ETAPA MAILAKOAK
dbBots lehiaketaren prestaketa saioa liburutegian
Otsailaren 27an, osteguna, DIGitalizazioko ikasleak printBOTekin lerro jarraitzaileak programatzen hasiko dira maiatzeko lehiaketarako, Don Boskoko profesionalen laguntzaz. Hori dela eta, 4ACDEko zenbait ikasle ez dira lehenengo hiru saioetan gelan izango.
Barkatu eragozpenak eta eskerrik asko,
Iñigo J. eta Ekaitz E.
Ikasleen txapelketak: jolasgaraietako lantaldea
Txapelketek irauten duten bitartean, gure zaintzen ibilbideak pixka bat aldatzea proposatu nahi dizuegu. Beheko estalpea indartu beharko genuke, hortaz, hauxe da ibilbide berriaren proposamena. Modu honetan, 2 eta 5 zenbakiak beti behean egongo dira eta gainontzekoek ibilbide hori egingo dute.
Bestalde, azkeneko aldaketen ondorioz, neguko plangintzarekin ongi samar funtzionatzen ari garela deritzogu eta martxo osora “Neguko plan” hori luzatzea egoki ikusten dugu.
Azkeneko eskaera bat egin nahi genizueke: eguraldi ona egiten duen egunetan, ikasleak kanpora ateratzera animatzea.
Eguraldi onarekin barne espazioan jende asko pilatuko balitz, erabaki hau aztertuko genuke.
Oraingoz, besterik ez.
Eskerrik asko.
Berreskurapenen antolaketa
Dakizuen bezala, martxoaren 10etik aurrera, 2. ebaluazioko berreskurapenak egingo ditugu. Hemen duzue mintegi eta gela bakoitzeko azterketak antolatzeko dokumentua. Notekin batera bidaliko dugu gela bakoitzaren antolaketa, beraz, ezinbestekoa da dokumentua otsailaren 25erako osatzea. Mila esker!
eusLider DBH3
Otsailaren 28an, 3. mailako ikasleak eusLider egitasmoarekin hasiko dira eta hilabetez izango dute hizkuntza portaera berriak sortzeko tailerra. Hori horrela, gauza bat eskatu digute antolatzaileek: datorren astean moskeo kanpaina egingo da haien geletan kartel batzuen bidez. 3. mailan klase ematen dugun irakasleok, ikasleak kartel hori euskaraz komentatzen entzuten baditugu piruleta bat eman behar diegu ezer esan gabe.
Piruletek mihia urdina utziko diete eta jasoko dituzten saioetan ulertuko dute horren zergatia. Saioetan irakasleek ez dute bertan egon behar. Horixe momentuz, zalantzarik izanez gero hurbildu Haizearengana.
Eskerrik asko!
Haizea
Calendarrari lotutakoak
IKASLEEKIN
- BAGA-BIGA: Astelehenean, 3. mailako ikasleak Niessenera jaitsiko dira. Antolaketa eta xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
- Lanbide Heziketako bisita: Astelehenean, CEINPRO ikastetxetik bisita jasoko dugu ikastolan. Xehetasunak Calendarren izango dituzue ikusgai.
- Irakurriz gozatu: Astearteko 3. orduan irakurketa saioa izango dugu.
- Ebaluazio diagnostikoa simulazioa: Asteazkenean 2. mailako ikasleek ebaluazio diagnostikorako simulazio saio bat egingo dute. Oraingoz ezin dizuegu ordutegia zehaztu, hala ere, kontuan izan gutxienez saio oso bat beharko dutela horretarako.
- EusLider proiektua: Ostegun eta ostiralean, 3. mailako ikasleak eusLider egitasmoarekin hasiko dira. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
- Inauteriak: Ostiraleko 3. ordutik aurrera inauteriak ospatuko ditugu. Egitaraua eta xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
IRAKASLEAK
- Ebaluazio bilerak: Astelehen eta asteartean, 14:40ean hasita eta bukatu arte, ebaluazio bilerak egingo ditugu. Hurrenkera eta dokumentazioa Calendarren daude ikusgai.
- Koordinazioa: Asteartean mintegika elkartuko gara, ondoren, inauterietako entsegua izango dugu estalpean.
- Berrikuspen eguna: Ostiralean azterketak errebisatu eta kopiak eskatzeko aukera izango dute gurasoek (12:15-14:00).
IKASTOLA MAILAKOAK
Blaitu – Euskaraz Bizi | Bigarren Blaitu MHLZ lehiaketa, otsailaren 24tik martxoaren 2ra
Blaitu Klubak ikasturteko bigarren Blaitu MHLZ lehiaketa antolatu du otsailaren 24tik martxoaren 2ra. Inauterien bueltan, ETBko Mihiluze saioan oinarrituta, familia giroan eta euskaraz momentu dibertigarri eta atsegina pasatzea da ekimenaren helburu nagusia.
Otsailaren 24tik 28ra bitartean, Blaitu MHLZ jolas bat eskainiko da egunero Ikastolaren webguneko Blaitu Klubaren atarian. Jolas horiek entrenamendu saioak izango dira martxoaren 2an, inaute-igandean, jokatuko den lehiaketa handirako. Martxoaren 2ko finalean parte hartzen duten lehiakide guztien artean, Urruñako WoWpark-erako sarrerak zozketatuko dira, etxeko kide guztientzat. Langile atarian dituzue xehetasun gehiago eta lehiaketan parte hartzeko aukera.
Familiei eman zaie Blaitu MHLZ bigarren lehiaketaren berri eta zuek ere geletan ikasleekin entrenamendu saioetan jokatzera animatzen zaituztegu, inaute-igandeko lehiaketa handirako prestatu eta momentu atsegin eta dibertigarria pasatzera! Animatu eta parte hartu! Blaitu mingainak eta busti euskaraz!
Ikastolako gela eta espazioen erreserbak Inikaz egin behar dira
Akatsak ekidin eta barne funtzionamendua optimizatze aldera, bilera-gela, areto edo Ikastolako dena delako espazioak erreserbatzeko Inika erabili behar dugu (menuko baliabideen atala > erreserbak aukera). Bakarkako guraso bilerak egiteko Lino edota Esmalteriako gelak ere modu berean erreserbatu behar dira.
2025-26 ikasturtea: baimen eskaerak
2025-26 ikasturtea antolatzen hasteko garaia hurbiltzen ari denez, plangintza eta antolaketarik egokiena egin ahal izateko, langileen asmoen berri izan behar du zuzendaritza-taldeak. Horiek horrela, datorren ikasturterako aparteko eskaerarik egiteko asmoa izango bazenu, bete langile atarian topatuko duzun inprimakia. Martxoaren 9a da horretarako azken eguna.
Urteko Ohiko Batzar Nagusia 2025: langile bazkideei gogoratzea
Otsailaren 26an egingo da Orereta Ikastola Koop. E.-ko 2025eko Urteko Ohiko Batzar Nagusia Ikastolaren Linoko egoitzan (Santa Klara kalea, 7); 17:30ean lehen deialdian, 18:00etan bigarrenean eta 18:30ean hirugarrenean.
Gogoratu Batzar Nagusian parte hartzeko ezinbestekoa dela aurrez izena ematea. Batzarrera joateko aukerarik ez baduzu, joango den bikotekidearen edo beste bazkide baten esku utzi zure botoa. Izena emateko zein botoa delegatzeko (bazkide bati) / lagatzeko (bikotekideari) aukera duzu langile atarian. Otsailaren 23a da horretarako azken eguna.
Bide batez, jakizu, Aurrera! memoria 2025 (urtekaria) jada ikusgai dagoela. Langile ataritik hel zaitezke bertara ere.
Ikastolaren Eguna 2025, igandez
Azken urteetan Ikastolaren Eguna ekaineko lehen larunbatez ospatu izan badugu ere, aurten igandez egingo dugu: ekainaren 8an. Gure Esku ekimenak ‘Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki’ lelopean, «herri oso bat martxan irudikatzeko» mobilizazioa du deitua Bilbon ekainaren 7an, eta Ikastolaren Egunak hitzordu horrekin bat ez egitea eskatu digute Gure Eskutik. Eskaera aztertu eta onartuta, esan bezala, aurtengo Ikastolaren Eguna igandez, ekainaren 8an, ospatuko dugu. Ohi bezala, aurrerago emango dizkizuegu Ikastola Egunaren gaineko xehetasunak.
Anartz Muxika, Ikastolako zuzendaria, Onda Vasca irratian
Konfekoop-en (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa) bitartez, Onda Vasca irratiko “Euskarazko hezkuntza jomugan: digitalizazioa, hezkuntza lege berria eta matrikularen jaitsiera” tertulian hartu du parte Anartzek kooperatiba diren beste bi ikastetxetako ordezkariekin batera. Finantziazioaz, doakotasunaz, herri onurako eta irabazi asmorik gabeko izaeraz… ere jardun dira. Entzun tertulia osorik hemen.