HIZKUNTZAK

HH Asteko Oharrak (23.09.15)


ETAPA MAILAKOAK


Datorren asteko astearteko orduak

Ikasturteko lehen egun hauetan, mailakako lanak prestatzeko denborarik gabe ibili garenez, datorren astearteko ordu osagarriak norbere lanetarako utziko ditugu.


IKASTOLA MAILAKOAK


ZOZKETA: ZINEMALDIRAKO BI SARRERA

Ikastola Berrialaguna denez, eta horrek ematen dituen aukerei esker, datorren astean hasiko den Zinemaldirako sarrera bikoitz bat tokatu zaigu zozketa batean. K1 aretoan proiektatzen diren Sail Ofizialeko saioetarako (galak izan ezik) da sarrera; filma eta emanaldia aukeran, libre dauden eserlekuen arabera.

Sarrera bikoitza zozkatu egingo dugu langile atariko hala dagokion inprimakia betetzen dutenen artean. Irailaren 20a da formularioa betetzeko azken eguna.

KILOMETROAK 23

Kilometroak Eguna (urriak 1): zatoz laguntzera!

Urriaren 1ean izango da 2023an hilabetez hilabete ondu eta gauzatu dugun Kilometroak Urtea biribilduko duen jai handia: Kilometroak Eguna. Eta boluntarioak behar ditugu hitzordua bikaina izan dadin. Behar zaitugu, behar zaituztegu; esku guztiak izango dira ongi etorriak.

Langile atarian duzue izena emateko aukera; egizue! Gunez gune daude zeregin guztiak xehatuta, baita zenbat boluntario behar den lan bakoitzerako ere. Zatoz elkarlanean aritzera eta gozatzera! Elkarrekin eta elkarrentzako! Eskerrik asko, aldez aurretik!

* Oharra: aurretik, kanpaina hau martxan jarri aurretik, izena emanda baduzu, ez duzu formularioa bete behar, zure izena jada sartuta dago plangintzan. Antolakuntzako norbait jarriko da zurekin harremanetan xehetasunen berri emateko.

Kalean da Kilometroak Eguneko egitaraua!

Argitaratu berri da Kilometroak 23 aldizkariaren 2. alea, 36. orrialdeko gehigarria. Langile atarian duzue irakurgai.

Kilometroak Urteak emandakoaren errepasoa topatuko duzue aldizkarian, baita elkarrizketak eta artikuluak ere, besteak beste, denda ibiltariaz eta ikasleek Kilometroak jaiari buruz duten uste eta nahiaz.

Eta nola ez, Kilometroak Eguneko egitaraua, guneen azalpena eta urriaren 1erako antolatutako ekimen guztien xehetasunak ere aldizkarian topatuko dituzue. Karga-karga eginda dator. On egin!

Atlantikaldia: “Erriotik herri” erakusketa eta “Errioartea” tailerra

Igandera bitartean, herria zipriztinduko duen Atlantikaldia jaialdian Kilometroak 23k eta “Erriola”k tartea izango dute, Ikastolak antolatutako bi ekintzaren bitartez. “Erriotik herri” arte erakusketan eta “Errioartea” tailerrean, Kilometroak 23ren “Erriola” leloak iradokitako artelanak ikusteko eta sortzeko aukera izango da. Erakusketako artelanak iaz LH 6. mailan zeuden ikasleek egin zituzten. Xehetasun gehiago, langile atarian (albisteen atalean).

Atlantikaldian egongo gara, eta egin zaiguzu bisita!

Irailak 21 eta urriak 5: euskahalduntze tailerrak, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearekin elkarlanean

Kilometroak 23ren testuinguruan, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearekin elkarlanean, euskara ahalduntze tailerrak antolatu ditugu. Euskal hiztunei zuzendutako bi saio izango dira, eta euskara

gehiago eta erosoago egiten laguntzea izango dute helburu. Langile atarian dituzue xehetasun gehiago eta izena emateko aukera.

Ikasle ohien bazkaria 2023: irailaren 23an, Añabitarten

2017ko esperientzia eta oroitzapen atseginak gogoan, Ikastolaren 60. urteurrena eta Kilometroak urtea ere aitzakia hartuta, Orereta Ikastolako ikasle ohien bazkaria egingo da 2023ko irailaren 23an Añabitarten. Tiketak salgai dira jada (irailaren 18an amaitzen da horretarako epea) eta eguna ere ari da itxura hartzen. Langile atarian topatuko dituzue xehetasunak eta sarrerak erosteko aukera.

Lagun zaharrak berriz ikusi, Ikastola garaiko istorioak gogoratu, Añabitarteko txokoetan barrena ibili (eta galdu), ederki bazkaldu, dantza egin eta kantatu… Apuntatu hitzordua agendan, anima zaitez!


BESTELAKOAK


“Hezkuntzak euskara gehiago behar du” sinadura kanpaina

Euskalgintzaren Kontseiluak sinadura kanpaina abiatu du “Hezkuntzak euskara gehiago behar du” lelopean, Eusko Legebiltzarrean eztabaidaren azken fasean sartu den Hezkuntza Legeari begira.

Sinadura kanpainaren bidez Eusko Legebiltzarreko kideei EAEko Hezkuntza Lege berriak honako hiru puntuak berariaz jaso ditzala eskatu nahi zaie:

Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.

Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.

Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Sinadura bilketa 2023ko irailaren 12tik urriaren 15era egingo da, eta 16 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek babestu ahal izango dute.

Ikastolen Elkarteak bat egin du kanpainarekin eta Orereta Ikastolatik ere bultzatu nahi dugu langileen, familien zein ikaslerik zaharrenen artean. Hala nahi izanez gero, langile atarian duzue kanpainaren gaineko informazioa xeheagoa eta sinatzeko aukera.

PRIMERAN: euskarazko eta euskal edukien doako streaming plataforma berria

Gaurtik, irailaren 15etik, martxan da PRIMERAN: euskaraz eta euskal edukien doako streaming plataforma berria. primeran.eus webgunean, SmartTV ezagunenetan eta Google Play eta iOS gailuetako store-etan dago eskuragarri.

Ia eduki guztiak euskaraz edo euskal azpidatziekin daude, eta 3.000 atal baino gehiago izango dira bertan ikusgai. Besteak beste, euskal produkzioko eta nazioarteko telesailak, zinea, dokumentalak, kirolak, sukaldaritza, musika eta haurrentzako edukiak, baita PRIMERAN plataformarako sortutako eduki esklusiboak ere.

Euskal edukiak bermatu eta denentzat eskuragarri jarriko dituen plataforma digital berria da. Euskara eta euskal edukiak zabaltzeko filosofiarekin jaio da, mundura zabalik dagoen euskal leiho digital berria izateko helburuarekin.

Saltsan aritzera gonbidatzen zaituztegu, hortxe astebururako plana. On egin!