HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (24.03.08)


ETAPA MAILAKOAK


Ebaluazio bileretan sartutako orduen inguruan

Aste honetako ebaluazio bilerak 17:30ean amaitzea aurreikusi genuen. Astelehenean 18:10ak arte luzatu ginen, eta, asteartean, 19:20era arte. Kontuak honela, bi egunetan bukatu arte geratu diren irakasleek bi ordu eta erdi gehiago sartu dituzte.  Norberak sartutako ordu gehigarriak datorren astean hartzea proposatzen dizuegu. Hurrengo aukerak proposatzen dizkizuegu: martxoaren 11 edo 12ko Hedatze saioak eta martxoaren 13ko norberaren lanetarako tartea. Horietan posible ez balitz, norberari ondo datorkion edozein tarte balia dezakezue (saiorik ez daukazuen lehenengo edo azken orduren bat); malgutasunez, eta koordinatzailea jakinaren gainean jarrita, mesedez.

Calendarrari lotutakoak: hurrengo asteko ekintzak

  • Datorren astelehenean Latineko ikasleak “Miles Gloriasus” ikustera joango dira Bilbora.
  • Oiartzora bisita (DBH4): 4A, 4C eta 4D geletako ikasleak Oiartzora joango dira ostiralean. 12:15-13:45 artean izango da bisita. Laugarren saioan 5 minutu lehenago amaituko dugu 12:15erako bertan egon ahal izateko.

IKASTOLA MAILAKOAK


Kilometroak 2024: Tanta zozketa-txartela

Aurtengo Kilometroak Eguna urriaren 6an ospatuko da Azpeitian, Ikasberri Ikastolak antolatuta eta haren alde.

Ikastolok, Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren alde egiten eta hura egikaritzen jarraitu ahal izateko, bultzada ekonomikoa behar izaten jarraitzen dugu. Horregatik, Ikastolen aldeko festen antolatzaileek, urtero egiten duten gisan, Euskal Herriko beste Ikastolongana jo dute Tanta zozketa-txartelak familien zein langileen artean saltzeko laguntza eske.

Urtero egiten den zozketa-txartelen salmenta hori da Kilometroak eta Ikastolen aldeko beste jaien diru-iturri nagusietako bat; arropa-salmentarekin batera.

Horiek horrela, Ikastolen jaiak Ikastola guztion festak direlako, langileok zozketa-txartelak jasoko ditugu hala dagokigun etapako zuzendaritza-kideen edo saileko arduradunaren eskutik. Eta elkartasun- eta laguntza-keinu gisa, beste zozketa-txartelen bat hartzera ere animatu nahi zaituztegu. Tanta txartelaren zozketa ekainaren 21ean egingo da notario aurrean eta zenbaki sarituak 60.000 € jasoko ditu.

Kontrakorik esan ezean, apirilaren 1ean kontutik kobratuko zaizkigu langile guztiei Tanta zozketa-txartelak; norbaitek txartel gehigarriak eskatuko balitu, hala dagokion zenbatekoa kobratuko zaio. Tanta zozketa-txartela nahi ez duenak martxoaren 15era arteko epea du horren berri emateko hala dagokion etapako zuzendaritza-kideei edo saileko arduradunari. Txartel gehigarriak etapetako zuzendaritza-kideei edo saileko arduradunari eskatu behar zaizkie.

Guraso ere badiren langileek ez dute Tanta zozketa-txartelik jasoko langile gisa (seme-alaben bitartez jasoko dute txartela). Oiartzoko guraso eta Oreretako langile direnek Oiartzotik jasoko dute gutun-azala seme-alaben bitartez. Oiartzon eta Oreretan langile direnek Oreretatik jasoko dute.

Errenta aitorpena – 10T: hala eskatu ezean, ez da emango

Azken urteetan, errenta aitorpenaren proposamena egina jasotzen dugu gero eta jende gehiagok eta, beraz, maiz, ez dugu 10T ziurtagirik behar izaten. Hori jakinik (eta jasangarritasunagatik ere bai), ziurtagiria ez ematea erabaki da. Norbaitek beharko balu, edozein dela ere motiboa, jar dadila harremanetan Ana Arruabarrenarekin (administraria) eta momentuan helaraziko dio.

Euskal Herriko Ikastolen VII. Batzarra: orain artekoak eta hemendik aurrerakoak

Euskal Herriko Ikastolak biharko Ikastolak definitzera goaz datozen hilabeteetan: pasa den otsailaren 26an aurkeztu zen ekainaren 22an Iruñean egingo den  Ikastolon VII. Batzarra. Martxan da, beraz, hurrengo zortzi-hamar urteetan Ikastolon mugimenduak egingo dituen urratsak eta ezarriko dituen mugarriak erabakitzeko prozesua, horixe baita VII. Batzarraren xedea.

Ikastoletako Artezkaritzako Kontseiluko eta zuzendaritza-taldeetako kideak bildu dira Ikastolen Elkarteko ordezkariekin: eskualdekako bilerak egin dira han-hemenka otsailaren 26tik martxoaren 7ra bitartean. Orain, apirilaren 26ra bitartean, Ikastolok Ikastolen Elkarteak egin duen proposamenari ekarpenak egiteko aukera izango dugu.

Hurrengo klaustroetan VII. Batzarraren gaineko xehetasunak azalduko dira eta ekarpenak egiteko moduak eta bideak proposatuko dira. Bien bitartean, VII. Batzarrari klaustroetan eskainiko diogun tartea emankorragoa izan dadin, eskertuko genizueke prozesu honetarako guztirako prestatu den dokumentazioa eta euskarriak aurrez irakurri eta ikustea. Langile atarian dituzue eskura.

Biharko Ikastolak irudikatu eta marraztera goaz datozen hilabeteetan eta ezinbestekoa da Ikastolen mugimendua osatzen dugun guztion ekarpena.

KORRIKA-Zubiak Eraikiz: “Azterketak euskaraz” kamisetak salgai Ikastolan

23. KORRIKAko omendua Azterketak Euskaraz kolektiboa da, baxoa eta brebeta frantsesez egin ordez euskaraz egiteko borrokan aritu diren eta ari diren ikasleak. Beren ikasketen une erabakigarri batean, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute.

Horri jarraiki, Ikastolon sareko Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek gonbita egin diete KORRIKAn parte hartuko duten herritar denei “Azterketak Euskaraz” aldarria bere egin eta erakuts dezaten, lasterka edonon egingo dutela ere. Orereta Ikastolak bat egiten du gonbitarekin eta komunitatekide guztiak ere horretara animatu nahi ditu, Ikastolok Euskal Herri osoko eragile garelako, eta Zubiak Eraikiz proiektuan brebeta eta baxoa euskaraz pasa ezin dituzten ikasleak ditugulako bidaide eta babesa eskaini nahi diegulako.

Edozein modu da aproposa “Azterketak Euskaraz” aldarriarekin bat egiteko. Hori esanda, jakizue, hala nahi izanez gero, Ikastolan “Azterketak Euskaraz” kamisetak ditugula salgai KORRIKAn lasterka aritu eta, bide batez, Seaska eta Azterketak Euskaraz kolektiboa diruz laguntzeko. 10€ balio ditu kamisetak eta langile atariko hala dagokion inprimakia betez eska daitezke. Martxoaren 12ra arteko epea dago eskatzeko. Ostean, martxoaren 13an, jaso eta ordainduko (eskudirutan) dituzte eskatzaileek.

GOGORATU!!! GAUR DA KORRIKAN ZUBIAK ERAIKIZ PROIEKTUAK HENDAIAN IZANGO DITUEN METROAK EGITERA JOATEKO IKASTOLAKO AUTOBUSEAN IZENA EMATEKO AZKEN EGUNA.


BESTELAKOAK


KORRIKAren amaierara (Baionara) autobusez joan nahi duzu?

Oarsoaldeko AEKk autobusa antolatu du martxoaren 24an Baionara, KORRIKAren amaiera egunera, joateko. 09:40an pasako da Zumarditik eta 19:00etan bueltatuko da. Autobus-txartelak Oarsoaldeko AEKren euskaltegietan daude salgai (15€).

Udalekuak: Udalaren eta EHIren eskaintza

Udalak eta EHIk eman dute beren udaleku-eskaintzaren berri. Hemen topatuko dituzue lehenaren eta bigarrenaren gaineko xehetasunak. Ikastolak antolatzen dituen udalekuen berri datozen asteetan emango dizuegu.

Hainbat artikulu interesgarri