ETAPA MAILAKOAK
Azaroaren 25a
Azaroaren 25aren lanketa egingo dugu egunaren 3. saioan. Uneko irakasleak bideratuko du saioa. Hemen duzue aurkezpena egiteko euskarria. Lanketa gelan bertan egingo da.
Lan-erregistroa
Gogoratu hilaren bukaeran erregistroaren fitxa zuzendaritzan dagoen artxibategian utzi behar dugula. Bakoitzaren kodea azaltzen den orrialdea topatuko duzue bertan, zuen izenaren ondoan “x” bat jartzea eta fitxa langile kodearen hurrenkeran uztea eskatzen dizuegu. Eskerrik asko!
Calendar-ari lotutakoak
IRAKASLEAK
- Ebaluazio bilerak: Astelehen eta asteartean, 14:30ean hasita eta bukatu arte, ebaluazio bilerak egingo ditugu. Hurrenkera eta dokumentazioa Calendar-en daude ikusgai.
- Lantaldeak: Asteazkenean, lantaldeek biltzeko tartea izango dute.
- EmanTIK: Ostiralean, 1. eta 2. mailako tutoreek koordinazio saioa izango dute. Xehetasunak Calendar-en daude ikusgai.
IKASLEEKIN
- Miñan: Astelehenean, 4. mailako ikasleek hitzaldia izango dute. Xehetasunak Calendar-en daude ikusgai.
- Azaroaren 25a: Asteartean, lanketa egingo dugu egunaren 3. saioan. Xehetasunak Calendar-en daude ikusgai.
- Herri kiroletako sustapen saioa: Astelehenetik ostegunera, 2. eta 4. mailako ikasleek herri kirolen sustapen saio bat egingo dute, Gipuzkoako Herri Kiroletako Federazioaren eskutik.
IKASTOLA MAILAKOAK
Komunikazio ez-bortitza: azaroko bideo-pilula
Ikastolan sor daitezkeen egoera zail eta deserosoak kudeatzen laguntzeko 3. bideo-pilula zabaldu dugu. Ikusgai dituzue orain arteko guztiak hala behar edota nahi duzuen aldiro langile atariko informazio praktikoa atalean, ongizatea eta garapena sailean.
Prestakuntza eta jardunaldiak: EHIren Jardunaldi Pedagogikoak azaroaren 26an
Datorren astean, azaroaren 26an, EHIren Jardunaldi Pedagogikoen 29. edizioa egingo da Donostiako Kursaalean. Hezkuntza inklusiboan sakonduko da. Orereta Ikastolatik Leire Saldias eta Ainhoa Albizuri (HH), Maialen Gurrutxaga eta Maddalen Iriondo (LH), eta Ane Igarzabal (DBH) joango dira.
Blaitu – Euskaraz Bizi | Ikasturteko lehen Blaitu MHLZ lehiaketa azaroaren 27tik abenduaren 3ra
Blaitu Klubak ikasturteko lehen “Blaitu MHLZ lehiaketa” antolatu du, azaroaren 27tik abenduaren 3ra. Euskararen Egunaren bueltan, ETBko Mihiluze saioan oinarrituta, familia giroan eta euskaraz momentu dibertigarri eta atsegina pasatzea da ekimenaren helburu nagusia.
Azaroaren 27tik abenduaren 2ra bitartean, “Blaitu MHLZ” jolas bat eskainiko da egunero Ikastolaren webguneko Blaitu Klubeko atarian. Jolas horiek entrenamendu saioak izango dira abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, jokatuko den lehiaketa handirako. Abenduaren 3ko lehiaketako irabazleak IrrisarriLand parkerako sarrerak eskuratuko ditu etxeko kide guztientzat. Datorren asteazkenetik aurrera, langile atarian bertan izango dituzue eskura xehetasun gehiago eta lehiaketan parte hartzeko aukera. Animatu eta parte hartu, eta anima itzazue ikasleak ere parte hartzera!
Gogoratu, irakasleon esku-hartzea oso garrantzitsua dela ikasleak euskarara hurbiltzeko ahaleginean. Saia gaitezen ikasleak motibatzen eta parte hartzera animatzen, eta egin dezagun arraun norabide berean. Familiei datorren astean emango zaie honen guztiaren berri. Eta beti bezala… blaitu mingainak eta busti euskaraz!
Pasa den maiatzean Euskaraldiari lotuta egin bezala, orain Euskararen Eguneko Hamabostaldiaren karietara, lehiaketan, Ikastolakideez gain, hala nahi duen herritar orok izango du parte hartzeko aukera.
Errrigora: udazkeneko kanpainako saskiak hemen dira
Eskaera egin eta Ikastolan jaso nahi zenutela esan zenutenek asteazkenetik (azaroak 26) aurrera jaso ahal izango dituzue saskiak hala dagokizuen ikas-etapan/sailean.
Zubiak Eraikiz: Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegiak eta Seaska egutegia hemen dira
Eskaera egin zenutenek datorren asteazkenetik (azaroak 26) aurrera jaso ahal izango dituzue egutegiak hala dagokizuen ikas-etapan/sailean. Abenduaren hasieran kontutik kobratuko dira, ez dira eskudirutan ordaindu behar jasotzean.
Ziburuko Kaskarotenea Ikastolako kirol-jertse, elastiko eta telazko poltsak beranduago iritsiko dira. Iristean abisatuko dizuegu, esango dizuegu nola egingo dugun banaketa.
Zubiak Eraikiz – eskaintza berriak: Kaskaroteneako garagardo loteak eta Biriatuko Ikastolako saskiak
Kaskarotenea Ikastolatik esan digute garagardo loteak ere egin dituztela diru pixka bat lortzeko; eta Biriatukoek, saskiak. Hala nahi izanez gero, hemen (Kaskarotenea) eta hemen (Biriatu) dituzue eskaintzen gaineko informazio xehea eta eskaera egiteko aukera. Norberak bideratuko ditu eskaerak, Ikastola ez da arduratuko kudeaketaz.
Negulekuak 2025: izena emateko epea zabalik abenduaren 9ra arte
Urte luzez Udalekuak antolatzen pilatutako esperientzia oinarri, azken urteetan Negulekuak ere antolatzen ditu Ikastolak. HH3-LH3 arteko haurrentzako izaten dira (izan Ikastolako ikasleak edo ez) eta abenduaren 22tik urtarrilaren 2ra egingo dira aurten.
Negulekuek Ikastolako proiektu hezitzaileari jarraipena ematea dute xede, bide batez, familien premiei ere erantzunez. Langile atarian duzue informazio xeheagoa.
ETAPA ARTEKOAK
LH | Kleraz idatzi dute “Azaroak 20: Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna”
Testuez eta ilustrazioez gain, musika, dantza eta antzezpena ere uztartzen dituen Klera liburuak eman die bide Lehen Hezkuntzan Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna lantzeko. Kleraz idatzi dute “Azaroak 20: Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna”. Langile atarian (albisteen atalean) topatuko dituzue egindako lanketaren xehetasunak.
BESTELAKOAK
Ikaselkar: Neguko Katalogoa 2025
Hemen da Ikaselkarren, Elkar argitaletxearen eta Ikastolen Elkartearen, 2025eko Neguko Katalogoa (“Hitz eta Jolas”). Eguberriak ate joka ditugunez, ideia eta proposamen interesgarriak topa ditzakezuelakoan gaude. Langile atarian topatuko duzue Katalogoa. Erosketa egiteko hiru modu daude: inprimaki hau bete eta Durangoko Azokako Ikastolen stand-ean jaso eskatutako (inprimakia betetzeko azken eguna azaroaren 26a da), zuzenean Durangoko Azokan egin erosketak edo Elkar dendetara jo.
Herri Urrats 2026: aurkezpena
Pasa den ostiralean aurkeztu zuten 2026ko Herri Urrats. “Geroa eraikiz” lelopean ospatuko da datorren maiatzaren 10ean. Gehiago jakiteko, irakurri aurkezpenaren albistea.
Online denda jada martxan da. Anima zaitezte kuxkuxeatzera eta zuen ekarpentxoa egitera!
“Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” manifestazio nazionala abenduaren 6an, Durangon
Euskal Herrian Euskaraz-ek “Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” manifestazio nazionala deitu du abenduaren 6an, Durangon (13:00etan, Landako Gunetik abiatuta). Ikusi hemen deialdia.
Euskal Herrian Euskaraz euskalgintzako eragile izanik eta Ikastolokin helburu askotan bat egiten duelako, Ikastolatik abenduaren 6ko manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.
Euskalgintzaren Kontseilua: “Euskaltzaleon garaia da” ekitaldia eta “Batuz Aldatu” proposamena
Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten gizarte-erakundeen (tartean, Ikastolak) bilgune nagusiak, “Euskararen etorkizuna jokoan. Euskaltzaleon garaia da!” ekitaldia deitu du abenduaren 27rako, Bilbao Arenan 17:00etan.
Azken hamarkadetan zehar egindako ahalegin kolektiboari esker euskararen biziberritze prozesuak aurrerapen handiak izan ditu, baina asko dira susperraldi aro hau eten denaren eta atzeraldia etor daitekeenaren zantzuak. Larrialdi linguistikoan gaude, beste arnasaldi bat behar dugu, eta ezinbestekoa da, euskara kinka larrian izan den beste momentu batzuetan bezala, berriro ere, euskaltzaletasunaren giharra indartzea. Horretarako lehen gune bihurtu nahi da abenduaren 27ko ekitaldia. Kultur kutsuko hitzordua izango da, eta musikak eta musikagileek, euskararen soinu-bandak, presentzia nabarmena izango dute; xehetasunak eta artisten zerrenda aurrerago jakinaraziko dira. Euskaltzaleen bilgune eta arnasaldi izatea du xede “Euskararen etorkizuna jokoan. Euskaltzaleon garaia da!” ekitaldiak. Sarrerak pizkundea.eus webgunean daude salgai.
Bide beretik, Euskalgintzaren Kontseiluak “Batuz Aldatu: hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala” aurkeztu berri du, Euskal Herri osoko eta sektore askotariko 110etik gora atxikipen eta sinadurarekin (tartean, Ikastolena). Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan jauzi bat emateko beharra aldarrikatu nahi da, erronka berriei aurre egiteko tresna berriak behar direla. Eta horretarako oinarria izan nahi du Kontseiluak aurkeztu berri duen dokumentuak: hizkuntza-politiketan egin behar den jauziaren oinarriak jasotzen ditu.
Euskal Herriko Ikastolak Euskalgintzaren Kontseiluak osatzen duen bilguneko kide garelako, eta horrez gain “Batuz Aldatu” dokumentuaren sinatzaile ere bai, abenduaren 27ko “Euskararen etorkizuna jokoan. Euskaltzaleon garaia da!” ekitaldian parte hartzera eta “Batuz Aldatu” dokumentua ezagutzera eta zabaltzera gonbidatu nahi zaituztegu Ikastolako langileak.