ETAPA MAILAKOAK
Jolasgaraietako lantaldea
Neguko plangintzarekin ongi samar funtzionatzen ari garela deritzogu eta udaberriko oporrak bitarte neguko plan horrekin jarraitzea egoki ikusten dugu.
Eskertuko genizueke eguraldi ona egiten duen egunetan, ikasleak kanpora ateratzera animatzea.
Eguraldi onarekin barne espazioan jende asko pilatuko balitz edota gatazkak sortuko balira,
erabaki hau aztertuko genuke.
Oraingoz, besterik ez. Eskerrik asko.
HIZPRO
Berrikuntzako SAIOKAko ikastaroan “HIZPRO” izeneko atal berria sortu dugu. Bertan bi baliabide aurkituko dituzue. Batetik, testu-generoen mapa orokorra, arlo eta ebaluazio bakoitzeko testu-generoak jasotzen dituena. Bertan, euskarri edo adibide desberdinak daude gainera. Helburua, dokumentu bizia izatea da, hau da, poliki-poliki guztien artean euskarri horiek hobetu edo berriak gehitzea. Bestetik, ahozkotasuna ebaluatzeko errubrika gehitu dugu. Helburua, errubrika ezagutu eta mintegi bakoitzak, pixkanaka eta ahal duen neurrian, bere arloan erabiltzen hastea da.
Hamaiketako kulturala HIPIko ikasleen eskutik
HIPIko ikasleekin hurrengo asteazkenean, hilak 26, hamaiketakoa antolatu dugu. Bertan ikasle bakoitzak bere herrialdeko plater tipikoren bat erakutsi eta errezeta azalduko du. Produktuak dastatzeko aukera izango da; gonbidatuta zaudete, animatu!
- Ordua: 10:30-11:15
- Lekua: HIPI gela txikia (DBH)
HIPIko ikasleek ikaskide bat gonbidatzeko aukera izan dute, hortaz, gerta liteke 3. saioko azken 15 minutu horietan norbaitek atera nahi izatea. Eragozpenik ez badago behintzat, ateratzeko baimena ematea eskertuko genizueke; frogaren bat-edo izanez gero, lasai.
Dastatu aniztasuna.
Bertan ikusiko garelakoan, ongi izan!
HIPI ikasle-irakasle taldea
Monografikoetan sartutako orduen inguruan
Aste honetako bilera monografikoetan, bi egunetan, bukatu arte geratu diren irakasleek bi ordu gehiago sartu dituzte. Horretarako dugun ordu poltsatik egingo dugu deskontua.
Calendarrari lotutakoak
IKASLEEKIN
- Hedatze: Astelehenean, Hedatze akademikoa izango dugu, eta asteartean Hedatze komunitarioa (Euskaraz bizi).
- Irteera Don Boscora: Astelehenean, laugarren mailako C ibilbideko ikasleak Don Bosco ezagutzera eta bertan STEAM jarduera batzuk egitera joango dira.
- Podcast proiektua: Asteartean, 3. mailako komunikazio tailerreko ikasleek Podcast proiektuaren bosgarren saioa izango dute Lekuonan.
- Ebaluazio-diagnostikoa: Asteazkenean, 2. mailako ikasleek ebaluazio-diagnostikoko frobak egingo dituzte. Antolaketa eta xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
- Tabakalera: Ostegunean, 4. mailako ikasleek Tabakalerak antolatzen duen lanbide heziketa eta unibertsitate eskaintzaren inguruko azokara bisita egingo dute. Xehetasunak lotuta daudenean, Calendarren izango dituzue ikusgai.
- Odei Barrosoren bisita: Ostegunean, 4. mailako musikako ikasleek saio berezia egingo dute Odei Barrosoren eskutik. Saioa 10:00etan bukatuko da, beraz, musikako ikasleak 10 minutu beranduago inkorporatuko dira 3. klase saiora. Barkatu eragozpenak.
- Euslider proiektua: Ostiralean, 3. mailako ikasleek Euslider proiektuaren lanketarekin jarraituko dute. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
IRAKASLEAK
- Agifes: Astelehen eta asteazkenean liburutegian elkartuko gara “Zeuk aukeratu” nerabe eta gazteen buru osasuna zaintzeko programaren formazio saioa egiteko.
IKASTOLA MAILAKOAK
IKT: hobekuntza nabarmenak hainbat dirulaguntzari esker
2024an hainbat IKT azpiegitura hobetu ditugu, SPRIren bi dirulaguntzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren beste bati esker. Guztira 114.915€-ko inbertsioa egin dugu; Ikastolaren ekarpena 11.923€-koa izango da.
Dirulaguntza horiei esker, Oiartzo eta DBH eta LHko eraikinak zuntz optikoz lotu ditugu, aurretik genituen konexioak hobetu eta bikoiztea bermatuz. Horrez gain, sarearen konfigurazioa erabat berritu dugu: segmentazioa egin, segurtasuna handitu eta erabilera ezberdinetarako sare bereiziak sortu ditugu. Zerbitzariak ere egokitu eta berritu ditugu, gure beharrizanei modu eraginkorragoan erantzuteko.
Aldaketa horiei esker, sarearen segurtasuna nabarmen hobetu da eta baliabideen banaketa eraginkorragoa lortu dugu.
Elkartasun lantaldea | “Haur bat, hartxintxar bat, euro bat” ekimena Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola laguntzeko
Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola hainbat ekimen antolatzen ari da Eusko Jaurlaritzak jarri dion 140.000€ko isunari aurre egiteko. Horietako bat da “haur bat, hartxintxar bat, euro bat” egitasmoa: Euskal Herriko ikastoloi ikasgeletan itsulapikoak jarri eta haur bakoitzeko euro bat biltzeko erronka bota digute.
Orereta Ikastolan bat egingo dugu ekimenarekin. Ikasleekin gaia landu, eta beren itsulapikotik euro bat hartu eta Ikastolan jarriko ditugun itsulapikoetan botatzera gonbidatuko ditugu, elkartasun keinu gisa. Datorren astean (martxoaren 24tik 27ra) izango dugu martxan ekimena. Horretarako, aintzat hartu, mesedez, ondorengoak:
- Martxoaren 24an, astelehenean, gaia ikasleekin lantzea da proposamena; eta osteguna bitartean (martxoak 27) euroak jasotzea.
- Itsulapiko bat jarriko da ikasgela bakoitzean, euroa ekartzen duten ikasleek bertara botatzeko.
- HH eta LH1-LH2n margotzeko moduko karteltxo bat banatuko zaie ikasleei etxera eraman dezaten. Karteltxoa hemen dago (LHn eta DBHn kopiak banatuko ditugu Elkartasun lantaldeko kideek).
- Bideo hau ere badago gertatutakoa eta ekimena bera azaltzeko.
- Ostegunean, martxoak 27, Elkartasun lantaldeko kideoi eman itsulapikoak, mesedez, jasotako euroak kontatu eta Zarauzko Ikastolara helarazteko.
Zuek ere anima zaitez ekimenean parte hartzera, zuen euroa ekartzera!
Zubiak Eraikiz | Biriatuko Ikastolaren aldeko bertso saioa apirilaren 5ean
Zubiak Eraikiz egitasmoan bidelagun dugun Biriatuko Ikastolaren aldeko bertso saioa izango da apirilaren 5ean 17:00etan, Biriatun bertan. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Aimar Karrika ariko dira kantari. Sarrerak (15€; haurrak, debalde) 688 769 907 / 647 642 393 telefono-zenbakietara whatsapp-a bidalita erosi behar dira.
ETAPA ARTEKOAK
DBH | “Prestatu zure jokoa!” boleibol txapelketa, ikasleek antolatua
DBHko ikasleek ilusioz eta gogoz antolatutako “Prestatu zure jokoa!” boleibol txapelketa handia martxan da; eta interesgarri dago kontua, jokaldi bero, publikoaren animo eta azken uneko erabakiak tarteko. Otsailaren erdialdean hasi ziren partidak, apirilaren lehen astean bukatuko dira eta apirilaren 7tik 11rako egunetan izango dira final laurdenak, final erdiak eta finala. Udaberriko oporretara kopa hartuta joango dira batzuk; eta gainontzekoak, ederki pasata! Irakurri gehiago langile atarian (albisteen sailean).
BESTELAKOAK
Euskal Herriko Ikastolak AskHezi-ren, dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteentzako euskarazko diktaketa-sistema berriaren, bultzatzaile
Haurren ahotsekin ongi dabilen euskarazko diktaketa-sistema berria garatu du Orai NLP adimen artifizialeko zentroak, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatuta, Languneren aholkularitzarekin eta ‘Euroeskualdeko hiritartasuna’ deialdiko eta SPRIren dirulaguntzei esker. Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren aplikazio oso baliagarria da AskHezi, dibertsitate funtzionala duten haurrei euskaraz ikas dezaten laguntzeko tresna baliagarria. Irakurri albistea osorik hemen.
Herri Urrats: “izan zaitez erlezain” kanpaina
Herri Urratsek, Ipar Euskal Herriko Ikastolen festak, “Izan zaitez erlezain” kanpaina nazionala jarria du abian. 20.000 erle espezie omen daude munduan, eta horien artean gure-gurea dugu Erle Beltza. Erleek elkarrekin egiten dute lan, komunitatean bizi dira eta berebiziko garrantzia dute ekosisteman; esan ohi da erleak desagertuko balira, munduak lau urte gehiago baino ez lukeela iraungo. Seaskako (Ipar Euskal Herriko) komunitatearekin berdin gertatzen da: behar-beharrezkoa da euskarak bizirik iraun dezan Euskal Herriko txoko hartan, bai eta euskalduntzearekin jarraitzeko ere. Baina Seaska osatzen duten erleek (guraso, irakasle, langile, ume, gazte….) bizirik eta lanean jarraitzeko erlezainak behar dira. Erlezain horiek bildu nahi dira “Izan zaitez erlezain” kanpainarekin: 10€ko ekarpenaren truke erle pin-a jasoko dute parte-hartzaileek. Anima zaitezte kanpainan parte hartzera!
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omentzeko “Maite zaitut” festa maiatzaren 3an
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei herri omenaldia egiteko ikuskizun erraldoia antolatu du herritar talde batek. Talde honetako kideek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ibilbidea eta ekarpena aitortu nahi dituzte, euskal gizarteari egin dioten opari handiagatik eskerrak emanez. Pailazoen “Maite zaitut” abestiak 20 urte beteko ditu; 37 urteko ibilbidean, maitatzen zekien herriari maite zaitut esaten erakutsi digute; eta eskerrak emateko festa erraldoia antolatu da maiatzaren 3an Barakaldoko BECen.
Ikastolen Elkartea festaren laguntzaile eta babesle da eta ikastolakide oro gonbidatu nahi da bertan parte hartzera. Informazio gehiago | Sarrerak erosteko aukera: www.nikeremaitezaitut.eus
Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari berria
Elena Zabaletari hartu dio lekukoa San Fermin Ikastolako guraso den Oier Sanjurjok. Irakurri albistea osorik hemen.
Hainbat artikulu interesgarri
- “Denon eskola” (Maria del Rio, Naiz)