ETAPA MAILAKOAK
Erregistroak
Asteazkenean ekingo diegu saio arruntei, gogoan izan asistentziaren kontrola, oharrak eta halakoak erregistratzen hasi behar garela. Horretarako, Inikan ordutegia sartuta edukitzea beharrezkoa da (zaintza orduak ere sartu, mesedez, bestela ezin baititugu esleitu).
Leihoak, argiak eta alarma
Klaustro bileran aurreratu genuen ikasturte honetan DBHko garbiketa goizez egingo dela. Lankide bakoitzaren ardura izango da gelako leihoak itxi eta argiak itzaltzea. Bestalde, eraikinetik azkena ateratzen denak alarma jarri beharko du.
Ikasturte hasierako txangoa
Eguraldia lagun badugu, irailaren 13an egingo dugu ikasturte hasierako txangoa. Talde bakoitzaren plana, irteera bakoitzean parte hartuko duen irakasle taldea eta dauzkazuen beharrak zehaztu itzazue, mesedez, calendarren jarri dugun dokumentuan. Eskerrik asko!
Hedatze eskaintza
Datorren astean 24-25 ikasturteko Hedatze eskaintza jakinarazi behar diegu familiei. Mintegi bakoitzari eskaintza bat egitea eskatzen dizuegu. Horretarako, aurreko ikasturtean egindakoa errebisatu eta nahi dituzuen aldaketak txertatu dokumentuan, mesedez. Astelehenean tartetxoa izango duzue horretarako. Proposamen berriak ongi etorriak izango dira, noski. Mila esker!
Asteko oharren inguruan
Ikasturte honetan asteko oharrak ez ditugu ostiral eguerdian argitaratuko (datorren astetik aurrera, goizetik izango ditugu ikusgai langile atarian) eta ez dugu Inika bitartez mezurik bidaliko oharren esteka partekatuz. Abisurik jaso gabe, ikusgai izango dituzue goizean goizetik.
Calendarrari lotutakoak
IRAKASLEAK
- 00 monografikoa: Astelehenean gela bakoitzeko tutoreak eta orientazio taldeak hainbat ikasleren inguruko informazioa emango dio gela horretan klasea ematen duen irakasle taldeari. Xehetasunak calendarren aurkituko dituzue.
Hedatze eskaintza: Astelehenean liburutegian mintegika bilduko gara Hedatze eskaintza osatzeko. Xehetasunak eta euskarria calendarren dituzue ikusgai. - Komunikazio asertiboa: Astelehenean jasoko dugu bigarren formazio saioa.
- LOMLOE programazioak: Asteartean bigarren lan saioa izango dugu. Saioaren garapena eta xehetasunak calendarren aurkituko dituzue.
- Berrikuntza: Asteazkenean abiatutako lanketarekin jarraituko dugu.
IKASLEEKIN
- Aurkezpen eguna: Asteartean etorriko dira ikasleak, goiza bideratzeko euskarriak calendarren aurkituko dituzue.
- Ikasturte hasierako txangoa ostiralean izango da.
IKASTOLA MAILAKOAK
Langile ataria: tiketak eta aretoen erreserba-sistema
Langile atariko gainaldeko lasterbide grisen bildumatik tiketen botoia kendu dugu. Dakizuenez, hemendik aurrera Inikaz irekiko ditugu tiketak; aretoak erreserbatzeko aukera ere jarri dugu Inikan. Horregatik, Inikak bere lasterbidea baduenez, tiketena kendu egin dugu.
Bide batez esan, langile atariko informazioa eguneratuta dagoela (egutegiak, telefono-zerrenda, bazkaritako menua…). Gogoratu, ikasturte hasierako langile batzarrean aipatu bezala, informazio praktikoaren atala berregituratu eta osatu dugula, eta nabigazioa errazte aldera hodeiaren botoia bitan banatu dugula: “prozesuak” eta “lantaldeak” botoiak daudela orain gainaldeko lasterbide beltzetan.
Urteko Kudeaketa Plana 2024-25: ekarpenak egiteko aukera, irailaren 20ra arte
Asteleheneko langile batzarrean aurkeztu ziren 2024-25 ikasturteko Urteko Kudeaketa Planaren azpimarra nagusiak. Langile atarian duzue ikusgai osorik. Hala nahi izanez gero, irailaren 20ra arteko epea dago ekarpenak egiteko (iraileko Artezkaritza Kontseiluaren bileran behin betikoz onartu aurretik). Ekarpenak egin nahi dituena jar dadila harremanetan hala dagokion etapako zuzendaritza-taldearekin edo saileko arduradunarekin, mesedez.
Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua
Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. EHUren udako ikastaroetako “Irakasteko ikasi” zikloan badira formazio saioak irailean ere. Horrez gain, UEUk prest ditu ikasturte berriko ikastaroak. Langile atarian dituzue guztiaren gaineko xehetasunak.
Ikasturte amaierako langile batzarra: ekainak 30
Asteleheneko ikasturte hasierako langile batzarra pasata, esan ikasturte amaierakoa ekainaren 30ean egingo dela (09:00-13:00). Aurrerago berriz ere aipatuko dugun arren, gogoan har ezazue hitzordua, mesedez.
Egin zaitez Ikastolako bazkide!
Ikasturte hasiera aprobetxatu nahi dugu langileak ere Ikastolako bazkide izan daitezkeela gogoratu eta hala ez dena horretara gonbidatzeko.
Izaera herritarra eta auzolana dira Ikastolon ezaugarri nagusietakoa. Herritik eta herriarentzako sortu ginen: herritar talde batek sortu zuen Ikastola herrikideei hezkuntza-proiektu burujabe, euskaldun eta kalitatezkoa eskaintzeko helburuz. Eta auzolanean, Ikastolako familia eta langileen artean, irudikatzen eta marrazten dugu hezkuntza proiektu horren bidea, taldean. Erabaki eskumena dugu. Ikastola ez da lantokia bakarrik, guztiona den proiektua baizik. Ikastolako bazkide izatera gonbidatu nahi zaituztegu, zuen, denon, Ikastola izateko; Ikastola zuentzako, denontzako, izateko.
Ikastolako bazkide egitea erabakiko bazenute, Añabitarteko edo Esmalteriako bulegora joan besterik ez duzue; bertan beteko duzue bazkide-fitxa eta sinatuko bazkidetza-klausulak. Bazkide egitean, 60€ko ekarpena egiten da Orereta Ikastola Koop. E.ko kapitalera eta hori eginda, urtean 41,30€ ordaintzen dira azpiegiturak sustengatzeko kontzeptu gisa.
Zalantzarik izanez gero edo bestelako argibiderik behar izanez gero, idazkaritza@oreretaikastola.eus helbide elektronikora mezua idatzi edo 943 52 03 97 telefono-zenbakira dei dezakezue.
BESTELAKOAK
Kilometroak Eguna 24: boluntario-eskaera Azpeititik
Datorren urriaren 6an, Azpeitian egingo da Kilometroak Eguna, Gipuzkoako Ikastolen festa, Ikasberri Ikastolak antolatuta eta “Izpiz izpi” lemapean.
Azpeitiko Ikastolako kideak hasiak dira urriko lanak bideratzen eta Orereta Ikastolako komunitatekideoi txosna- eta garbiketa-lanetarako (goizeko txandetan) laguntza eskatu digute.
Iaz guk bezala, Azpeitian boluntarioak behar dituzte Kilometroak Eguna nahi eta behar bezala antolatzeko. Eta iaz guk bezala, zinez eskertuko dute Gipuzkoako gainontzeko Ikastoletako kideen laguntza. Beraz, urriaren 6ko Kilometroak Egunean boluntario lanean aritzeko prest baldin bazaude, bete, mesedez, langile atariko hala dagokion inprimakia. Aste batzuen buruan jarriko gara izena eman dutenekin harremanetan, informazio xeheagoa helarazteko.