HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (23.06.29)


IKASTOLA MAILAKOAK


2023-24 ikasturteko behin betiko lan-egutegia

Langile atarian dituzue (gainaldean ezkerrean dauden ikonoetan) datorren ikasturteko behin betiko eskola-egutegia eta lan-egutegia.

2023-24 ikasturtea: ikas-ereduez, itundutako ikasgela kopuruaz eta baliabideen behin-behineko plangintzaz

IKAS-EREDUAK

2023-24 ikasturtean, Ikastolako ikasgela eta ikasle guztiak D ereduan egongo dira. Badugu behin betiko baieztapena.

ITUNDUTAKO IKASGELA KOPURUA

2023-24 ikasturtean itunduta izango dugun gela kopurua ondorengoa da:

  • HH2-3| 3 ikasgela
  • HH4-5| 4 ikasgela
  • LH-DBH| 4 ikasgela ikasmaila bakoitzean

HH4n eta LH 1. mailan, itunduta lau unitate izan arren, hiru ikasgela izango ditugu. Dakizuenez, Ikastolak ikasgelak galduko ditu hurrengo ikasturteetan; eta ereduen aferak eta horri lotuta hartutako azken erabakiek azeleratu egingo dute prozesu hori. Egoera hori izanik, neurriak oraindik bertatik hartzen hastea lehenesten da eta horren ondorio dira HH4ko eta LH 1. mailako gela galerak. Bi maila horietan 4 ikasgela itunduta izateak dakartzan baliabide gehigarriak orain arte aurrera eraman ezin izan ditugun hainbat proiektu (Linoko egokitzapen-obren jarraipena, HH2ko ikasgeletako 4. erreferentea, HHko PTa, Bidaide programa, DBHko berrikuntza erreferenteen errefortzua, materialgintza…)  hauspotzeko erabiliko dira.

BALIABIDEEN BEHIN-BEHINEKO PLANGINTZA

Itunen eta langile osagarrien ofiziozko proposamena jaso genuen orain aste batzuk. Uko egin zitzaion proposamen hari ereduen aferako aldaketak aintzat hartzen ez zituelako eta, bereziki, DBHko baliabideen esleipenean dagokigunaren oso azpitik geundela iritzita.

Segidan duzue aste honetan jaso dugun Hezkuntza Sailaren behin-behineko proposamena. Behin-behinekoa da eta hala hartu, mesedez. DBHko baliabideen esleipenean ez dago aldaketarik eta alegazioa aurkeztuko du Ikastolak. Irailean emango dizuegu behin betiko proposamenaren berri.

  • LH | PT lanaldi eta erdi
  • DBHko 1. zikloa | HBSP lanaldi bat
  • HLE 3 lanaldi
  • DBH | PT lanaldi erdia (alegazioa aurkeztuko da)
  • DBH 2. Zikloa | Curriculum Anitzeko bi gela

DBH: zuzendaritza-taldean, erreleboa

Irati Muxikaren lau urteko zuzendari-etapa aurtengo ikasturtearekin batera amaituko da. Pertsonen kudeaketako arduradunak lagundu duen trantsizio-prozesu baten ostean, Olatz Mimendiak hartuko dio testigua. Zuzendaritza-taldeko beste bi kideek, Jon Iriondok eta Ane Badiolak, beste urtebetez jarraituko dute taldean. Eskerrik asko, Irati, egindako lanagatik!

Artezkaritza Kontseilua: ekaineko bileraren deskargua

Atzo, ekainaren 28an, izan genuen Artezkaritza Kontseiluaren hil honetako bilera. Langile atarian duzue laburpena. Pasa den astean esan bezala, gainaldean ezkerraldean dauden ikono-zerrendara “organoetako aktak” botoia gehitu dugu hala nahi denean organoetako bileren deskargu guztiak eskura izateko.

Kilometroak 23: hainbat aipamen

TANTA ZOZKETA-TXARTELA: LANKIDE BATEK SALDU DU BILLETE SARITUA!

Pasa den larunbatean, ekainaren 24an, egin zen Tanta txartelen zozketa. 50.258 izan da zenbaki saritua. Ikastolako lankide batek saldu zuen eta sariduna horren jakitun da. Orain, hilabeteko epea du 60.000 euroak jasotzeko. Kilometroak 23ren antolatzaile izanik, aurten ahalegin berezia egin dugu Tanta zozketa-txartelak saltzen eta hara: etxean geratu da saria ere!

Zorionak 60.000 euroen irabazleari eta eskerrik asko txartelak salduz eta zozketan parte hartuz Euskal Herri osoko Ikastolon jaiak eta mugimendua, guztiona den eta izan nahi duen hezkuntza eredu herritarra, babestu eta lagundu izanagatik!

ERRIOLA GUNEA: EGITARAUA

Azken asteetan bizpahiru aldiz aipatu gisan, aurtengo Madalenetako Orereta Ikastolaren gunea berrikuntza ugarirekin dator. Lehenengoa, izena bera: Erriola Gunea. Guneari indarra emateko asmoz, gastronomiaz gain, kultur eskaintza zabala ere izango da bertan. Lantaldeak badu (ia) behin-betikoa den egitaraua, langile atarian duzue ikusgai. Oraindik ez da publiko egin eta, arren, diskrezioz jokatzea eskatzen dizuegu.

Gogoratu jende gehiagoren laguntza ezinbestekoa izango dela Erriola Gunean. Parte hartu eta txandaren bat egiteko prest bazaude, bete langile atariko galdetegia.

IKASLE OHIEN BAZKARIA

Irailaren 23an Orereta Ikastolako ikasle ohien bazkaria egingo da Añabitarten. Oraindik ez dugu xehetasunik, baina hala nahi duzuenek, apuntatu hitzordua agendan.


ETAPA ARTEKOAK


HH | Yayoi Kusama, gela bete koloretako gometsa

Yayoi Kusama artista japoniarraren artelan batetik abiatuta, HHko ikasle guztiek elkarlanean beren artelan propioa sortu dute HH2ko esperimentazio gela gela zuri bihurtuta. Langile atarian (albisteen atalean duzue) duzue irakurgai, ikusgai eta gozagai hilabeteko lana biltzen duen kronika.

 

ESKERRIK ASKO AURTENGOAN ERE EGINDAKO LANAGATIK! DESKANTSATU ETA GOZATU MEREZITAKO OPORREZ!

UDA ON; DENEI!