HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (24.03.15)


ETAPA MAILAKOAK


Calendarrari lotutakoak: hurrengo asteko ekintzak

Ikasleekin

  • Planeta dantzan: Datorren asteko astelehenetik ostegunera bitarte 1. mailako ikasleek  “Planeta dantzan” programako bigarren saioa jasoko dute ikastolan. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
  • Juul kanpaina: Datorren ostegunean, martxoaren 21ean, Irakurriz Gozaturen beste saioa dugu. Calendarren aurki dezakezue ordutegia. Dagoeneko aukeratu zuten liburua bukatzen egongo dira, beraz liburua irakurtzeko saio gehiago ez ditugu emango. Oporretatik bueltan, apirilaren 11n, Juul kanpaina honetako bozketa eguna izango dugu. Horren inguruko argibideak aurrerago emango ditugu. Mila esker. Ane S.
  • Komunikazio tailerrekoen podcasta: Datorren ostiralean, martxoaren 22an, 2. mailako Komunikazio tailerreko ikasleek Korrikari buruzko podcasta grabatuko dute Lekuonan. Hori dela eta, ikasle horiek 09:30ean aterako dira ikastolatik Sararekin eta 12:30ean itzuliko dira Andaluzia biribilgunera gainerako ikaskideekin batera Korrika gaztean parte hartzeko. Eskerrik asko! Sara
  • Korrika gaztea: Datorren ostiralean Korrika gaztean parte hartuko dugu. Antolaketa Calendarren duzue ikusgai.
  • Oiartzokoak DBHra: Asteazkenean etorriko dira gurera DBH4A, 4C eta 4D geletako ikasleei informazioa ematera. 3. saioan gela horietan klasea duzuen irakasleek ez duzue saiorik izango, eta tutoreek sortutako hutsuneren bat bete beharko duzue, akaso.
  • Lanbide Heziketako kanpo bisitak: 4B eta 4E geletako ikasleak Lanbide Heziketako Easo ikastetxera joango dira datorren ostegunean. Honek gure saioen antolaketan eragingo du.

Irakasleak

  • HTI: Hurrengo astelehenean saio bateratua izango dugu 14:45-17:45 artean.
  • Monografikoak: Datorren asteartean izango dira 14:30-18:00 artean. Calendarren dauzkazue hurrenkera eta metodologia proposamena.
  • Klaustro bilera: Hurrengo asteazkenean 14:10-14:40 artean liburutegian elkartuko gara Euskal Herriko Ikastolren VII. Batzarraren berri izan dezazuen.

Liburutegiaren erabileraren inguruan

Behin eta berriz adierazi dugu liburutegian ikasleek ezin dutela bakarrik egon, ez direlako espazio komun hori behar bezala zaintzeko gai. Aste honetan talderen bat bakarrik egon da, espazioa desastre egina utzita: pareta margotuta, liburuak apalategiaren atzera botata, fruta hondarrak apaletan… Lankide batzuek lan handia egin dute espazio hori txukuntzen, beraz, gure presentzian ez bada ez daitezela egon eskatzen dizuegu, mesedez.

Jarraipen batzordea

Asteartean ikasturteko bigarren jarraipen batzordea izan genuen. Irakurtzeko interesik izanez gero hementxe  daukazue akta.


IKASTOLA MAILAKOAK


Ikastolen Lan Hitzarmena: behin behineko soldata igoera

2024ko martxoaren 7an bildu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ikastolen Lan Hitzarmenaren mahaia eta aldebakarrez honakoa onartu zuen: 2023ko urtarriletik hasita, soldatan %0,5eko igoera aplikatuko zaie kategoria guztiei, bai oinarrizko soldatan, baita antzinatasunean ere (2023ko urtarriletik 2024ko otsailera bitarteko atzerapenak barne).

Jakin badakigu Ordainketa Eskuordetutik, batetik, martxoko nominan igoera aplikatuko dutela eta bestetik, 2023ko urtarriletik 2024ko otsailera bitarteko atzerapenak ere martxoko nominarekin batera ordainduko direla.

Horiek esanda, kontuan izan ondorengoak:

  • Nomina Ikastolatik jasotzen baduzu, batetik, martxoko nomina jasoko duzu, eta bestetik, 2023ko urtarriletik abendura bitarteko eta 2024ko urtarrileko eta otsaileko atzerapenak bi nominetan edo gehiagoan (izan duzun kontratu kopuruaren arabera).
  • Nomina Ikastolatik eta soldataren zati bat Ordainketa Eskuordetutik jasotzen baduzu, martxoko nomina eta atzerapen guztiak batera ordainduko zaizkizu. Ordainketa Eskuordetuak dena batera ordaintzen duenez eta Ikastolak, aldiz, nomina eta atzerapenak bereizi egin behar dituenez, baliteke martxoko nomina negatiboa izatea. Hala bada, ez egin itzulketarik; Ikastola bera arduratuko da hurrengo egunetan hala dagokizuenei kargua egiteaz.

Urteko Ohiko Batzar Nagusia 2024: deskargua eta hainbat euskarri interesgarri

2024ko otsailaren 28an egin zen Orereta Ikastola Koop. E.-ko Urteko Ohiko Batzar Nagusia. Langile atarian duzue deskargua, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” botoian. Laburpen horrez gain, Ikastolako webguneko bazkideen atalean jarri dira publiko Batzar Nagusiari lotutako hainbat euskarri interesgarri: Aurrera! memoria, Kilometroak 23 Urtearen laburpen bideoa (Aurrera! memoriaren barruan) eta Orereta Ikastola Koop. E.-ren estatutu eguneratuak, besteak beste.

Itziar Navarrok berak emailez aurreratu bezala, Ikastolako lehendakari izateari utzi dio. Xabier Gorratxategik hartuko dio lekukoa. Horixe Batzar Nagusiko azpimarra nagusietako bat. Beste azpimarra bat Kilometroak 23 Urtearen laburpen bideoan jarriko genuke guk, hainbat eta hainbat hilabetez egindako lanari distantzia pixka batetik begiratu eta are gehiago baloratzeko aukera ematen baitu. Nahi izanez gero, hementxe duzue ikusgai.

Oiartzo: aurrematrikulazioa 2024-25

2024-25 ikasturtean batxilergo-ikasketak egiteko aurrematrikulazio-epea apirilaren 8tik 19ra artekoa izango da. Kanpaina bere horretan martxan jarri aurretik, jada Oiartzoko lankideak Haurtzaro eta Oreretan izanak dira (familiekin nahiz ikasleekin), eta bateko zein besteko DBH 4. mailako ikasleek Oiartzo bisitatu dute. Ate irekien saioa apirilaren 9an egingo da. Aurreikuspena 2024-25 ikasturtean, 1. mailan, hiru lerro izatea da. Egun, hiru lerro ditugu 1. mailan eta lau bigarrenean.

MoreretaON: balorazio-inprimakia

MoreretaON-eko lantaldeak balorazio-inprimakia prestatu du martxoaren 8aren bueltan egiten dena baloratzeko eta etorkizunerako proposamenak jasotzeko. Lankideek betetzea eskatu dute. Beraz, eskertuko genizueke erantzuteko tarte bat hartzea. Langile atarian topatuko duzue aipatu inprimakia. Bidenabar, eskerrik asko denei ekimenean parte hartu eta lagundu izanagatik!

23. KORRIKA: anima zaitezte Ikastolaren kilometrora!

KORRIKA ofizialaren 23. edizioa martxoaren 23an helduko da gure herrira eta Ikastolaren kilometroan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Ikastolaren kilometroa 2656.a izango da. Martxoaren 24ko 00:05ak aldera helduko da lasterketa kilometro horretara, Galtzaraborda 53. zenbakira (autobus geltokira). Herriko DBHko eta batxilergoko ikastetxeetako gazteek ekarriko dute lekukoa Beraungo Eroskitik behera eta herriko ikastetxeetako ordezkariei emango diegu Bizarain ikastetxearen parean bukatzean.

Ikastolako kilometroan, Ikastolako familia batek eramango du lekukoa. 2019an langileen ordezkariek eraman zuten; 2022an, bazkide batek; eta aurtengoan, txandaka egiten denez, esan bezala, familiena izango da aukera. Inprimaki bat betetzen ari dira lekukoa eraman nahi duten familiak, eta martxoaren 21ean zozketa egingo da izena eman dutenen artean.

Ikastolako kilometroan parte hartzeko gonbitaz gain, DBHko eta batxilergoko gazteenean eta herriko ikastetxeenean ere lasterka aritzera animatu nahi zaituztegu, Ikastolarenak ere izan bai baitira kilometro horiek.


ETAPA ARTEKOAK


Mindara elkartearen aldeko azoka solidarioa martxoaren 18an, LH 6. mailako ikasleen eskutik

LH 6. mailako ikasleek Mindara elkartearen aldeko merkatu solidarioa antolatu dute martxoaren 18an. 10:00etatik 13:00etara, Agirren Lehendakariaren eta Niessengo plazetan egongo dira 2. eskuko jostailu eta jolasak eta eskuz egindako gauzak saltzen.

Mindara elkartearen aldeko merkatu solidarioa diziplina arteko proiektu baten fruitua da. Ingurunea arloan, gobernuz kanpoko erakundeak lantzen aritu dira: zer diren, zer egiten duten… Herrian gisa horretako erakunderik ba ote den bilatzen hastean egin dute topo Mindararekin, eta antolatu dute merkatu solidarioa ingurunea ez beste hainbat arlotako edukiak nahiz lanketak txertatuz eta antolaketarako ikasgela arteko hainbat lan-batzorde osatuz.

Blaitu Kluba: Blaitu MHLZ lehiaketa martxoaren 18tik 23ra eta Erronka Aste Santuko oporretan

BLAITU MHLZ LEHIAKETA

Blaitu Klubak  2. “Blaitu MHLZ lehiaketa” antolatu du, martxoaren 18tik 23ra. 23. KORRIKAren aitzakian, ETBko Mihiluze saioan oinarrituta, familia edota lagun giroan eta euskaraz momentu dibertigarri eta atsegina pasatzea da ekimenaren helburu nagusia.

Martxoaren 18tik 22ra bitartean, “Blaitu MHLZ” jolas bat eskainiko da egunero Ikastolaren webguneko Blaitu Klubeko atarian. Jolas horiek entrenamendu saioak izango dira martxoaren 23an, KORRIKA gure herritik pasako den egunean, jokatuko den lehiaketa handirako. Martxoaren 23ko lehiaketako irabazleak Urruñako WOW parkerako sarrerak eskuratuko ditu etxeko kide guztientzat. Langile atarian dituzue xehetasun gehiago eta lehiaketan parte hartzeko aukera.

ERRONKAK PROGRAMA

Ikastolako komunitate osoari zuzendutako Erronkak programaren bigarren emisioa Aste Santua aurretik estreinatuko da, saria duten lehiaketa zein txalentxekin. Hortxe, beraz, oporretarako plana.

Animatu eta parte hartu Blaitu MHLZ lehiaketan eta Erronkak programan, eta animatu ikasleak eta familiak ere gauza bera egitera! Blaitu mingainak eta busti euskaraz!

MoreretaON 2024: harro more! (argazki-galeria)

Pasa den ostiralean, martxoaren 8an, egin genuen aurtengo MoreretaON, etenik gabeko hainbat orduko korrikaldi morea. Langile atarian (albisteen atalean) duzue ekimenari buruzko kronika irakurri eta argazki-galeria ikusteko aukera.

Errio bueltan korrika, harro herri oihuka; halaxe joan da aurtengo MoreretaON. Eskerrik asko, Ikastolako 1200 ikasle eta langileei eta 70 udal ordezkari, herriko elkarteetako kide, familia eta herrikide den-denei! Garrantzitsua da oso gizarteko erpin ezberdinetatik berdintasunaren alde egiten den lana, eta hortaz, izugarri estimatua zuen presentzia eta ekarpena!


BESTELAKOAK


Orereta Ttiki haur eskolak ateak itxiko ditu 2024ko uztailean

Erabaki zaila izan da, pentsatuko duzuen moduan. Jaiotzen jaitsierak eta administraziopeko haur eskolak doakoak izateak matrikulazioa nabarmen jaistea ekarri dute; eta Orereta Ttiki ixteko erabakia aurreratu egin da. Bestela ere etorkizun zaila zuten aurrean, Udalak lagatako eraikina eraistera baitoaz.

Elkarlanean aritu gara Orereta Ttikikoekin urteetan eta Ikastolatik sortutako proiektua izanik, pena handiz jaso dugu berria. Zorterik onena opa diegu bertako langileei.

Herri Urrats 2024k badu abestia

Pasa den astean aurkeztu zuten 2024ko Herri Urrats jaiaren abestia. Neomak taldearena da “Hor gaude” kanta.

Saharako errefuxiatuak: janari-bilketagatiko eskertza

Urtarrilean Saharako errefuxiatu kanpamentuetarako janari eta baliabide bilketa egin genuen Ikastolan. Kanpaina antolatzen duen elkartetik esker-mezua jaso dugu eta parte-hartzaileen artean zabaltzeko eskatu digute. Beraz, mila esker kanpainan parte hartu zenuten langile denei!