HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (22.11.11)

 


Etapa mailakoak


Klaustroa: azaroak 15

Datorren asteartean klaustroa egingo dugu, astelehenean gai ordena betiko lekuan izango duzue.


Ikastola mailakoak


Hezkuntza Legea: Ikastolen eskualdekako bilerak

Ikastolen Elkarteak eskualdekako bilerak antolatu ditu Bihar prozesuan urratsak emateko: Ikastolen Endekalogoa Hezkuntza Lege berriarekin nola uztartzen denaz hausnartzeko, onartu berri den Ikasleen Onarpen Dekretua aztertzeko, eta bizi dugun egoeran Ikastolen mugimenduak zein jarrera eta posizio hartu behar duenaz jarduteko.

Gure eskualdeko Ikastolak azaroaren 16an Orioko Ikastolan (18:00etan) egingo den bilerara deitu gaituzte. Gure Ikastolako Artezkaritzako kideak, zuzendaritza taldeetakoak, Enpresa Batzordekoak eta guraso ordezkariak joango dira bilerara. Hitzordu garrantzitsua da eta hala nahi duen langile oro ere gonbidatu nahi dugu bertara.

Azaroaren 16ko bilkura pasata, Ikastolako langileei afera guztiaren deskargua noiz eta nola egin erabakiko da.

Kilometroak 23 – aurkezpen ekitaldia: eskerrik asko!

Kilometroak 23ren aurkezpen ekitaldia pasa berritan, gure eskerrik beroena eman nahi dizuegu pasa den ostiraleko festa posible egin zenuten denei; modu batera edo bestera jaian parte hartuz, zuen hondar aletxoa jarri zenuten guztiei. Gustu izanez gero, langile atarian ekitaldiaren kronika duzue, bideo eta argazki galeria batekin.

Mari Domingiren Errepublika Magikoa: azaroaren 19tik abenduaren 18ra, asteburuetan

Askok jakingo duzuenez, Ikastolak Mari Domingirengana bisitan etortzeko aukera eskaini du Baserrian azken bi ikasturteetan, 2020ko eta 2021eko Eguberri garaian.

Aurten, ekimenak harrera ona izan duela jakinik eta egungo jendartearen zein Ikastola izaeraren hainbat ezaugarri nahiz balorerekin bat datorrela ikusita, proiektuari gorputz eta mami handiagoa emateko apustua egin du Ikastolak.

Mari Domingiren Errepublika Magikoa Euskal Herriko betiko tradizioak eta egungo jendartearen izaera, desio nahiz erronkak uztartzen dituen esperientzia magikoa izango da. Añabitarte Baserria Mari Domingiren etxe bihurtuko da eta haren inguruko zelaiguneak magiaz, iratxoz eta sendabelarrez beteko dira.

Aurrez hitzordua hartu eta sarrera erosi beharko da bisitan etortzeko. Langile atarian edota www.maridomingi.eus webgunean duzue informazio xeheagoa eta sarrerak erosteko aukera. Animatu zuen ingurukoak ere bisitan etortzera!

Euskaraldia: txapak

Azaroaren 18an, ostiralean, hasiko da Euskaraldia. Astelehenetik aurrera, Ikastolako arigunean izena eman duzuenok txapa jasotzeko aukera izango duzue etapetako zuzendaritzetan edo hala dagokizuen arduradunari (zerbitzuak eta eskolaz kanpokoak) eskatuta.

Aisialdiko begirale titulu homologatua, Oiartzoren eskutik

Oiartzo Ikastolak haur eta gazteen aisialdirako jardueren dinamizatzaile titulua ateratzeko aukera eskainiko du. Urtarrilean ekingo zaio ikastaroari eta bi ikasturteko iraupena izango du. Azaroaren 18ra arteko epea dago izena emateko. Xehetasun gehiago eta izena emateko aukera, hemen.

Zubiak Eraikiz: Seaskako egutegia eta Xiberoko Ikastolen aldeko otarreak

Ikastolak Euskal Herri osoko eragile izanik eta Orereta Ikastolak hareman zuzena izanik Ipar Euskal Herriko hainbat Ikastolarekin Zubiak Eraikiz egitasmoari esker, ekimen hauek aintzat hartzera eta haien alde zuen hondar aletxoa jartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Seaskako egutegiak 4€ balio ditu eta Ikastolako bulegoetan eska dezakezue. Xiberoko Ikastolen aldeko saskien gaineko xehetasunak eta eskaera egiteko aukera www.ikastola.eus webgunean duzue.

Ikastola prentsan: Kilometroak 23 – aurkezpen ekitaldia

Herribizia | Oarso Bidasoko Hitza | Berria | Noticias de Gipuzkoa | Diario Vasco | ETB-Teleberri (azken minutuan)


Bestelakoak


III. “Ikastolak Herriari” jaialdia

Ikastolak Herriari” jaialdiaren hirugarren ekitaldia ospatuko da Bilboko Campos Eliseos antzokian datorren azaroaren 25ean, 19:00etan. Iruñeko Jaso Ikastolaren “Sutan” musikala izango da aurtengo proposamena, Iruñeko bertako gazte orkestrak lagunduta. Langile atarian dituzue xehetasun gehiago eta sarrerak erosteko aukera.

Hainbat artikulu interesgarri

Hezkuntza Lege berriaren jiran idatzi diren hainbat iritzi artilulu eta elkarrizketa bat dituzue behean.