HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (24.11.15)


ETAPA MAILAKOAK


Diziplina arteko proiektuak: itxiera

DBHko berrikuntza arduradunok eskerrak eman nahi dizkizuegu diziplina arteko proiektuak aurrera eramateagatik. Mila-mila esker guztioi!

Zailtasunak zailtasun lortu dugu, beste behin ere, proiektuak aurrera eramatea. Nolanahi ere, jakin badakigu badugula zer hobetua: tutoretzetan proiektuak aurrez aurkeztea, koadernoetan baimen egokiak ematea… Hortaz, BIZIKI ESKERTUKO genizueke edozein balorazio edo ekarpen izango bazenute, guri helaraztea, aurrez aurre, idatziz… nahi duzuen moduan.

Amaitzeko, gogora ekarri nahi dizuegu IKASLEEI diziplina arteko proiektuen DEBOLUZIOA egin behar diegula. Horretarako, EZINBESTEKOA da asteazkenerako, azaroaren 20rako, ikasgai bakoitzeko notak maila bakoitzeko excelean jasota izatea. Hartara, guk prestatuko ditugu banan-banan ikasleei helarazteko, berandutu baino lehen.

Asteburu ona izan guztiok.

DBHko berrikuntza taldea.

Ebaluazio bilerak

Azaroaren 25 eta 26 arratsaldean EBALUAZIO BILERAK egingo ditugu. Hona hemen zenbait ohar garrantzitsu:

  • NOTAK: Ebaluazio bilera bakoitzaren aurreko egunerako taldeen notak sartuta egon behar dute.
  • DENBORAREN KUDEAKETA: Taldeari dagokion balorazio orokor bat eginez abiatuko gara. Bertan, tutoreek taldearen lan ohiturak, zailtasunak, jarrerak, harremanak eta erronkak laburbilduko dituzte.
    Ondoren, eta ebaluazio bilera eraginkorra izan dadin, ez dugu ikasle guztien gainean hitz egingo, zoriondu nahi ditugun ikasleak aipatuko ditugu eta, ondoren, hobetu daitezkeen emaitzak eskuratu dituzten ikasleetan zentratuko gara. Kasu horietan, tutoreak proposamen zehatzak egin eta hartu beharreko erabakiak proposatuko ditu.
    Aintzat hartu bilera monografikoak ere egingo ditugula, beraz, ez du merezi ikasle jakin batzuekin katramilatzea.
    Ahal den neurrian, hortaz, saia gaitezen talde bakoitzari dagokion denbora errespetatzen.
  • OHARRAK
    a) Barnekoak: Ikasturteko ebaluazioen banaketa guztion artean aukeratu genuenean, ebaluazio bileretako barne-oharrak sartuta izango genituela erabaki genuen. Beraz, azaroaren 25 eta 26rako barne ohar guztiak sartuta izango ditugu.
    b) Kanpokoak: buletinean notekin batera agertuko diren oharrak dira honako hauek. Bertan ebaluazioa gainditzeko ikasle bakoitzak ZER egin behar duen zehaztu beharko dugu. (Gogoan izan azterketa egunaren berri notekin batera jasoko dutela, taula batean, beraz, ez duzue data zehaztu beharrik).
  • EUSKARRIA
    a) JPPa duten ikasleak: bileran hartutako erabakiak tutoreak/kotutoreak berak gehitu beharko ditu dokumentuan.
    b) JPP ireki beharko zaie: Ikasleren batekin JPPa irekitzeko erabakiren bat hartuko balitz, tutoreak/kotutoreak dokumentu berria ireki beharko dio.
  • TUTORETZA OHARRAK
    Buletinean bertan tutoreak irakasle taldearen zenbait ohar adierazi ohi ditu. Gogoan izan honako hauek, mesedez:
    a) Ez dugu berreskurapenak gauzatu arte “errendimendua hobetzen ez badu, ikasturtea berritu beharko du” tankerako oharrik idatziko.
    b) Bestelakoan, lanari eta jarrerari dagozkion oharrak, tutore/kotutore bakoitzak idatzi beharko ditu. Ohar esanguratsuenak Calendarren ere aurkituko dituzue.

Jolasgaraietako espazio itxiak

Azken klaustroan jolasgaraietako lantaldeak aurkezturiko proposamenean zein ikasleekin egindako lanketan gehikuntza berri bat egin dugu: Pasilloen erabilera abenduaren 1etik otsailaren 28a bitarte baimendua egongo da, nahiz eta 10:45ean euririk ez egin. Mesedez, kontuan izan dezagun denok berdin jokatzeko. Gogoratu, bestalde, liburutegi zein pasilloetan izaten diren jokabide desegokiak erregistratzeko txantiloiaren esteka calendarren topatuko duzuela (hilabete bakoitzaren lehen egunean). Hemen asteleheneko tutoretzan ikasle guztiei jarriko zaien aurkezpena lagungarria izango zaizuelakoan.

Irakasleon hutsuneak komunikatzeko prozedura

Hutsuneak komunikatzeko prozedura freskatu nahi dugu, izan ere, tarteka Inikan aurreikusten edo ezagutzen ez genituen hutsuneak topatzea gertatu zaigu eta zaintzak azken momentuan esleitu ditugu. Arazo hau ekiditeko, hutsunea Inikan sartu aurretik, langile ataritik dagokion baimena eskatu behar dugu, eta, ahal bada, zikloko koordinatzaile edo etapako arduradunari komunikatu, mesedez. Mila esker!

Calendarrari lotutakoak

IRAKASLEAK

  • Barne-oharrak: Astelehenean barne-oharrak sartzeko tartea izango dugu.
  • Lantaldeak: Asteazkenean lantaldeek bilera izango dute.

IKASLEEKIN

  • Gaztandegira bisita: Astelehen eta asteazkenean 3. mailako ikasleak Eguzki-Borda gaztandegira egingo dute bisita. Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.
  • Sentsibilizazio kanpaina: Asteazken eta ostiralean 2. mailako ikasleek hiri hondakinei buruzko sentsibilizazio kanpaina jasoko dute. Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.

IKASTOLA MAILAKOAK


Hezkuntza Batzordea: azaroko bileraren deskargua

Azaroaren 13an egin zen Hezkuntza Batzordearen ikasturte honetako lehen bilera. Langile atarian duzue laburpena (gainaldean ezkerraldean dauden ikono-zerrendako “organoetako aktak” atalean).

Langile atariko informazio praktikoa atala: berritasunak

Langile atariko informazio praktikoa atalean, lehendik zeudenez gain, azpiatal berria sortu dugu: ongizatea eta garapena. Langileon ongizateari eta garapenari lotutako baliabide eta dokumentuak biltzen dira bertan.

Prestakuntza eta jardunaldiak: EHIren Jardunaldi Pedagogikoak azaroaren 21ean eta 22an

Datorren astean, azaroaren 21ean eta 22an, EHIren Jardunaldi Pedagogikoen 28. edizioa egingo da EHUren Donostiako campusean. Pertsona-ereduaren erabakitzaile-ekintzaile eta barne sendotasuna duena bereizgarrietan sakonduko da. Ikastola bakoitzetik bi pertsonek izango dute Jardunaldi Pedagogikoetan parte hartzeko aukera. Orereta Ikastolatik, Pedagogia Batzordeko bi pertsona joango dira.

Eguberri bezperako kalejira: musikarien taldean parte hartzeko gonbita

Ohiturari jarraiki, aurten ere aterako gara herriko kaleetara gabon-kantak abestera Eguberri bezperan. Musikariak (trikitilariak eta txarangilla) izaten ditugu lagun egun horretan eta talde-eragiletik Ikastolako komunitate guztiari (ikasle, ikasle ohi, langile, familia, aitona-amona…) egin nahi diote bertan parte hartzeko gonbita.

Horiek horrela, zuek edota zuen inguruko norbaitek musika-tresna bat (txistua, tronpeta, tronboia, tuba, dultzaina, flauta, klarinetea, saxoa, eskusoinua…) jotzen baduzue eta trikitilarien taldean edo txarangillan parte hartu nahi izango bazenute, bete, mesedez, langile atarian topatuko duzuen inprimakia. Azaroaren 24a da horretarako azken eguna. Izena emateko inprimakian bertan daude entseguaren eta abenduaren 24ko kalejiren ordutegi eta lekuen xehetasunak ere.

Joko diren kantuak Agur Zuberoa, Atiarno, Errenteriako Diana, Euskaldunak gara, Ikusi Mendizaleak, Segurako Alborada eta Lesakako Inauteria (azken hau ez da jo izan orain arte) izango dira. Kantu horiek instrumentu ezberdinentzako partiturak dituzte. Izena ematen dutenei hala dagokien partitura helaraziko zaie emailez (izen-emate inprimakian adierazten duten instrumentuaren partitura, hain justu).

Iaz Ikastolako goizeko Eguberri bezperako kalejiran parte hartu zuten musikari askok Ereintzak ilunabarrean antolatzen duenean ere parte hartu zuten. Beraz, aurten bietarako deialdia eta gonbita egiten da hemendik. Bietan parte hartzera animatzea bada ere Ikastolaren nahia, batean ala bietan parte har daiteke, hori norberaren esku. Ahal dela, kalejiretara euskal jantzi tradizionalekin etortzea asko eskertuko da.

Zubiak Eraikiz: Ikaskoli, Xiberoko Ikastolen aldeko saskiak

Xiberoan dauden bi Ikastolek Ikaskoli kanpaina egiten dute urtero. Eguberriko otarreak eskaintzen dituzte Zuberoako Ikastolak beraiek aurrera atera ahal izateko, eta bertako ekoizle eta produktuak ezagutzera eman eta laguntzeko. Informazio gehiago eta otarreak erosteko aukera (azaroaren 24ra arte) www.ikaskoli.eus webgunean topatuko duzue. Hala nahi izanez gero, saskiak Ikastolaren Añabitarteko bulegoan jasotzeko aukera dago (eskaera egitean adierazi behar da hori). Saskiak abenduaren erdialdean iristea aurreikusten da.


ETAPA ARTEKOAK


Blaitu – Euskaraz Bizi | Ikasturteko lehen Tanta hemen da

Astelehenetik aurrera ikusgai izango duzue Blaitu Klubeko 2. denboraldiko lehen Tanta. Ikasturte honetan Tanten atalak berrikuntzak izan ditu eta ikasleek (DBHkoek egiten dituzte Tantak) haien gustuko euskarazko liburu, film, aplikazio eta bestelakoak gomendatuko dizkigute. Blaitu mingainak eta busti euskaraz!

LH6 | Sexu heziketa, gorputz anitz jantziz eta hitz hurbil biluziz

LH 6. mailako ikasleek Ageda Blasco Egia hezitzaileak gidatutako sexu-hezkuntzako tailerrak egin dituzte urrian, bi orduko hiruna saio ikasgela bakoitzak. Tailer horietan funtsezko eta oinarrizko gaiak landu dituzte. Ikasleekin egindako saioez gain, Blascok LH6ko guraso eta irakasleekin ere egin ditu saioak. Irakurri gehiago langile atarian (albisteen atalean).

Batxilergoa | Sari bereziak 2023-24

Ikasturte amaierero bezala, iaz ere banatu ziren batxilergoko sari bereziak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ofizial egin du sarituen zerrenda eta tartean dira Oiartzoko hiru ikasle (bat Haurtzarokoa eta bi Oreretakoak): Manex Irigoien, Maider Otegi eta Jon Cecilia. 16 ikasle izan dira sarituak eta horietatik hiru dira Oiartzokoak, bada zerbait! Zorionak, dudarik gabe, ikasleei; eta horretan zuen aletxoa jarri duzuen irakasle guztiei!


BESTELAKOAK


Elkartasun Kutxa 2025: 736.000€ beharrik handiena duten proiektu eta Ikastolentzako

Elkartasun Kutxa Ikastolok beharrik handiena duten proiektuak eta Ikastolak laguntzeko dugun ekimena da. Euskal Herriko 114 Ikastolok egiten dugu urtero ekarpena Kutxara hori aurrera atera ahal izateko. Maiz Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako Ikastolak izaten dira laguntza jasotzen dutenak.

Atzo, azaroaren 14an, egin zen aurtengo Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia Gasteizen, Armentia Ikastolan, eta 2025ean lau Ikastolaren eta Seaskaren Kanboko egoitzaren artean 736.000€ banatzea erabaki zuen. Euskal Herriko Ikastolok Elkartasun Kutxa sortu genuenetik, 1992tik, hogei milioitik gora banatu dira.

Hainbat artikulu interesgarri

“Biharko Euskal Herria eraikitzen” (Paul Bilbao, Armentia Ikastolako zuzendaria | Berria)