HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (22.11.18)

 


Etapa mailakoak


Gabonetako saskia

Klaustroan esan bezala, aurten ere San Tomas egunean saski eder baten zozketa egingo dugu. 5€ jarriko ditugu (Esmalterian Leire Saldiasek jasoko ditu eta Linon nik).


Ikastola mailakoak


Prestakuntza: ikastaro berriak

Enpatiari eta autismoari buruzko bi ikastaroren berri izan dugu. Interesik izanez gero, langile atarian topatuko dituzue xehetasunak.

Hezkuntza Legea: egoeraren nondik norakoez, eta Ikastolen irakurketaz eta asmoez

Pasa den astean aurreratu bezala, asteazkenean (azaroren 16an) izan genuen Ikastolen Elkarteak antolatutako “gure” eskualdekako bilera.

Pasa den apirilaren 7an Legebiltzarrean gehiengo zabalez adostu zen Hezkuntza Lege berrirako akordioa eta orain, udazkenean, Hezkuntza Sailak aurkeztu duen Legearen aurreproiektua (apirileko akordioa oinarri izan behar duena) ez datoz bat: galerak izan dira bidean; eta zehaztasun falta ere bai garatu eta definitu behar diren hainbat puntutan. Ikastolok akordioa ontzat eman genuen; Legearen aurreproiektua, ez.

Aste honetan amaituko diren eskualdekako bilerak; besteak beste, hausnarketarako eta ekarpenak jasotzeko izaten ari dira. Hortik abiatuta, posizioa hartu eta ekintzarako garaia helduko da. Bide horretan hurrengo pausoa azaroaren 22an, asteartea, egingo den prentsa agerraldia izango da. EHIk egingo duen bideaz gain, Ikastola bakoitzari gure eskualdean eta inguruan eragiteko eta kokatzeko eskaera ere egin zitzaigun asteazkeneko bilkuran.

Horretaz guztiaz (atzo jakin berri dugu Podemos-IUk apirileko akordioa hautsitzat eman duela) eta egoeraren nondik norako orokorrez zein eskualdekoez aritzeko, bilera baterako deia egingo dizuegu laster. Ikastolako zuzendaritza-taldearen hurrengo bileran adostuko dira langileen bilkura horren nondik norakoak, eta ostean emango dizuegu deialdiaren berri.

Eguberri bezperako kalejira: musikarien taldean parte hartzeko gonbita

Ohiturari jarraiki, aurten ere aterako gara herriko kaleetara gabon-kantak abestera Eguberri bezperan. Musikariak (trikitilariak eta txarangilla) izaten ditugu lagun egun horretan eta talde-eragiletik Ikastolako komunitate guztiari (ikasle, guraso, aitona-amona, langile…) egin nahi diote bertan parte hartzeko gonbita, Ikastolaren 60. urteurrenak eta Kilometroak 23k aukera ederra eskaintzen baitute horretarako.

Horiek horrela, zuek edota zuen inguruko norbaitek musika-tresna bat jotzen baduzue eta trikitilarien taldean edo txarangillan parte hartu nahi izango bazenute, bete, mesedez, inprimaki hau. Azaroaren 27a da horretarako azken eguna.

Jakin, txarangillaren taldeak abenduaren 3an, 12:00etan, entsegua egingo duela Ereintzaren egoitzan (Juan de Olazabal, 23 behea). Joko diren kantuak Agur Zuberoa, Atiarno, Errenteriako diana, Euskaldunak gara, Ikusi Mendizaleak eta Segurako alborada izango dira. Kantu horiek instrumentu ezberdinentzako partiturak dituzte. Izena ematen dutenei hala dagokien partitura helaraziko zaie (inprimakian adierazten duten instrumentuaren partitura, hain justu).

Errigora, Hendaiako Eguberriko txokolatezko egutegia eta Kaskaroteneako garagardoa

  • Errigora: datorren astelehenean (azaroak 21) iritsiko dira kutxak Ikastolara. Eskaera egin eta Ikastolan jaso nahi duzuela esan duzuenek hurrengo astean jaso ahal izango duzue hala dagokizuen ikas-etapan/sailean.
  • Hendaiako Eguberriko txokolatezko egutegia: heldu dira Ikastolara egutegiak. Datorren astean jaso ahal izango dituzue hala dagokizuen ikas-etapan/sailean. Jasotzean ordaindu beharko dira eskudirutan (10€/egutegia).
  • Ziburuko Kaskarotenea Ikastolako garagardoa: Zubiak Eraikiz egitasmoan bidaide dugun Ziburuko Kaskarotenea Ikastolak sei eta hamabi garagardo-botilako kutxak prestatu ditu Ikastola bera laguntzeko eta bertako garagardo-egileak ezagutzera emateko. Eskaerak: garagardo.kaska@gmail.com

Ikastola prentsan: Mari Domingiren Errepublika Magikoa

Herribizia | Oarso Bidasoko Hitza | DV | Radio Euskadi


Bestelakoak