HIZKUNTZAK

HH Asteko Oharrak (23.03.24)


IKASTOLA MAILAKOAK


Prestakuntza: eskaintza berria

Lehendik daudenez gain, “Komunikazioa, hizkuntza eta jolasa ikasgelan TEA duten haurrekin” online ikastaro berriaren berri topatuko duzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).

Zubiak Eraikiz: bertso saioa Biriatuko Ikastolaren alde

Zubiak Eraikiz egitasmoan bidelagun dugun Biriatuko Ikastolaren aldeko bertso saioa izango da martxoaren 26an 17:00etan, Biriatun bertan. Oihana Iguaran, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Maialen Arzallus eta Aimar Karrika ariko dira kantari. Sarrerak (12€; haurrak, debalde) bertsosaiobiriatu22@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo 688 769 907 / 657 735 290 telefono-zenbakietara deituta erosi behar dira.


ETAPA ARTEKOAK


Juneren Hegoak elkartearen aldeko azoka solidarioa, LH 6. mailako ikasleen eskutik

LH 6. mailako ikasleek Juneren Hegoak elkartearen aldeko merkatu solidarioa antolatu dute martxoaren 27an. 10:00etatik 13:00etara, Zumardian, Xabier Olaskoaga plazan eta Niessengo udal merkatuan egongo dira 2. eskuko eta eskuz egindako gauzak saltzen.

Juneren Hegoak elkartearen aldeko merkatu solidarioa diziplina arteko proiektu baten fruitua da. Ingurunea arloan, gobernuz kanpoko erakundeak lantzen aritu dira: zer diren, zer egiten duten… Herrian gisa horretako erakunderik ba ote den bilatzen hastean egin dute topo Juneren Hegoak-ekin, eta antolatu dute merkatu solidarioa ingurunea ez beste hainbat arlotako edukiak nahiz lanketak txertatuz eta antolaketarako ikasgela arteko hainbat lan-batzorde osatuz.


BESTELAKOAK


Errigora: udaberriko kanpaina azken txanpan da!

Udaberriko Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina sartu da azken astean, martxoaren 29an amaituko da. Eta aproposa iruditu zaigu Ikastolako langileei ekimena gogoratzea.
Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak eska daitezke; auzolanari esker, norbere herrian euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Olioa bidoietan banatzen da, eta arroza, pasta, lekaleak eta kontserbak 12 ontziko sortetan, proposamena urte osorako beste eskatzea baita.
Eskaerak www.errigora.eus webgunetik egin daitezke. Eskaera horrela eginez gero, Ikastolan bertan jaso ahal izango duzue eskatutakoa.

Informazio gehiago www.errigora.eus webgunean topatuko duzue.

Anima zaitezte kanpainan parte hartzera eta zuen ekarpena egitera!

EHIko zuzendaritzaren berritze prozesua

Zuzendaitza-taldea berritzeko prozesua martxan da EHIn. Momentuz, kontuaz arduratzen ari den batzordea (Artezkaritza Kontseiluko zazpi kidek eta zuzendaritza-taldeko lau ordezkarik osatua) egungo zuzendaritza-taldearekin harremanetan dago, etorkizuneko profilen gaineko gogoeta egiten ari da eta zuzendarigaiak identifikatzen dabil. Prozesua aurrera joan ahala, emango dizuegu haren berri.

Hainbat artikulu interesgarri