HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (24.02.02)


ETAPA MAILAKOAK


Plastika eta Teknologia geletako materialaz

Azken asteetan ikasleak Plastika eta Teknologia geletara joan-etorrian dabiltza material bila. Materialaren erabileraren “deskontrola” sortzen ari da, askotan baldintza txarretan itzultzen dutelako, eta. beste batzuetan, ez dutelako bueltatu ere egiten. Horretaz gain, Plastika eta Teknologia geletan klasean egoten dira, eta etengabe eteten dituzte saioak. Edozein ikasgai edo ekintza berezitan ikasleei materiala eskaini behar badiegu, har dezagun irakasleok honen ardura, mesedez. Uste dugu Inauteriak tarteko deskontrolatu dela egoera, baina zaindu ditzagun kontu hauek, mesedez.

Datu babesen inguruko prestakuntza: data aldaketa

Korrikari hasiera emateko ekitaldia eta fatu babesen inguruko formakuntza saioa data berean elkartu zaizkigunez, bigarrena apirilaren 11ra pasa dugu (14:45- 16:15).

Komunen erabileraz

Garbitzaileek adierazi digute oporren bueltaz geroztik ikasleak DBH3ko eta DBH4ko komunak penagarri uzten ari direla: papera zisternetan, botikineko tresnak komun zuloan, pixa komunetik kanpo egina… Egoeraren aurrean etsita daudela azpimarratu digute, eta laguntza eskatu. Ikasleekin hitz egitaz gain, zaintzak estutuko ditugu: 08:00etan, eta jolasgaraiaren aurretik eta ondoren komuneko joan-etorriak moztuko ditugu, eta taldean biltzea ekidin; ea egoera bideratzea lortzen dugun. Bigarren zikloan saioak ematen dituzuen irakasle guztion laguntza beharko dugu. Eskerrik asko!!

Calendarrari lotutakoak

  • Sentsibilizazio saioa: Datorren astelehenean, OPE aholkularitza zerbitzuak eskainitako autoebaluazioren inguruko Sentsibilizazio saioa jasoko dugu.
  • Drogomenpekotasun saioak (DBH4): Otsailaren 13tik 15era bideratuko ditu Nerea Laurenzek. Calendarren dituzue datak eta antolaketa eskura. Mila-mila esker, Nerea!
  • Garabide (DBH4): Iazko lanketari jarraiki, laugarren mailakoek Garabideko saioak izango dituzte otsailaren 16tik aurrera. Adi Calendarreko antolaketari, mesedez.

IKASTOLA MAILAKOAK


Artezkaritza Kontseilua: urtarrileko bileraren deskargua

Asteazkean, urtarrilaren 31n, izan genuen Artezkaritza Kontseiluaren ikasturte honetako hirugarren bilera. Langile atarian duzue laburpena, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” botoian.

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasunak “Gaztelania Atzerritar Hizkuntza (GAH/ELE)” eta “Gaztelania Bigarren Hizkuntza” (GH2/EL2)” irakasleriarentzako formazio saioak eta “Mindfulness-a eta hartzaroa” prestakuntza dira. Langile atarian dituzue xehetasunak.

Ongietorri bilera familia etorri berriekin

Ikasturte honen hasieran edo irailetik gaur arte Ikastolara iritsi diren jatorri atzerritarreko familiekin elkar ezagutzeko bilera egin zen pasa den urtarrilaren 24an. Famili etorri berriek beraiek zein Ikastolaren ordezkari gisa joandako lankide eta familiek oso balorazio ona egin dute, eta beraz, dinamikari jarraipena emateko asmoa dago.

Bide batez esan, familia etorri berriek asko eskertu dutela Ikastolan jaso duten harrera, arreta-bulegotik hasi eta tutorearengana iritsi arte. Beraz, bejondeizuela eta mila esker hala dagokizuen denei!

Bikain ziurtagiria: ebaluatzaile izan nahi duzu?

Bikain Eusko Jaurlaritzaren euskararen kalitate ziurtagiria da, enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen dituena. Orain urte batzuk izan zuen Ikastolak Bikain ziurtagiria, baina azken urteetan ez du berritu. Eta orain heldu nahi zaio berriro kontuari: Ikastolak Bikain ziurtagiria izateko eskaera egin du.

Bikain ebaluazio baten ostean jasotzen den ziurtagiria da. Erakundez kanpoko ebaluatzaile batzuek egiten dute lan hori. Funtzionatzeko modu horri jarraiki, Bikain ziurtagiria izateko eskaera egiten duten erakundeei, besteak beste, ebaluatzaileak ere eskatzen zaizkie; beste erakunde baten ebaluazioan parte hartuko duten ebaluatzaileak, hain justu. Eta horretarako, prestakuntza-saioetan parte hartzea eskatzen zaie.

Horiek esanda, Bikain ziurtagiriko ebaluatzaile izateko gonbita luzatzen zaie Ikastolako langile guztiei. Langile atarian topatuko dituzue gaiaren gaineko xehetasun gehiago eta ebaluatzaile gisa izena emateko aukera. Egoitz Verdugorengana ere jo dezakezue.


ETAPA ARTEKOAK


Oiartzo | Euskal Olinpiadak, harremanak eta zubiak garaile

Haurtzaro eta Oreretako DBH 4. mailako ikasleen eta Oiartzoko batxilergoko 1. mailako ikasleen arteko harremanak sendotzeko asmoz egin zen Euskal Olinpiaden bigarren edizioa urtarrilaren 12an. Langile atarian (albisteen atalean) topatuko dituzue egunaren kronika eta argazki-galeria.