HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (24.06.14)


ETAPA MAILAKOAK


Ikasturte amaierako bazkaria: DBH

Iritsi da ikasturte amaiera, eta horrekin batera baita langile bazkaria egiteko garaia ere. Ekainak 27, osteguna (14:30ean) egitea proposatzen dizuegu. Bertan izena emateko epea hurrengo ostirala izango da, irakasle geletan jarriko dira zerrendak. Bestelakoan, beheko irakasle gelan Manexi adierazi; eta goiko irakasle gelan Iratiri. Bazkaria Tolare jatetxean egitea gustatuko litzaiguke, Oiartzunen. Bertan “Tornola menua” erreserbatzeko asmoa dugu. Besterik jakin nahi izanez gero, jar zaitezte gurekin harremanetan. Animatu, eta buka dezagun ikasturtea zapore onarekin!

Berrikuntza: ikasturte amaierako lanak

Hemen duzue ikasturte amaierako notak sartzeko lagungarria izango zaizuen bideo tutoriala. Bertan ematen dizkizuegun jarraibideei so eginez, erraz lortuko duzue egitura sortzea eta notak jartzea.

Nolanahi ere, guregana jo dezakezue edozein azalpen ala laguntza behar izanez gero.

Animo guztioi, azken txanpan gaude-eta!

Oharra: bideo tutoriala Saiokan ere txertatu dugu eskuragarri izan dezazuen (Berrikuntza pedagogikoa DBH/Inika/Pildoratxoak)

Jaiegunak

Urriaren 12an edo/eta abenduaren 6ean lanera etorri ziren lankideek ekainaren 21a edo/eta 24a jaieguna hartzeko aukera dutela gogorarazi nahi dizuegu. Aukera hau baliatzeko asmoa baduzue, koordinatzaileari jakinarazi, mesedez.

Lan-orduak

Aurtengo DBHko egutegian 12 ordu kontabilizatu gabe geratu dira (ekainak 20 eta 21). Bestalde, azken ebaluazio bileretan ordu gehigarri bat sartu genuen.

Ekaineko azken astean, malgutasunez eta, beti ere, klaustroa eta ezinbestekoak ditugun beste bilerak eta eginkizunak errespetatuz, 7 ordu hartzeko aukera dugu eta irailean 6 orduko poltsa izango dugu. Eman koordinatzaileari zuen asmoaren berri, mesedez.

Calendar

  • Ikas bidaiak: 1., 2., eta 3. mailakoek lo bakarreko irteera egingo dute, 4 .mailakoek bikoa.
  • Irteera Donibanera: Asteazkenean, 3. mailakoak goiz-pasa joango dira.
  • Ebaluazioa bilera: Ostegunean ekaineko deialdiaren ebaluazio bilera izango dugu.

IKASTOLA MAILAKOAK


Ikasturte amaierako txostena: tutoreak

Aktak itxi ahal izateko, ikasturte amaierako txostena bete behar zaie ikasleei HH5, LH2, LH4, LH6 eta DBHko maila guztietan. Txosten hori egoki betetzeko, bi eremu bete behar ditu tutore bakoitzak. Bi eremu horiek JPPan jasota daude, beraz, informazio esanguratsua duten ikasleen kasuan, bertan idatzita dagoenetik bete behar da ikasturte amaierako txostena.

Ikasturtean izandako laguntza eta indartze-neurrien atala JPPan “3. IKASLEAREKIN BETEKO DIRAN JARDUERAK” atalean idatzita dagoen informazioarekin bete behar da.

Datorren ikasturterako aurreikusitako laguntza eta indartze-neurriak atala JPPan 4. puntuan dagoen “HURRENGO IKASTURTERAKO PROPOSAMENA” atalean dagoenarekin bete behar da.

Orientazio aholkua eta igarotzeko erabakia tutoreak orientatzailearekin batera beteko du.

Oso kontuan izan familiek ikusgai izango dutela informazio hori Hezkuntzako plataforman. Beraz, esaten dena zaindu, neurtu eta horretara egokitu.

Langile ataria: berritasunak

Berritasunak ditugu langile-atarian. Gainaldean ezkerrean dauden ikonoetako “informazio praktikoa” atalera Ikastolako lanpostuen profilen zerrenda eta xehetasunak, eta eraikinetako autobabes-planak eta azken sute-simulakroen balorazio-txostenak (lan-arriskuen erlaitzean) gehitu ditugu. Hala behar dugunetan eskura izan behar dugun informazioa da, zuzeneko sarbidea izateko gehitu ditugu langile atarira.

Lino Berria: HH5eko haurrek Orereta Ttikin hasiko dute ikasturtea

Orain hamabost egun adierazi bezala, Linoko eraikina berritzeko lanak udan hasiko dira. Obrek iraun artean, Orereta Ttiki erabiltzeko baimena eman berri digute udaletxetik. Beraz, datorren ikasturteko lehen hiruhilekoan horrela antolatuko gara:

  • HH4ko ikagelak Linoko eraikineko alde motzean egongo dira (Linoko alde motza ez da eraberrituko).
  • HH5eko ikasgelak Orereta Ttikin egongo dira.

Oiartzo: Patronatuaren azken bileraren deskargua

Oiartzoko Patronatuak ekainaren 10ean egin zuen bileraren deskargua langile atarian duzue, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” botoian.

Sorgingarra jaia, bertan behera

2022an egin genuen lehenengoz Sorgingarra jaia Ikastolaren izaera eta baloreekin bat egiten duela sinetsita. Iaz ezin izan genuen ospatu eguraldi txarragatik. Udaburuko suaren lehen garraren jaia izan da, azken horren osagarri izateko eta bere izaera paganoa azpimarratu nahiz indartzeko asmoz sortutako egitasmoa. Jaiaren ardatz herria, komunitatea, euskara eta euskal kultura izatea izan da helburua.

Aitzibitarteko Lagunak elkartearen eta Irurtzungo Orritz Iskide taldeko izaki mitologiko, joaldun eta dantzarien laguntzaz egin izan dugu festa. Aurtengoan, Orritz Iskide taldeak ez du aukerarik festan parte hartzeko eta haren faltan, hutsunea nabarmena dela iritzita, Sorgingarra jaia bertan behera uztea erabaki da.

Orain arteko bidearen balorazioa eginda, hainbat motibogatik, etorkizunean ere ez du segidarik izango ziurrenik.

Madalenak 24 – Erriola Gunea: Txosnarako boluntarioak eta herri bazkaria erraldoiekin

Aste gutxi barru Madalenetan izango gara eta urtero bezala, hor izango da Koldo Mitxelena plazan Orereta Ikastolaren gunea: Erriola Gunea, gastronomiaz gain, kultur eskaintza zabalarekin.

TXOSNARAKO BOLUNTARIOAK

Erriola Guneko eskaintza gastronomikoa eta kulturala txukun eta mimoz prestatu ahal izateko, ezinbestekoa da Ikastolako familia, langile, ikasle ohien… laguntza. Beraz, Erriola Gunean parte hartu eta txosnako txandaren bat edo batzuk egiteko prest baldin bazaude, bete langile atarian topatuko duzun inprimakia. Boluntario lanetan aritzen direnek kamiseta polit-polita ere jasoko dute trukean. Anima zaitezte!

Zalantzarik, proposamenik edo iradokizunik izanez gero, idatzi mezua erriolagunea@oreretaikastola.eus helbide elektronikora. Aldez aurretik, eskerrik asko!

HERRI BAZKARIA ERRALDOIEKIN ETA BURUHANDIEKIN: TIKETAK SALGAI DAUDE!

Uztailaren 25ean erraldoi eta buruhandien konpartsen topaketa izaten da herriko festetan eta, horri lotuta, iaz bezala, aurten ere egingo da Erriola Gunean herri bazkaria Xanti eta Maialen, eta gainontzeko erraldoi eta buruhandiekin. Bazkaritarako tiketak salgai daude Ikastolako Esmalteriako bulegoan, eta herriko Desira eta Arkaitza tabernetan. Paella, oilasko errea eta postrea, horixe menua. Salneurria: 9€ (helduak) | 5€ (haurrak) (edaria aparte). Familian edota lagunartean egiteko plan bikaina da, anima zaitezte!

Ikastolen VII. Batzarra: ekainaren 22an, Iruñean

Ekainaren 22an, Iruñean, VII. Batzarra egingo dugu Euskal Herriko Ikastolek hurrengo zortzi-hamar urteetako Ikastolen erronkei aurre egin eta xede nagusiak ezartzeko. Gaurtik begiratuta, biharko Ikastolak irudikatzeko ahalegina egitea dagokigu, eta horretarako, Ikastolen Elkarteak egin duen proposamenari ekarpenak egiteko aukera izan dugu. Orereta Ikastolatik ere egin ditugu gureak.

Ikastoletatik bidali ditugun ekarpenak aztertu ditu Ikastolen Elkarteak eta eman digu horren berri. Orain, ekainaren 22an, hori guztia aintzat hartuta, Ikastola guztiok bozketa batean hartuko dugu parte eta hortik aterako dira Ikastolon datozen zortzi-hamar urteetako lan ildo nagusiak. Orereta Ikastolako zuzendaritza-taldeko eta Artezkaritza Kontseiluko ordezkariak ere Iruñean izango dira ekainaren 22an. Ostean, emango dizuegu Ikastolen VII. Batzarrak eman eta utzi duenaren berri.


ETAPA ARTEKOAK


HH-LH-DBH | Ikasturte amaierako elkarkidetza saioak

Aste honetan Elkarkidetza saioak izan dira DBHn. HH3, HH4, HH5 eta LH1ekoen bisita jaso dute DBH 3. eta 4. mailako hainbat ikaslek. Adina adin, ahal adina gozatu dute denek!

Mila esker Euskaraz Bizi taldeko kideei euskaratik eta euskaraz elkarkidetza egun hauek posible egiteagatik. Lan ederra izan da, bejondeizuela!