HIZKUNTZAK

Guraso Batzordea LH: 5. buletina (2021.02.03)

LHko Guraso Batzordearen 2020-2021 ikasturteko bosgarren bileran ondorengo gaiak landu dira.

Baso-eskola

GURASOENTZAKO BISITAK BERTAN BEHERA

Urtarrilaren erdialderako Ikastolako gurasoek baso-eskola ezagutzeko antolatutako bisitak bertan behera geratu ziren jende askok izena eman eta COVID-19aren eraginez nahi bezala egiteko aukerarik ez zelako izan. Bisitak udaberri aldera egitea da asmoa, familien zein Ikastolako profesionalen helburuak eta desioak betetzeko proposamena eginez.

LH4, LH5 ETA LH6KO GURASOEN ESKAERA

Ikasle guztiekin baso-eskolan programazio didaktikoak lantzea zaila dela ulertzen da, baina LH4tik LH6rako ikasleekin gutxienez saio bat antolatzea eskatzen da, basoa ezagutu eta proiektuaren parte direla sentitu dezaten.

Ikasleen Irteera Profila: gurasoen parte-hartzea definizio prozesuan

Gurasoek begi onez jaso dute ideia eta plangintza zehatzagoa izatean jarriko da martxan.

Ikastolako tarifa eta beka sistemaren gaineko hausnarketa

Ikastolako tarifak eta beka sistema berraztertzen ari da Ikastolako bideragarritasun batzordea, Artezkaritzak hala eskatuta. Aurtengo Ohiko Batzar Orokorrean proposamen bat aurkeztuko da eta, proposamen hori gurasoei ondo azaltzeko eta partekatzeko, Guraso Batzorde berezi bat deituko da Ohiko Batzar Orokorra egin baino lehen. Data eta tokia oraindik zehaztu gabe daude. Ezarri bezain pronto jakinaraziko dira.

Kilometroak 2023

2023ko Kilometroak Orereta Ikastolak antolatzeko aukera mahai gainean dago. Guraso Batzordeak gaia azter daitekeela uste du. Lan handia ekarriko lukeen arren, animoz hartu da ideia. Festa eredu berria ari denez sortzen, horretarako beharrezkoa izango den sormena aipatu da bereziki.

Teknologia berriak eta sare sozialak: ikasle zein familientzako formazioa

Ikastolak, beharra ikusita, teknologia berrien eta sare sozialen gaineko formazio-saioak antolatuko ditu langile, ikasle zein familientzako. Gurasoek oso begi onez jaso dute asmoa.

Laburrak

Jangelako aldaketarekin (jateko hiru txanda izatetik bi txanda izatera pasatzearekin) oso gustura dago jendea eta Eskola Kirola martxan egotea ere oso onuragarria dela aipatu da. Kirolari lotuta, Urdaburu Mendizale Elkartearekin elkarlanean eskaintzen diren irteerak berriz martxan jartzeko aukerarik badagoen jakin nahi da.


Guraso Batzordea LH: 5. buletina (pdf-a)