ETAPA MAILAKOAK
Elkarkidetza dela eta
HH-LHrekin egingo den elkarkidetza dela eta, datorren ekainaren 9tik 12ra beheko sarrera ezingo da erabili. Beraz, sarrera-irteera guztietan goiko sarrera erabiltzeko eskatu nahi dizuegu. Gainera, solas gela, musika gela, gimnasioa eta korridorea bera, ezingo ditugu erabili. Arazorik izango bazenute, hurbildu Sararengana eta saiatuko ginateke moldatzen. Xehetasun guztiak, ikasle taldea barne, Calendarren dauzkazue. Eskerrik asko!
Material eskaera
Datorren ikasturterako material eskaera egingo dugu datozen egunetan, hori dela-eta, mintegiren batek eskaera berezirik izango balu, Ekaitzi mezu bidez jakinaraztea eskatu nahi dizuegu. Epea datorren ostirala, ekainak 13, izango da. Ongi izan!
Calendarrari lotutakoak
IKASLEEKIN
- Ekaineko deialdia: Astelehenetik ostegunera azken berreskurapenak egingo ditugu Oiartzon. Antolaketa Calendarren daukazue.
- Elkarkidetza: Astelehenetik ostegunera 3. eta 4. mailako ikasle jakin batzuek elkarkidetza saioetan parte hartuko dute.
- Sexu heziketa: Asteazkenean eta ostegunean, Lahia elkartearen eskutik. 2. mailako ikasleek sexu-heziketa saioak jasoko dituzte. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
IRAKASLEAK
- Guraso bilerak: Astelehenean, asteartean eta asteazkenean, aurrez aurreko bileretarako tartea izango dugu.
IKASTOLA MAILAKOAK
Artezkaritza Kontseilua: maiatzeko bileraren deskargua
Astelehenean, ekainaren 2an, egin zen Artezkaritza Kontseiluaren 2024-25 ikasturteko maiatzeko bilera (ekainaren aurrenean, maiatzekoa izanagatik). Langile atarian duzue laburpena, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako/lantaldeetako aktak” botoian.
* Oharra: deskarguan azaltzen direnez gain, beste hainbat gai ere landu ziren bileran. Jada eman da edo hala dagokionean emango da horien berri asteko oharren bitartez edo hori baino aproposagoa den moduan/foroan.
Matrikulazioa 2025-26: behin betiko zerrendak eta helegiteak
Matrikulazio-kanpainaren eta ondorengo prozesuaren berri ematen joan gatzaizkizue; azkenekoz, martxoaren 28ko asteko oharretan. Geroztik behin betiko zerrendak argitaratu dira eta behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzeko epea ere egon da. Horiek pasata, matrikulazio-egutegiko mugarri guztiak pasata, hauxe da egungo egoera:
- Behin betiko zerrendak: behin-behineko zerrendekin alderatuta, aldaketa bakarra egon zen: HH3rako Ikastolan eskaera egin zuen familia bat onartua izan zen (eta ondorioz, esleitua bakarra izatera pasa zen).
- Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak: EHIren aholkularitzaren laguntzaz, Ikastolak eta kanpoan utzitako hainbat familiak errekurtsoak aurkeztu berri dituzte orain, maiatzaren azkenean. Erantzunik ez da jaso oraindik.
Ikastolakide izan nahi duten familia guztiak Ikastolakide izateko ahalegina egiten ari gara.
Ikastolaren izaera eta jardun publikoaz: Artezkaritza Kontseiluaren adierazpena Udalari
Maiatzaren 16ko asteko oharretan aipatu genizuen Udalarekin afera bat sortu dela ikastetxeetako guraso elkarteek eska dezaketen dirulaguntza baten harira: Udalak adierazi dio Orereta Ikastolari, legez, eskubidea duela eskaera hori egiteko; baina dirulaguntza horri uko egiteko eskatu dio Ikastolari hezkuntza-zentroen arteko bizikidetza arazoak sor ditzakeelakoan.
Egoera eta testuinguru horretan, 2025eko maiatzaren 12an Udalak eta Orereta Ikastolak egin zuten bileran, Artezkaritza Kontseiluak 2025eko maiatzaren 7an idatzitako adierazpena aurkeztu eta izaera publikoa aitortzeko eskaera esplizitua egin zion Ikastolak Udalari. Izan ere, Ikastolak erabaki du ez duela Udalak markatu nahi duen joko-zelaian (dirulaguntzaren sokatiran) jokatu nahi, ez dela hori oinarrian dagoen afera. Ikastolak argi du zer den, zer ekarpen egin diezaiokeen herriari eta zer eskatzen dion Udalari; eta Udalarekin horretaz hitz egin nahi du: bere izaera eta jardun publikoaren aitortzaz.
Udaleko eta Ikastolako ordezkariak harremanetan daude eta jarraituko dute gaiaz jarduteko, eta horiek horrela, Artezkaritza Kontseiluak guraso elkarteentzako den dirulaguntzari uko egitea erabaki du, elkarlanean jarraitzeko prestutasunaren keinu gisa.
Zubiak Eraikiz: hitzarmena berritzeko agerraldia ekainaren 12an
Datorren ekainaren 12an egingo dugu Zubiak Eraikiz Hitzarmena berritzeko agerraldia, Hendaiako Kanetako portuan. Biriatuko Ikastolak, Hendaiako Gure Ikastolak, Ziburuko Kaskarotenea Ikastolak eta Piarres Larzabal kolegioak, Berako Labiaga Ikastolak, Lesakako Tantirumairuk, Elizondoko Baztan Ikastolak eta Orereta-Oiartzo Ikastolak sinatuko dugu hitzarmen “berria”.
Ekainak 21 eta 28 | Auzolanerako deia: Añabitarteko berdeguneak garbitzea
Ikasleek erabiltzen dituzten baso-eskola, baratzea, zelaiak, adaxkak eta zuhaitzak ikasturtean zehar txukun mantentzeko lanak egiten dira, eta behar bezala zaintzeko noizbehinkako garbitze-lan sakonagoak ere behar izaten dituzte.
Garbitze-lan sakonago horiek auzolanean egingo ditugu ekainaren 21ean eta 28an (aldaketak egon daitezke eguraldiaren arabera). Horretarako talde eragilea osatuta dago. Gisa horretako lanetan eskarmentua duten ikastolakideak dira eta zehaztua dute zer lan eta nola egin. Laguntzaileak behar dituzte egitekoak errazago eta azkarrago egiteko.
Belarra, laharra edota sastrakak mozten noizbait pixka bat aritua zara? Bete langile atariko inprimakia eta lagundu Añabitarte polit eta zainduta mantentzen. Anima zaitezte!
Kilometroak 2025: Tanta zozketa-txartelak
Martxoan banatu genituen Ikastolen jaien (tartean Kilometroak) sostengu nagusietakoa den Tanta zozketa-txartelak; bana familia eta langile denentzat. Izan ere, Ikastolok, Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren alde egiten eta hura egikaritzen jarraitu ahal izateko, bultzada ekonomikoa behar izaten jarraitzen dugu.
Tanta zozketa-txartelen zozketa ekainaren 20an egingo da eta zenbaki sarituak 60.000€ jasoko ditu. Zozketa-eguna iristear denez, azken gonbidapena egin nahi dizuegu Ikastolako langileei Tanta txartelen bat gehiago erosteko. Animatuz gero, pasa zaitezte Añabitarteko edo Esmalteriako bulegotik txartelak zuzenean bertan erostera.
IKT: mantenuko hornitzaile-aldaketa
Motibo ezberdinengatik, IKT zerbitzuen mantenuko hornitzailea aldatzea erabaki da. Duok-ekin kontratua etengo da eta hemendik aurrerako hornitzailea IZT izango da. Langileek ez genuke ezer sumatu behar trantsizioa egitean, baina, tankera honetako prozesuetan ohikoa denez, baliteke ezustekoren bat izatea. Kontuan har ezazue, mesedez.
X sarea utziko du Ikastolak
Ikastolen Elkarteak orain aste batzuk iragarri zuen X sarea uztera zihoala. Gaia landu ostean, Orereta Ikastolak ere gauza bera egingo du: X sarea utzi eta Telegram-en kanala sortu. Telegram-eko kanala sortuta dago jada; hala nahi izanez gero, harpidetzera gonbidatzen zaituztegu.
ETAPA ARTEKOAK
DBH | Bi ikaslek saria Urruzuno lehiaketan
Urruzuno literatura saria irabazi dute herriko lau ikaslek; tartean, DBHko ikasle diren Mara Albistur eta Ioritz Ramosek. Bejondeiele saritu denei! Eta besarkada eder bat, bereziki, Ikastolako ikasle diren Mara eta Ioritzi! Eta ziur sari horien zatitxo bat behinik behin berena duten irakasleei 🙂
DBH | Zenbat du jatekotik eta osasuntsutik, eta zenbat prozesatutik eta hondakinetik hamaiketakoak?
DBHko eko ordezkariek azterketa bat egin berri dute hamaiketakoak hondakin asko sortzen dituenaren hipotesitik abiatuta. Gadetegi bat betzetzeko eskatu diete DBHko ikaskideei eta astebetez bilgarriak hondakin bihurtzen ote diren behatzen aritu dira. Zer diote emaitzek? Ez zebiltzala oso oker… Ezagutu emaitzak langile atariko albisteen ataleko informe laburrean.
BESTELAKOAK
ONKI programa aurkeztu berri du Ikastolen Elkarteak, Ikastolen Tutoretza marko berrian oinarritutako Plan Integrala
ONKI programa aurkeztu zuen atzo Ikastolen Elkarteak Oñatin, hezkuntza komunitatearen eta gizarte eragileen aurrean. Tutoretza ereduaren gainean eraikitako marko eta egitasmo berria da. Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berrian deskribatutako Pertsona Eredua hartzen du oinarri, eta hura bezala, ikaslearekiko ikuspegi holistikoarekin landu da. Irakasleak eta familiak ere barne hartzen ditu ONKI programak, eragile aktiboak dira azken bi horiek ere. Ezagutu ONKI programaren xehetasun gehiago.
Kilometroak 2025-ek baditu abestia eta bideoklipa
Pasa den astean aurkeztu zituzten urriaren 5ean Elgoibarren ospatuko den Kilometroak-en abestia eta bideoklipa. Hemen ikusgai/entzungai.