HIZKUNTZAK

HH Asteko Oharrak (24.01.26)


ETAPA MAILAKOAK


Matrikulazioari lotutakoak

Klaustroan aipatu bezala, hemen dituzue datorren asteko hitzorduak. Eskertuko genuke ahal duena etortzea.

  • Urtarrilak 29: Galtzarabordako kiroldegiko ekimena. Ikastolako eskolak amaitutakoan han elkartuko gara.
  • Urtarrilak 30 eta otsailak 1: ate irekiak, arratsaldeko 17:30ean Esmalterian.

IKASTOLA MAILAKOAK


LHko irakasle Iñaki Zapirain, KORRIKAko unitate didaktikoen egile

KORRIKAren 23. edizioa martxoaren 14tik 24ra egingo da, Irundik Baionara, “Harro herri” lemapean. Aste honen hasieran aurkeztu dituzte Euskal Herriko ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoak. Orain urte batzuk hasitako AEKren eta Ikastolen Elkartearen elkarlanaren fruitu dira unitate didaktiko horiek, KORRIKAren azken edizioetan Iñaki Zapirainek egin dituenak.

Biba zu, Iñaki, Ikastolan ez ezik beste hainbat ekimenetan ere buru-belarri, ilusioz eta beti laguntzeko prest izaten zaren hori!

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasunak “Espazio publikoaren berrerabilera jolasaren ikuspuntutik” hitzaldia (bihar bertan), jendaurrean hitz egiteko gakoen inguruko prestakuntza eta UEUko udaberriko ikastaroak dira. Langile atarian dituzue guztien gaineko xehetasunak.

Digiprest: A2 titulua ateratzeko deialdi irekia

Motibo ezberdinengatik, irakasle batzuek ez duzue izan A2 gaitasun digitalaren titulua ateratzeko aukerarik Ikastolaren bitartez. Egoera horretan zaudetenek, jakizue, edozein irakaslek A2 Curridigi ikastaroa egiteko deialdi irekia martxan jarri dutela aste honetan.

Interesdunek Hezigunetik egin behar dute ikastaroa, otsailaren 6tik apirilaren 30era bitartean. Ez da mentorerik izango eta zuzenketak Berritzegune nagusiak egingo ditu.

HIZPRO | Euskaraz Bizi | Blaitu Kluba: kalko okerren lanketa, hilero

Hizpro eta Euskaraz Biziko taldeetatik proposamen bat heldu da. Gure egunerokoan hainbat esamolde desegoki entzuten ditugu eta hauen erabilera murrizteko asmoz hilero kalko oker baten lanketa egingo da hiru etapetan. Horretarako, DBHko Blaituko kideek egindako hala dagokion Tanta Ikastolako webguneko Blaitu Klubeko atarian ikusteko aukera izango duzue. Etapetako eraikinen sarreretan ere ikusgai jarriko dira paneletan kalko oker hauen kartelak. Saia gaitezen erabilera desegoki hauek saihesten.

Urtarrileko kalko okerra jada ikusgai duzue Ikastolako webguneko Blaitu Klubeko atarian (Tanten sailean). Langile ataritik bertatik hel zaitezkete zuzen-zuzenean Blaitu Klubeko atarira.

Matrikulazioa 2024-25: herriko hezkuntza zinegotziaren agerraldia administraziopeko hiru ikastetxeekin

Urtero legez, herriko hezkuntza zinegotziak agerraldia egin du administraziopeko hiru ikastetxeetako zuzendariekin. Urtarrilaren 19an izan zen, hemen irakur dezakezue albistea. Aldiro adierazten dugu Ikastolak ere eskertuko lukeela babes hori, baina ezezko erantzuna jasotzen dugu.


ETAPA ARTEKOAK


DBH | Berria Ikasgela, Ikastolan leiho berriak irekitzen

DBHko komunikazio tailerreko ikasle eta irakasle taldea Berria egunkariarekin elkarlanean aritzeko beste aukera bat izaten ari da. Iazko otsailean eta Kilometroak Urtearen baitako “Egunkariatik Berriara, 20 urte” ekimen-sortaren karietara sortu eta inprimatutako Egun oro berripaperaren ostean, Berria Ikasgelako kazetaritza tailerrekin (Berriako kazetariek gidatutako saio teoriko-praktikoak) hasi berri dira 2024ko urtarrilean, eta Berria Ikasgelaren sail berri baten promozio bideoa egiteko aukera ere izan dute. Maiatzetik aurrera, Berria Ikasgelaren webgunean Euskal Herriko bigarren hezkuntzako ikasleen lanek ere izango dute lekua eta aukera horren promozio bideoa grabatzeko parada izan dute Ikastolako DBHko komunikazio tailerreko ikasleek. Ikusi promozio bideoa eta irakurri guztiaren gaineko xehetasun gehiago langile atarian (albisteen atalean).