HIZKUNTZAK

HH Asteko Oharrak (23.05.26)


IKASTOLA MAILAKOAK


Autoebaluazioa: galdetegia betetzeko epea

Gogoratu autoebaluazio-inprimakia betetzeko epea maiatzaren 31n bukatuko dela. Langile denek bete behar dugu. Langile atarian duzue inprimakia; goialdean ezkerrean, karpeta eta arkatza azaltzen diren botoi borobilean.

Autoebaluazioaren helburua etengabeko hobekuntza da, eta beraz, langilearen garapena sustatzea. Horrez gain, hurrengo ikasturterako prestakuntza planaren oinarria ere izango da.

Ikastola Eguna 2023: egitaraua

Ekainaren 3an ospatuko dugun Ikastola Egunaren egitaraua ondu du festa antolatzen ari den lantaldeak. Langile atarian duzue ikusgai egitaraua, baita egunean bertan boluntario lanetan aritzeko izena emateko inprimakia eta Erriola ikuskizunean parte hartzekoa ere.

Ikastola Eguna antolatzen ari den lantaldeak ondorengo oharren berri eman digu:

  • Norberak bere edalontzia. Pasa den astean aurreratu bezala, iaz egin gisan, norberak bere edalontzia ekartzea gomendatzen da. Salgai ere egongo dira 1€ren truke. Baserrian edaria erosteko aukera egongo da.
  • Añabitarte, zaindu behar dugun inguru paregabea. Gure inguru paregabea ahalik eta garbien eta ondoen zaintzea guztion ardura izango da.
  • Garraio-zerbitzua eta Tknika-ko aparkalekua: Ohi bezala, Ikastolak garraio-zerbitzua jarriko du Añabitartera igo eta bueltan herrira jaisteko, eta hori erabiltzeko gomendioa egiten du. Hainbatek kotxez igotzeko asmoa izango duzue. Hala bada, jakizue Ikastolaren inguruan eta Tknika-ko aparkalekuan (18:00ak arte) autoa uzteko aukera egongo dela.
  • Euria egingo balu, aldaketak egon daitezke egitarauan.

ETAPA ARTEKOAK


LH6 | Plastika gelatik herriko jaietako kartel lehiaketara

Plastikako gelatik herriko jaietako kartel lehiaketara. Bide horixe egin dute LH 6. mailako ikasleen lanek. Nola? “Madalenetako kartelen” proiektua landu dute plastika gaian. Urtarrilean ekin zioten lanari eta, orain, udaletxeak antolatzen duen herriko jaien kartel lehiaketara aurkeztutako lanen artetik aukeratutako berrogeita hamar kartelen artean daude Ikastolako hamahiru ikaslerenak, Xenpelar etxean ikusgai den erakusketan. Hortik aterako dira 2023ko Madalenetako kartelak (kategoria orokorrean eta haurrenean); baita herritarren saria jasoko duena ere, herritarrek beraiek emandako botoekin hautatuko dena.

Xenpelar Etxeko erakusketa ekainaren 3ra arte egongo da zabalik hala nahi duen herritar orok bisita dezan. Gustu baduzue, hortxe proposamena: ikusi lanak eta eman botoa gehien atsegin duzuenari! Zorterik onena opa diegu Ikastolako ikasleen lanei!

Ezagutu LH6ko ikasleen Madalenetako kartelen lan-prozesuaren nondik norakoak langile atarian (albisteen sailean).


BESTELAKOAK


EHIk jaso du 2023ko Ibilbideari Elkar Saria

Atzo banatu ziren Elkar argitaletxearen Adunako egoitza nagusian 2023ko Elkar Sariak. Eusko Ikaskuntzak (Proiektuari Saria) eta Ikastolen Elkarteak (Ibilbideari Saria) jaso dituzte aurtengo sariak.

Ibilbidea Sariarekin, Elkar fundazioak Ikastolek egindako bide luzeari eta Euskal Herria euskalduntzeko bidean burututako ekarpen handiari egin nahi izan die aitortza. Irakurri hemen albistea.