Etapa mailakoak
Leihoen inguruan
Leihoekin ahalegin berezia egitea eskatu nahi genizueke, izan ere, tenperatura igotzen ari da eta deskuiduak ugaritzen ari zaizkigu. Gogoan izan ezin garela inolaz ere gelatik atera leihoak parez pare irekita utziz, honez gain, laugarren saiotik aurrera, saio bakoitzaren amaieran gelatik irten aurretik gelako leiho guztiak itxita uztea eskatzen dizuegu. Mila esker!
3. ebaluazioko lan osagarriak
3. ebaluazioa abiatu dugu eta aldaketarekin batera, lan osagarrien arduradunak aldatzen dira. Zerrenda irakasle-geletan duzue ikusgai.
Ebaluazio bileretan sartutako denboraren inguruan
Aste honetako ebaluazio bileretan bi egunetan bukatu arte geratu diren irakasleek bi ordu eta erdi gehiago sartu dituzte. Horretarako dugun ordu poltsatik egingo dugu deskontua.
Ekoordezkarien bilera
Hasi ginen kale-garbiketa txandak egiten, baina ekoordezkariekin adostutako ikasturte honetako ekintzekin aurrera jarraitu behar dugu. Hori dela eta, ekoordezkariekin falta zaizkigun ekintzak martxan jartzeko elkartuko gara ostegunean liburutegian 8:00etan. Beraz, zuen klasean ekoordezkariak ez dituzue edukiko egun horretan.
Bestalde, ekoordezkariek bilera deialdia jasoko duten arren, tutoretza saioan deialdia birgogoratzea eskertuko dugu.
Eskerrik asko!
Blaitu txangoa
Jakinarazi nahi dizuegu datorren ostegunean, martxoak 5, Blaitu Klubeko kideek egun osoko irteera egingo dutela Donostiara, San Telmo museoko “Badugu, badago. Euskarari buruzko ibilbidea” erakusketa ikustera. Topoz joango gara, eta beraz, 08:15ean herritik irtengo gara eta 14:00etarako leku berera itzuliko gara. Hemen duzue ikasleen zerrenda.
Eskerrik asko,
Iñaki eta Sara
Calendar-ari lotutakoak
IRAKASLEAK
- IHMO: Astelehenean, 1. blokeko saio bateratua ospatuko dugu 1-3 moduluak sakontzeko eta horietan egindako hausnarketak partekatzeko.
- Koordinazioa: Asteartean, mintegiek koordinazio saioa izango dute.
- Agifes: Asteazkenean, 1. mailako tutore eta kotutoreek egindako lanketaren deboluzioa jasoko dute.
IKASLEEKIN
- Hedatze: Astelehenean, asteartean eta asteazkenean, Hedatze akademikoa izango dugu.
- Oiartzora bisita: Astelehenean, 4. mailako ikasleek Oiartzora bisita egingo dute. Xehetasunak Calendarren daude ikusgai.
- PODCAST tailerra: Asteazkenean, 3. mailako komunikazio tailerreko ikasleek Podcast proiektuaren laugarren saioa izango dute ikastolan.
- UEK gaztea: Asteazkenean, 3. mailako ikasle ordezkariek hirugarren saioa izango dute herrian. Xehetasunak Calendarren daude ikusgai.
- Ekoordezkarien bilera: Ostegunean bilduko dira ekoordezkariak.
Ikastola mailakoak
Ikastolen Lan Hitzarmena: behin-behineko soldata-igoera
Otsailean, %2,5eko igoera aplikatuko zaie lan-kategoria guztiei oinarrizko soldatan. Antzinatasunari dagokionez, lan-kategoriaren arabera igoera egon daiteke edo ez, eta igoeraren portzentajea ere ezberdina izan daiteke (2025eko urtarriletik 2026ko urtarrilera bitarteko atzerapenak barne).
Jakin badakigu Ordainketa Eskuordetzatik, batetik, otsaileko nominan igoera aplikatuko dutela eta, bestetik, 2025eko urtarriletik 2026ko urtarrilera bitarteko atzerapenak ere otsaileko nominan bertan ordainduko dituztela.
Horiek esanda, kontuan izan ondorengoak:
- Nomina Ikastolatik jasotzen baduzu, batetik, otsaileko nomina jasoko duzu, eta, bestetik, 2025eko urtarriletik 2026ko urtarrilera bitarteko atzerapenak, nomina bakarrean edo gehiagotan (izan duzun kontratu kopuruaren arabera).
- Nomina Ikastolatik eta soldataren zati bat Ordainketa Eskuordetzatik jasotzen baduzu, otsaileko nomina eta atzerapen guztiak batera ordainduko zaizkizu. Ordainketa Eskuordetzak dena batera ordaintzen duenez eta Ikastolak, aldiz, nomina eta atzerapenak bereizi egin behar dituenez, baliteke otsaileko nomina negatiboa izatea. Hala bada, ez egin itzulketarik; Ikastola bera arduratuko da hurrengo egunetan dagokien kargua egiteaz.
Errigora: udaberriko kanpaina 2026
Udaberriko Errigoraren “Eskutik eskura egiten dugu herria” kanpaina martxan da jada.
Eskaerak egiteko epea martxoaren 18ra arte egongo da zabalik.
Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko sortutako kanpaina honetan, Nafarroa hegoaldeko honako produktuak eska daitezke: olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak, almendrak eta ardoa. Auzolanari esker, produktuak norberaren herrian jasotzen dira, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.
Banaketa honela egiten da:
- Olioa, bidoietan.
- Ardoa, sei botilako kutxetan.
- Pasta, lekaleak eta kontserbak, hamabi ontziko sortetan.
- Arroza, sei edo hamabi poltsako sortetan.
Proposamena urte osorako eskaera egitea da.
Eskaerak www.errigora.eus webgunean egin daitezke. Horrela eginez gero, eskatutakoa ikastolan bertan (Esmalteriako eraikinean) jasotzeko aukera izango duzue.
Maiatzean jarriko gara eskatzaileekin harremanetan, banaketa-eguna eta ordua zehazteko. Herrian, ikastolaz gain, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartean eta Alabergako Auzo Elkartean ere jaso ahal izango dira kutxak.
Informazio gehiago www.errigora.eus webgunean aurkituko duzue.
Errigora eta ikastolak
Errigora Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa erdialdea eta hegoaldea ditu ardatz, eta euskara ofiziala ez den eremuetan eragitea du helburu, bai euskarari dagokionez, bai bertako elikagaiei eta lehen sektoreari Euskal Herrian bidea emanez.
Ohi bezala, aurten ere saskien salmentatik lortutako diruaren %25a Agerraldia indartzera eta Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintza laguntzera bideratuko da; tartean, bertako ikastolak laguntzera.
Animatu kanpainan parte hartzera eta zuen ekarpena egitera!