ETAPA MAILAKOAK
Ateak, leihoak eta atakaren inguruan
Ekainaren 19tik aurrera ez da inor pasako gure eraikina errebisatzera, beraz, ikastolatik azkena irteten denak ataka itxi beharko du. Horrez gain, eraikina behar bezala ez uzteagatik alarmak jotzen badu, ikastolara etorri beharko da.
Datorren ostegunean ikasleen azken eguneko festa ospatuko da eta mugimendu handia aurreikusten dugu. Ikasgelez gain, erabilera komuneko espazioetako leihoak (ikus-entzunezko gela, liburutegia, gela txikiak, lan gelak, 4. mailako mintegiak…) bereziki zaintzea eskatzen dizuegu. Ikasleei espazio horiek erabiltzeko baimena ematen dien irakaslearen ardura izango da bertako leihoak itxita geratzen direla ziurtatzea.
Mila esker!
Lan-erregistroak
Apirilaren 4ko asteko oharretan zerrendatu genituen momentu horretan falta ziren lan-erregistroak. Ikasturtearen azken txanpa iritsi da eta falta zaizkizuen erregistroak zuzendaritza gelako karpetan uztea eskertuko genizueke (ahal dela, langile kodearen hurrenkeran eta zuen izena zerrendatik marratuz).
Mila esker!
Ordutegi aldaketa ekainaren 30ean
Ekainaren 30eko ordutegia 9:00etatik 14:00etara artekoa izango da paella-jatea ordutegi barruan egin ahal izateko.
Jaieguna
Abenduaren 6an lanera etorri ziren lankideek ekainaren 27a jaieguna hartzeko aukera dutela gogorarazi nahi dizuegu. Aukera hau baliatzeko asmoa baduzue, koordinatzaileari jakinarazi, mesedez.
Calendarrari lotutakoak
IKASLEEKIN
- Ikas bidaiak: 1., 2., eta 3. mailakoek lo bakarreko irteera egingo dute; 4. mailakoek bikoa.
- Irteera Donostiara: Astelehenean, 3. mailakoak goiz-pasa joango dira.
- Irteera Donostiara: Asteazkenean, 2. mailakoak goiz-pasa joango dira.
- Irteera Ziburura: Asteazkenean, 1. mailakoak goiz-pasa joango dira.
- Azken eguneko festa: Ostegunean azken eguneko festa ospatuko da. Egitaraua prest dagoenean, Calendarren izango duzue ikusgai.
IRAKASLEAK
- Ebaluazioa bilera: Ostegunean ekaineko deialdiaren ebaluazio bilera izango dugu.
- Lan-hitzarmena: Zuzendaritzaren eskutik bilera informatiboa ekainaren 20an, 08:00etan
IKASTOLA MAILAKOAK
Ikasturte amaierako txostena: tutoreak
Aktak itxi ahal izateko, ikasturte amaierako txostena bete behar zaie ikasleei HH5, LH2, LH4, LH6 eta DBHko maila guztietan. Txosten hori egoki betetzeko, bi eremu bete behar ditu tutore bakoitzak. Bi eremu horiek JPPan jasota daude, beraz, informazio esanguratsua duten ikasleen kasuan, bertan idatzita dagoenetik bete behar da ikasturte amaierako txostena.
Ikasturtean izandako laguntza eta indartze-neurrien atala JPPan “3. IKASLEAREKIN BETEKO DIREN JARDUERAK” atalean idatzita dagoen informazioarekin bete behar da. Datorren ikasturterako aurreikusitako laguntza eta indartze-neurriak atala JPPan 4. puntuan dagoen “HURRENGO IKASTURTERAKO PROPOSAMENA” atalean dagoenarekin bete behar da.
Orientazio aholkua eta igarotzeko erabakia tutoreak orientatzailearekin batera beteko du.
Oso kontuan izan familiek ikusgai izango dutela informazio hori Hezkuntzako plataforman. Beraz, esaten dena zaindu, neurtu eta horretara egokitu.
Ikastolaren Eguna 2025: eskerrik asko!
Ikastola Eguna pasa berritan, igandeko festan modu batera edo bestera parte hartu eta ospakizuna posible egin zenuten denei eskerrak eman nahi dizkizuegu. “Añabitarteko armarria” ikuskizuneko dantzaldiari ekin aurretik DBHko bertsolariek esan zuten moduan, “paretak eusten du armarria, edo armarriak pareta; Añabitartek eutsi dezala betirako Orereta“. Komunitateak Ikastola eta Ikastolak komunitatea.
Langile atarian (gainaldeko azpimarretan) duzue igandeko bideo eta argazki bilduma laburra. Datorren urtean, gehiago!
Madalenak 25 – Erriola Gunea: Txosnarako boluntarioak eta herri bazkaria erraldoiekin
Aste gutxi barru Madalenetan izango gara eta urtero bezala, hor izango da Koldo Mitxelena plazan Orereta Ikastolaren gunea: Erriola Gunea, gastronomiaz gain, kultur eskaintza zabalarekin.
TXOSNARAKO BOLUNTARIOAK
Erriola Guneko eskaintza gastronomikoa eta kulturala txukun eta mimoz prestatu ahal izateko, ezinbestekoa da Ikastolako familia, langile, ikasle ohien… laguntza. Beraz, Erriola Gunean parte hartu eta txosnako txandaren bat edo batzuk egiteko prest baldin bazaude, bete langile atarian topatuko duzun inprimakia. Boluntario lanetan aritzen direnek kamiseta polit-polita ere jasoko dute trukean. Anima zaitezte!
Zalantzarik, proposamenik edo iradokizunik izanez gero, idatzi mezua erriolagunea@oreretaikastola.eus helbide elektronikora. Aldez aurretik, eskerrik asko!
HERRI BAZKARIA ERRALDOIEKIN ETA BURUHANDIEKIN: TIKETAK SALGAI EKAINAREN 26TIK AURRERA
Uztailaren 25ean erraldoi eta buruhandien konpartsen topaketa izaten da herriko festetan eta, horri lotuta, iaz bezala, aurten ere egingo da Erriola Gunean herri bazkaria Xanti eta Maialen, eta gainontzeko erraldoi eta buruhandiekin. Bazkaritarako tiketak salgai izango dira Ikastolaren Esmalteriako bulegoan ekainaren 26tik aurrera, eta herriko Desira eta Arkaitza tabernetan hilaren 27tik aurrera. Paella, oilasko errea eta postrea, horixe menua. Salneurria: 11€ (helduak) | 6€ (haurrak) (edaria aparte). Familian edota lagunartean egiteko plan bikaina da, anima zaitezte!
Zubiak Eraikiz: hitzarmena berritu dugu
Atzo berritu genuen Hendaian mugaz gaineko Zubiak Eraikiz Hitzarmena. 2016an bost Ikastolak jarri genuen martxan eta orain zortzik berritu dugu: Hendaiako Gure Ikastolak, Ziburuko Kaskaroteneak eta Piarres Larzabal kolegioak, Biriatuko Ikastolak, Berako Labiaga Ikastolak, Lesakako Tantirumairuk, Elizondoko Baztan Ikastolak eta Orereta-Oiartzo Ikastolok. Langile atariko albisteen atalean duzue atzoko agerraldiaren informazioa xeheagoa.
ETAPA ARTEKOAK
LH | Auzolan saioak
Auzolanean aritzearen garrantzia eta balorea bera ikasleekin ere lantzeko helburuz, ekainaren 9tik 19ra LHko ikasleak hainbat zereginetan ari dira: Erriola Gunerako gauzak prestatzen (sardeska, laban eta musuzapiak biltzen), espazio komunak txukuntzen (gimnasioa, musika eta plastika gelak…), ganbara garbitzen…
LH4-LH6 | Ipar-Hegoa topaketa
LH4tik LH6ra arteko 25 ikaslek, Ikastolen Elkarteak antolatuta eta aurten estreinakoz, Euskal Herriko lurralde desberdinetako ikasleen Ipar-Hegoa topaketan parte hartu dute. Alloko aterpetxean egin dute egonaldia, astelehenean joan eta asteazkenean bueltatu ziren. Besteak beste, ikastola desberdinetako ikasleak saretzea, euskalki desberdinak ezagutzea, Euskal Herriko kultur erreferente eta adierazleak ezagutzea, euskal identitatea indartzea eta elkarbizitza euskalduna sustatzea ditu helburu ekimen honek. Hori guztia, ikasleen gozamena izanik oinarri eta jolasa beren artean erlazionatzeko modu.
BESTELAKOAK
Ekainak 15: Araba Euskaraz Armentia Ikastolaren, Mendizorrotzaren eta Prado Parkearen inguruetan
Arabako Ikastolen aurtengo festa hemen da. Armentia Ikastolaren, Mendizorrotzaren eta Prado Parkearen inguruetan ospatuko da igandean, ekainaren 15ean. Arabaeuskaraz.eus-en duzue egitaraua. Anima zaitezte!
Azken urteetan Araba Euskaraz Olarizun ospatu izan bada ere, aurten lekuz aldatu beharra izan dute Gasteizko Udaleko lorazainen greba dela eta.
Kilometroak 26, Lazkaon
Datorren urteko Kilometroak jaia Lazkaon egingo da, San Benito Ikastolak antolatuta.
Hainbat artikulu interesgarri
- “La aceptación social de las ikastolas” (Gonzalo Larrucea, eldiario.es)