HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (24.05.31)


ETAPA MAILAKOAK


Berrikuntzatik berriak

DBH-ko berrikuntzako SAIOKAko ikastaroa etengabe elikatzen ari gara. Horregatik, bertan txertatutako azken nobedadeen berri eman nahi dizuegu:

  • LOMLOE legeari dagokion atal berria gehitu dugu. Atal horretan hiru dokumentu aurkituko dituzue: (i) legearen laburpena; (ii) etapako arlo bakoitzeko ebaluazio-irizpideak eta jakintzak; eta, (iii) programazio didaktikoak diseinatzeko txantilioia.
  • “Baliabide interesgarriak” deituriko atala gehitu dugu. Bertan, aurtengo Piztu Jakinmina topaketetako aurkezpen osoa duzue.  Egoitz Sayar, Amaia Ayala eta Nerea Abancens-ek aurkeztutako ESADAZU proiektua (30-76. diapositibetan) ikustera animatzen zaituztegu!

Interesgarria izango zaizuelakoan, eskerrik asko! DBHko berrikuntza taldea.

Ebaluazio bilerak

Astelehen eta astearte arratsaldean EBALUAZIO BILERAK gauzatuko ditugu. Hona hemen zenbait ohar garrantzitsu:

  • NOTAK: Jolasgarairako egun bakoitzeko taldeen notak sartuta egon behar dute.
  • CNEen ebaluazioa. CNEa duten hiru ikasleen CNEa ebaluatu behar dugu. Beraz, ikasle hauen irakasle bakoitzak dokumentuan jasotako ebaluazio adierazleak ebaluatu behar ditu.
  • DENBORAREN KUDEAKETA: taldeari dagokion balorazio orokor bat egingo da. Bertan, tutoreek taldearen lan ohiturak, zailtasunak, jarrerak, harremanak eta erronkak laburbilduko dituzte. Ondoren, eta ebaluazio bilera eraginkorra izan dadin, ez dugu ikasle guztien inguruan hitz egingo, zoriondu nahi ditugun ikasleak aipatuko ditugu eta, ondoren, hobetu daitezkeen emaitzak eskuratu dituzten ikasleen inguruan zentratuko gara. Kasu hauetan, tutoreak proposamen zehatzak egin eta hartu beharreko erabakiak hartuko ditugu. Ahal den neurrian, hortaz, saia gaitezen talde bakoitzari dagokion denbora errespetatzen.
  • KANPO OHARRAK: gogoan izan hirugarren ebaluazioko suspentsoez gain, beste bi hiruhilekoetakoen berri ere eman behar dugula oharretan. Kasu hauetan kontuan hartu etorri berriak diren familiek baita hala eskatu duten familiek ere elebitan jaso behar dituztela.
  • BARNE OHARRAK: Astelehenetik asteazkenera bitarte oharrak sartzeko tarteak izango ditugu.
  • EKAINEKO DEIALDIA: berreskurapen azterketen berri datorren astean emango dizuegu.
  • ERREBISIO EGUNA: Ostiralean izango da hirugarren ebaluazioari dagokion errebisio eguna.

Calendarrari lotutakoak

Datorren asterako hainbat ekintza dauzkagu aurreikusita. Tartetxo bat hartu Calendarrari errepasoa emateko, mesedez.

  • OFE2: Astelehenean egun osoko irteera egingo dute.
  • OFE1: Asteartean egun osoko irteera egingo dute.
  • OFE3: Ostegunean 11:00etatik aurrera irteera egingo dute.
  • LH6KOAK BISITAN: Asteazkenean, 09:15ean, DBH ezagutzera etorriko dira.
  • GAZTE OLINPIADAK : Ostiralean 1. mailako ikasleak Ziburura joango dira.

EmanTIK

Iazko ikasturtean bezala, aurtengoan ere EmanTIKeko balorazioa egin behar dugu. Galdetegia DBH1 eta 2ko mailetan sartzen diren irakasle guztiek bete behar dute. Balorazioa ekainaren 10erako egitea eskatzen dizuegu.

Futbol txapelketa

DBH 4. mailako ikasleen azken festa ekainaren 14an izango da. Hori antolatzen hasiak dira dagoeneko. Tartean, futbol txapelketaren final handia ospatu nahi dute (irakasleen kontra). DBH4ko ikasleen arteko torneo edo txapelketa bat antolatu dute egun horri begira. Astelehenean hasiko da, eta jolas orduetan izango da, estalpe nagusian. Zaintzan zaudeten irakasleak jakitun izan zaitezten esaten dizuegu. Ea ganoraz antolatzeko eta kudeatzeko gai diren. Eskerrik asko!


IKASTOLA MAILAKOAK


Artezkaritza Kontseilua: maiatzeko bileraren deskargua

Maiatzaren 29an egin zen Artezkaritza Kontseiluaren hil honetako bilera. Langile atarian duzue laburpena, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” botoian.

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasuna EHUren unibertsitatez kanpoko irakasleentzako udako ikastaroen eskaintza da. Langile atarian dituzue xehetasunak.

Ekainak 28: ikasturte amaierako langile batzarra

Ekainean sartzear, gogoratu nahi dizuegu aurtengo ikasturte amaierako langile batzarra ekainaren 28an izango dela, 09:00etatik 14:00etara. Laster helaraziko dizuegu gai-zerrenda.

Lino Berria: obrak udan hasiko dira

2019an Esmalterian egindakoei jarraipena emanez, Ikastolaren Linoko eraikinaren eraberritze-lanak udan hasiko dira. Proiektua eginda eta erabakia hartuta dago, lanen-esleipena ere eginda dago. Ikasturte amaierako langile batzarrean hitz egingo dugu gaiaz.

Nahita eragindako kalte materialak DBHko eraikinean

Nahita eragindako kalte material esanguratsuak izan ziren pasa den asteburuan Ikastolaren DBHko eraikinean, ostiraletik larunbaterako goizeko 03:00etan. Hainbat leiho erabat txikitu zituzten, obrako materiala lardaskatu zuten (DBHko fatxadaren zati bat konpontzen ari gara) eta zakarrontzietako zakarra estalpean zabalduta utzi zuten.

Zoritxarrez, tarteka-marteka izaten dira gisa horretako gertakariak Ikastolaren eraikin eta inguruetan. Oso noizbehinkakoak izan direnez, orain arte ez zaie horien berri ofizialki eman izan Ikastolako familiei eta langileei. Oraingoa, ordea, Aste Santuko oporretatik hona gertatu den bigarrena da eta kalteei dagokienez, larria, gainera.

Horiek horrela, Ikastolak hartu beharreko neurriak hartu eta eman beharreko pausoak eman ditu oraingo gertakaria bideratzeko eta etorkizuneko balizkoak ekiditeko.


ETAPA ARTEKOAK


LH-DBH | Madalenak 24 kartel lehiaketa: Ikastolako bi ikasle, sarituak

Epaimahaiak maiatzaren 29an eman zuen XXXVIII. Madalenetako Kartel Lehiaketaren irabazleen berri. Ikastolako ikasle diren Egoitz Nogueiraren eta Libe Agirreren lanak sarituak izan dira. Haurren programazioaren irudia izango da Egoitzena. Liberen kartelak herritarren saria irabazi du. Bejondeiela parte-hartzaile guztiei! Eta zorionak Egoitzi eta Liberi!

Batxilergoa-Oiartzo | Saria Etorkizuna Sortzen programan parte hartzeagatik

Batxilergoko 1. mailako ikasleek Feel My Way kooperatiba zestoarraren Etorkizuna Sortzen programan parte hartu dute otsailetik maiatzera. Etorkizuna Sortzen DBH3 eta BATX1 arteko gazteei etorkizuneko euren biderako orientazioarekin laguntzeko modu berritzailea da, plataforma digital batean dagoen lau saioko programazio bat. Autoezagutza, errealitate eta esperientziak ezagutzea, erabakitzea eta esperimentatzea ditu oinarri.

Programan parte hartu eta proiektuak entregatu dituzten taldeen artean 300€ko bost sari banatu berri dira eta horietako bat Oiartzoko 1. mailako gazteei tokatu zaie! Maila guztiaren orientazio lanetarako erabiliko da dirua, datorren ikasturtean.