HIZKUNTZAK

HH Asteko Oharrak (23.12.01)


ETAPA MAILAKOAK


Abenduko hitzorduak

  • Abenduak 4: Arreta goiztiarra. 2, 3, 4 eta 5 urtekoak Linon bilduko gara eguerdiko 12:30an, ingeleseko gelan.
  • Abenduak 5: Liburutegiak hornitzen. Sortalde horretako kideak Esmalterian bilduko gara 16:45ean. Gainontzekoek ordu horiek zuen lanetarako erabili ditzakezue.
  • Abenduak 12: Obraren inguruko klaustroa. Orain artean Aitor Axperekin landutakoen inguruan arituko gara.
  • Abenduak 13: Koordinazio bilera. 2, 3, 4 eta 5 urtekoak Linon elkartuko gara eguerdiko 12:30ean,  ingeleseko gelan. Abenduaren 19a norbere lanetarako utzi nahi dugunez, koordinazio bilera hau egingo dugu ditugun bi gai lantzeko.
  • Abenduak 19: Bakoitzak bere lanetarako orduak izango ditu.
  • Abenduak 21: San Tomas. Goizeko jardunaren ondoren, Esmalterian elkartuko gara, urteari amaiera behar den bezala emateko.

IKASTOLA MAILAKOAK


Artezkaritza Kontseilua: azaroko bileraren deskargua

Asteazkean, azaroaren 29an, izan genuen Artezkaritza Kontseiluaren ikasturte honetako bigarren bilera. Langile atarian duzue laburpena, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” botoian.

Kilometroak 23: azken emaitza eta balorazioa, eta etorkizuneko erronkak

Urriaren 1eko Kilometroak Egunarekin Kilometroak Urtea itxita, ebaluazio kuantitaboa eta kualitatiboa egin da Kilometroak 23ren Batzorde Iraunkorrean (koordinatzaileek eta batzorde guztietako arduradunek osatzen duten batzordea), Ikastolen Elkarteko Gipuzkoako Lurralde Batzarrean eta Orereta Ikastolako Artezkaritza Kontseiluaren azken bileran.

Gorabeherak gorabehera eta hobetzekoak hobetzeko, Kilometroak Urtearen eta Egunaren balorazioa positiboa da.

Emaitza ekonomikoari dagokionez, 220.000€ utzi ditu: 180.000€ izango dira Orereta Ikastolarentzat; eta 40.000€, Ikastolen Elkartearentzat (urteroko proportzioa). Ikastolarentzat diren 180.000€ hasieran zehaztutako asmoetara bideratuko dira: Añabitarte ingurua egokitu eta berritzera, Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzera eta herrian, eragileekin elkarlanean, euskarari lotutako erronka bati erantzutera. Lantaldeak antolatuko dira hiru asmoei lotutako proiektuak definitu eta irudikatzeko. Hori egitean, Artezkaritza Kontseilura eramango dira bueltan, hark, proiektu horien nolakotasunaren eta beharren baitan, irabazien banaketa nola egin erabaki dezan.

Alderdi ekonomikoaz gainera, balorazio kualitatiboa ere oso garrantzitsua da: komunitateak egindako lana azpimarratu nahi da; ilusioz eta gogoz aritu izana. Horrek erakutsi du komunitatean badagoela Ikastolaren alde lan egiteko nahia eta gaia; finean, jendea. Orain, erronka da hori bizirik eta bizi mantentzea.

Ildo horretatik, Ikastolakide guztiak gonbidatu nahi zaituztegu goian aipatutako lantaldeetan parte hartzera, Kilometroek utzitako irabaziei loratzeko bidea egiten laguntzera. Interesik izanez gero, idatzi mezua idazkaritza@oreretaikastola.eus helbide elektronikora.

Kilometroak joan da, Erriola geratzeko etorri da. Errioaren magaleko faktoriak, errioko uraren gazi-gozoak, gorabeherek eta zubiek josten duten komunitateak, martxan jarraituko du; guk denok martxan jarraituko baitugu!

Oiartzoko bigarren mailako ikasleen kirol-jertseak salgai!

Oiartzon batxilergoko bigarren maila egiten ari diren ikasleek kirol-jertseak diseinatu eta egin dituzte Europan barrena egingo duten ikas-bidaiarako sos batzuk lortzeko. Gazteei lagundu nahi izanez gero, hemen duzue kirol-jertseak ikusi eta eskatzeko aukera. Abenduaren 11n bukatzen da eskaerak egiteko epea.


ETAPA ARTEKOAK


DBH4 | “Baga, Biga, Higa” ikuskizuna, euskaratik aitona-amonekin harremanak josten

DBH 4. mailako ikasleek euskal ahozkotasuna eta kultura lantzen dituzte ikasgelan lehenengo ebaluazioan. Euskararen Egunaren atarian (aurten, abenduaren 1ean; gaur), ahoz aho jaso eta mendeetan zehar euskaldunok memorian gordeta izan duguna Niessen Kulturguneko oholtza gainera eramaten dute. Horratx “Baga, Biga, Higa” ikuskizuna. Irakurri xehetasun gehiago langile atarian (albisteen sailean).


BESTELAKOAK


EHIren agerraldia abenduaren 4an, EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren irizpena Hezkuntza Batzordean onetsi berritan

EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren irizpena EAJk eta PSE-EEk Hezkuntza Batzordean onetsi berritan, EHIk agerraldia egingo du abenduaren 4an. Lege Berriaren prozesu guztian zehar esandakoak aipatuko dituzte EHIko ordezkariek, nagusiki, agerraldi horretan; azkenean onarpenak izango duen irismen eta babesari ere aipamena eginez.

Elkartasun Kutxa 2024: 1.000.000€ beharrik handiena duten proiektu eta Ikastolentzako

Elkartasun Kutxa Ikastolok beharrik handiena duten proiektuak eta Ikastolak laguntzeko dugun ekimena da. Euskal Herriko 114 Ikastolok egiten dugu urtero ekarpena Kutxara hori aurrera atera ahal izateko. Maiz Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako Ikastolak izaten dira laguntza jasotzen dutenak.

Pasa den azaroaren 28an egin zen Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia Senperen, Kattalin Elizalde kolegio berrian, eta 2024an hamar Ikastolaren artean 1.000.000€ banatzea erabaki zuen. Langile atarian topatuko dituzue xehetasun gehiago.

Katalogoa.eus: Euskarazko Produktuen Katalogoa

Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998an Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena da, egun 115 toki-entitatek baino gehiagok sustatzen dutena. Besteak beste, 16 urte bitarteko gazteentzako euskarazko kultur produktuen bilduma eguneratua egitea da helburua. Eguberriak ate joka ditugula jakinik, interesgarria izan daitekeelakoan, www.katalogoa.eus webgunean hainbat eta hainbat aukera topatuko dituzue.

Hainbat artikulu interesgarri

Oharra: EAEko Hezkuntza Lege berriaren azken faseko mugimenduen testuinguruan egin da beheko bilduma/aukera.