren otsaileko bileraren deskargua

Orereta Ikastolako Artezkaritza Kontseiluaren eta Hezkuntza Batzordearen bilerekin egin ohi dugun gisan, hemendik aurrera Oiartzoko Patronatuaren bileren laburpenak ere eskura izango dituzue langile atarian (gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” atalean).

Oiartzoko Patronatuak otsailaren 21ean egin zuen hil honetako bilera eta eskura duzue laburpena langile atarian.

Erabilera bakarreko edalontzirik ez kafe-makinetan, hemendik aurrera

Ingurumen batzordeak proposatu eta Ikastolako zuzendaritza-taldeak hala onartuta, hemendik aurrera ez da erabilera bakarreko edalontzirik egongo Ikastolako kafe-makinetan. Norberak berea edota kafe-makinen alboan dauden edalontziak erabil ditzakezue.

Giltza elektronikoaren erabilera irizpideak eta gida, langile atarian

Aproposa eta baliagarria dela eta, Ikastolan sartzeko erabiltzeko ditugun giltza elektronikoen erabilera irizpideak eta gida langile atarian jarri dira (gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “informazio praktikoa” atalean, “hainbat dokumentu praktiko” erlaitzean).

Lilaton 2024: eman duzu izena Ikastolako taldean?

Lilaton-en parte hartzeko dortsalak agortu badira ere, agortu aurretik eskatu bazenuen eta oraindik Ikastolako taldean izena eman ez baduzu, azken horretarako garaiz zabiltza. Langile ataritik egin dezakezu. Anima zaitez!

Urteko Ohiko Batzar Nagusia 2024: langile bazkideei gogoratzea

Pasa den astean Inikaz bidalitako deialdian adierazten zen bezala, otsailaren 28an egingo da Orereta Ikastola Koop. E.-ko Urteko Ohiko Batzar Nagusia Ikastolaren Linoko egoitzan (Santa Klara kalea, 7); 17:30ean lehen deialdian, 18:00etan bigarrenean eta 18:30ean hirugarrenean.

Gogoratu Batzar Nagusian parte hartzeko ezinbestekoa dela aurrez izena ematea. Batzarrera joateko aukerarik ez baduzu, joango den beste bazkide baten esku utzi zure botoa. Izena emateko zein botoa delegatzeko aukera duzu langile atarian. Otsailaren 25a da izena emateko azken eguna; botoa delegatzekoa, berriz, gaur (otsailak 23).

Bide batez, jakizu, Aurrera! memoria 2024 (urtekaria) jada ikusgai dagoela. Langile ataritik hel zaitezke bertara ere.

Bedatselekuak (udaberriko egonaldiak) antolatu ditu Ikastolak

Urte luzez Udalekuak antolatzen pilatutako esperientzia oinarri, egun Bedatselekuak (udaberriko egonaldiak) eta Negulekuak ere antolatzen ditu Ikastolak.

Bedatselekuak HH3-LH3 arteko haurrentzako izaten dira (izan Ikastolako ikasleak edo ez) eta aurten martxoaren 25etik apirilaren 5era izango dira. Bedatselekuek Ikastolako proiektu hezitzaileari jarraipena ematea dute xede, bide batez, familien premiei ere erantzunez. Langile atarian (albisteetan) duzue informazio xeheagoa.


BESTELAKOAK


23. Korrika: herriko txosnan laguntzeko prest zaude?

23. Korrika martxoaren 23an (larunbata), gauez, pasako da herritik. Horren harira, herriko Korrika Batzordeak herri-bazkaria antolatu du egun horretan bertan. Bazkariaz gain, musika eta beste ekintza batzuk ere izango dira; tartean, taberna. Eta azken horretarako laguntza behar da: taberna muntatzen, desmuntatzen eta txandetan zerbitzatzen aritzeko, hain zuzen ere. Laguntzeko aukera izango bazenute, eman izena langile atariko hala dagokion inprimakia betez. AEKko kideek askotan lagundu izan dute Ikastola guk antolatutako ekimenetan eta oraingoan haiek laguntzera ere gonbidatu nahi ditugu Ikastolako familiak eta langileak. Anima zaitezte!

Bide batez, jakizue herriko Korrika Kultaralaren programa (otsailak 29-martxoak 23) ere eskura duzuela langile atarian.