HIZKUNTZAK

HH Asteko Oharrak (23.09.22)


ETAPA MAILAKOAK


Klaustroa

Datorren asteartean klaustroa egingo dugu, ohiko lekuan eta orduan. Gai zerrenda astelehenean izango duzue ikusgai.

Guraso bilera orokorrak

Ikasturte honetan, Leirek guraso bileretako txostenak txukun eta maketatuak gure esku jarri ditu. Gure eginkizuna, datak eta izenak eguneratzea izango da, baita ekintza osagarrietako taula ere. Proiektuetako testuetan aldaketarik balego, jakinaraziko zaizue.

Hemen dituzue maila guztietako txostenak bertan aldaketak egin ditzazuen.


IKASTOLA MAILAKOAK


Lan-eskaintza: Gorputz Hezkuntzako irakaslea (DBH)

Unai Briñasek Orereta Ikastolako bere ibilbidea amaitu du; hemendik aurrera, beste bide bati ekingo dio. Eskerrik asko eta zorte on!

Hori esanda, jakizue utzitako lanpostua (DBHko Gorputz Hezkuntzako irakaslea) betetzeko hautaketa-prozesua martxan jarriko dugula. Gaurtik aurrera, oreretaikastola.eus webguneko gurekin lan egin atalean dago lan-eskaintzan izena emateko aukera (langile atarian ere baduzue zuzeneko lotura). Ikastolako langileei eman zaie lehenik deialdiaren berri, datorren astean zabalduko da familien artean eta sareetan. Hautagaiak bere CVa webgunean erregistratu behar du, urriaren 4a da horretarako azken eguna.

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Ikasturte hasiera izanik, hainbat prestakuntza eta jardunaldiren berri izan dugu. Langile atarian (prestakuntzen eta jardunaldien atalean) topatuko duzue horien guztien berri.

Kilometroak Eguna (urriak 1): parte hartu Erriola koreografia erraldoian!

Urriaren 1eko Kilometroak Eguneko lehen hitzordua hasiera ekitaldia izango da. Aurten ibiltaria izango da ekitaldi hori: Lekuona Fabrikaren paretik Emakumeen Etxera joango da, “AMA” (amalurra, ama euskara, Ikastolako amak..) ardatz hartuta eta ibilbidean hainbat geldialdi eginez.

Linoko (Lehendakari Agirre plaza) geldialdian, besteak beste, Erriola kanta abestu eta dantzatuko dugu denok elkarrekin; hala nahi duen ikastolakide eta herrikide orok elkarrekin.

10:15ean elkartuko gara Linon eta 10:45erako amaituko dugu. Boluntario gisa lanean aritzeko izena emanda baduzue ere, lasai har ezazue tarte bat Erriola koreografian parte hartzeko; laburra izango da dantza-saioa eta, beraz, bateragarria boluntario-lan ia denekin. Eskertuko genizueke, antolaketa kontuengatik, dantzan eta kantuan parte hartzeko asmorik izanez gero, langile atariko hala dagokion inprimakia betetzea.

Erriola arropa eta osagarriak jantzi, eta has dezagun Kilometroak Eguna denok elkarrekin! Anima zaitezte!

Kilometroak Eguna (urriak 1): zatoz laguntzera!

Boluntarioak behar ditugu urriaren 1eko Kilometroak Eguna hitzordu bikaina izateko. Ari gara lantaldeak eta txandak osatzen, borobildu eta errematatzea falta dugu. Behar zaitugu, behar zaituztegu; esku guztiak izango dira ongi etorriak.

Langile atarian duzue izena emateko aukera; oraindik ez baduzue egin, egizue! Gunez gune daude zeregin guztiak xehatuta, baita zenbat boluntario behar den lan bakoitzerako ere. Zatoz elkarlanean aritzera eta gozatzera! Elkarrekin eta elkarrentzako! Eskerrik asko, aldez aurretik!

Kilometroak Eguna (urriak 1): anima itzazue zuen ingurukoak ere Kilometroak Egunaz gozatzera!

Atzo aurkeztu genuen prentsaurrean urriaren 1eko Kilometroak Eguna. kilometroak.eus webgunea erabat eguneratu da Kilometroak Eguneko xehetasun guzti-guztiak esku-eskura izateko. Anima itzazue zuen ingurukoak ere urriaren 1eko festa ederraz gozatzera!


ETAPA ARTEKOAK


DBH | Ikastolara oinez, Autorik Gabeko Nazioarteko Egunean

Gaur, irailak 22, Autorik Gabeko Nazioarteko Eguna denez, eta Orereta Ikastolaren izaera berdea kontuan hartuz, DBHko ikasle zein irakasleak oinez igo dira hirigunetik Ikastolara; eta hala jaitsiko dira bueltan ere.

Hiru irteera gune izan dituzte goizean: Esmalteria plaza, Zumardiako kioskoa eta Fanderia. Ikasle bakoitza gertuen zuen gunera joan da (Berakoak erdigunean jaitsi dira autobusetik) eta irakasleen laguntzaz, taldean, Ikastolara igo dira. Añabitarte inguruan bizi diren ikasleak bidean batu dira taldera. Eskolak amaitzean, beherako bidea ere jangelako erabiltzaileek ez beste guztiek elkarrekin egingo dute.

Denen artean, eta sinbolikoki bada ere, irailaren 22an DBHko eremua autorik eta autobusik gabeko gunea izatea lortuko dute. Bejondeizuela!


BESTELAKOAK


Ipar Euskal Herrian haurtzaindegi euskaldunak izateko diru-bilketa kanpaina

Ipar Euskal Herrian euskaraz ari diren haurtzaindegiak ez dira % 5 ere. Egoera hori izanik, lehen haurtzaroan murgiltzea garatzea xede duen Konkolotx elkarteak haurtzaindegi euskaldunak izateko diru-bilketa jarri du martxan; gaur gaurkoz, erakunde publikoek ez dutelako laguntzen. 10.000€ lortzea da helburua. Hala nahi izanez gero, kanpainaren gaineko xehetasun gehiago eta ekarpena egiteko aukera hemen topatuko duzue.

Berria egunkariaren Mantangorri gehigarria, orain sarean ere eskuragarri

Berria egunkariaren Mantangorri gehigarria sareratu da aste honetan. Orain arte larunbatero paperean argitaratu izan diren eduki guztiak eskuragarri dira www.berria.eus/mantangorri webgunean; ipuinak, bideo formatuan ere bai. Irrien Lagunak taldekoek proposatzen dituzten eskulanak, esperimentuak eta bitxikeriak ere badira; eta beste hamaika gauza.