HIZKUNTZAK

HH Asteko Oharrak (23.03.17)


IKASTOLA MAILAKOAK


Berritasunak NextCloud-en

Bi berritasun nagusi egin dira azken egun hauetan NextCloud-en: “zereginak” izeneko funtzionalitate berria gehitu da eta OIKSko prozesuen ataleko karpeten antolaketa egokitu da.

“Zereginak” funtzionalitate berria NextCloud-eko hasierako orrialdean topatuko duzue, goian ezkerraldean. Haren bitartez, zereginen eta azpi-zereginen zerrendak osatu eta antola daitezke, baita horiek partekatu ere.

OIKSko prozesuen karpeten antolaketa egokitu da, lehengoa hobetzeko asmoz. Karpeta gutxiago topatuko dituzue lehen mailan, multzokatu egin baitira.

Aldaketak LHko zuzendaritza-taldean

“Gure” Anjelmari Elkanok erretiroa hartu du eta Onintza Zabala jardungo da hemendik aurrera zuzendari-lanetan. Eskerrik asko, Anjel!

Oiartzo: aurrematrikulazioa 23-24

2023-24 ikasturtean batxilergo-ikasketak egiteko aurrematrikulazio-epea martxoaren 27tik apirilaren 21era artekoa izango da. Kanpaina bere horretan martxan jarri aurretik, jada Oiartzoko lankideak Haurtzaro eta Oreretan izanak dira, bateko zein besteko DBH 4. mailako ikasleek Oiartzo bisitatu dute eta ate irekien saioa atzo egin zen. Aurreikuspena 2023-24 ikasturtean, 1. mailan, hiru lerro izatea da. Egun, lau lerro daude bi mailetan.

Basoen Nazioarteko Eguna: Añabitarteko baso-eskola auzolanean garbitzeko gonbita

Basoen Nazioarteko Eguna da martxoaren 21a. Horri lotuta, baso-eskolako lantaldeak Añabitarteko gunea auzolanean garbitzeko goiz-pasa antolatu du. Martxoaren 19an izango da, 11:00etatik 13:00etara. Arropa eta oinetako egokiak ekartzea komeni da, baita hondakinak biltzeko eskularruak ere. Bukatzean, indarrak berreskuratzeko, mokadutxoa Ikastolaren kontura.

Familiak ari dira animatzen. Zuek ere parte hartu nahi izango bazenute, eman izena langile-atarian topatuko duzuen inprimakia betez.

Esmalteriako Ostiralak: sukaldaritza-tailerra Añabitarteko sukaldean

Datorren martxoaren 31n, ostirala, sukaldaritza tailerra antolatu du Ikastolak hiru eta bost urte arteko haurrak dituzten familientzako. Añabitarteko sukaldean izango da, 17:15etik aurrera. Joateko asmoa izanez gero, bete langile-atariko inprimakia.

Ikastolako Udalekuak 2023

Urtero legez, Ikastolak aurten ere antolatuko ditu Udalekuak. Ekainaren 26tik uztailaren 21era izango dira, 2 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoentzako (HH2-LH6). Maiatzaren 10era arteko epea dago izena emateko. Langile-atarian topatuko dituzue xehetasun gehiago eta izena emateko aukera.


ETAPA ARTEKOAK


Ikastola kardiobabestua: DBH 4. mailako ikasleak Berako Labiaga Ikastolan

Gure pertsona ereduarekin bat eginez, “osasun orekaren zaintzaile” izateko hezten ditugu ikasleak. Horren erakusgarri da atzo DBH 4. mailako hainbat ikaslek Berako Labiaga ikastolara egin zuten bisita. Bertako ikasleei kardiobabesari buruzko saioa eta azalpena eskaini zieten. Bejondeiela, lan ona egin baitzuten. Bide batez, eskerrak eman ikasleak horretarako prestatzen dituen kirol mintegiko kideei ere.

DBH 3. mailako Julene Bernal Irastorza, Asun Casasola narrazio-lehiaketan saritua

DBH 3. mailako Julene Bernalek irabazi du Asun Casasola narrazio-lehiaketaren gazte mailako euskarazko aurtengo saria; orain dela 7 urte hasi zen ipuin labur-lehiaketa euskarazko eta gaztelaniazko sariak banatzen. Aurten 350 lan baino gehiago jaso dituzte, bai Euskal Herritik, baita munduko hainbat lekutatik ere.

“Edur naiz” (irakurri langile atarian, albisteen atalean) du izena Julenek idatzitako ipuinak eta lehiaketaren oinarriei jarraituz, mutilek edo gizonek indarkeria matxistaren aurrean zer egin beharko dutenaren inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu. Zorionak, Julene!


BESTELAKOAK


Saharako errefuxiatuak: janari-bilketagatiko eskertza eta “Uda bateko besarkada” kanpaina

Urtarrilean Saharako errefuxiatu kanpamentuetarako janari eta baliabide bilketa egin genuen Ikastolan. Kanpaina antolatzen duen elkartetik esker-mezua jaso dugu eta hala helarazi nahi dizuegu ekimenean parte hartu zenuten denei.

“Oporrak bakean” haur errefuxiatu sahararren udako harrera programa da. “Uda bateko besarkada” kanpaina jarri dute abian harrera familiak lortzeko. Interesik izanez gero, www.oporrakbakean.eus webgunean topatuko dituzue xehetasun gehiago. 

Hainbat artikulu interesgarri