HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.10.20)


ETAPA MAILAKOAK


Adimen gaitasun handiko ikasleen protokoloa

DBH1en protokoloa martxan da. Datorren astetik aurrera DBH1eko zenbait ikasleri hainbat proba pasatzen hasiko gara. Saio batzuetan faltan izango ditugu. Tutoreak jakitun izango dira, eta, dagokion irakaslea ere jakitun izan dadin, kronograma calendarren jartzen joango gara. Ikasleak probak pasatzen ari direnean Inikan ez diegu hutsegiterik jarriko. Urriaren 30eko klaustroan xehetasun gehiago emango dizkizuegu.

Irakurriz gozatu, asteazkenean

Asteazken honetan, “Irakurriz gozatu” hirugarren saioa izango da. Calendarren dituzue xehetasunak. 4C klasean antzerki forumarekin kointziditzen zuenez, gela horretan saioa 1. saiora pasako dugu.

Antzerki Foruma (DBH4)

Ostegunean hasi ziren DBH4ko ikasleak Antzerki Forumean, areto nagusia eta liburutegia baliatuko ditugu saio hauetarako. Datorren asteko antolaketa calendarren duzue ikusgai. Irakasleok bertan egon behar dugu.

Beldurrezko ipuin kontaketa

Datorren asteazkenean, urriak 25, DBH3ko Euskaraz Biziko zenbait ikasle baserrira igoko dira LHkoei beldurrezko ipuinak kontatzera. Hori dela eta, baliteke zuen saioren batean ez egotea. Ordubete inguru egongo dira bertan eta bukatu ahala, itzuliko dira saioetara. Norbaitek arazorik balu, hitz egin dezala Haizearekin.


IKASTOLA MAILAKOAK


Gau Beltza 2023

Pasa den astean aurreratu bezala, Gau Beltza ospatuko dugu urriaren 31n herriko hainbat eragilerekin batera. Langile atarian topatuko dituzue xehetasunak. Anima zaitezte parte hartzera!

Zubiak Eraikiz: Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegia

Zubiak Eraikiz egitasmoan bidelagun dugun Hendaiako Gure Ikastolak aurten ere egin du Eguberriko txokolatezko egutegia. 24 txokolatez osatutako egutegia da, abenduaren lehenetik Gabon-egunera bitartekoa; bertako txokolategile eta papergileekin egina.

Hendaiako Ikastola aurrera ateratzeko pentsatutako ekimena denez, egutegia eskatzera gonbidatzen zaituztegu. 10 € balio ditu eta azaroaren 1a da eskatzeko azken eguna. Ostean, eskura emango dira eta momentuan ordaindu beharko dira eskudirutan. Langile atarian eska dezakezue egutegia.

Errigora: “Euskarari puzka” udazkeneko kanpaina 2023

Errigorako udazkeneko kanpaina gaur, urriaren 20an, jarri da martxan. Azaroaren 9ra arteko epea dago saskiak eskatzeko.

Berezia izango da aurtengoa, 10 urte betetzen baititu Errigora ekimenak. 2013ko udazkenean bidea urratzen hasi zenetik, 10 urte bete-bete pasa dira. Ordutik, urteez gain, 130.000tik gora saski bete ditu Errigorak Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuekin, Euskal Herrian bertan kontsumi daitezen. Aldi berean, euskalgintzaren zakua ere oparo bete du: 1.800.000 euro saskiek emandako mozkinekin; saski bakoitzaren balioaren % 25 Agerraldia ekimena indartzeko eta Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintza (tartean, Ikastolak) laguntzeko erabiliz, hain justu. Udazken ezin aproposagoa dugu hau inoiz saskia eskatu duten guztiak eta lehenengoz eskatuko dutenak biltzeko eta inoizko eskaerarik handiena osatzeko denon artean! Kanpainaren gaineko xehetasun gehiago eta saskiak eskatzeko aukera langile atarian duzue.


ETAPA ARTEKOAK


HH-LH-DBH | Irakurzaletasuna sustatzen, haria galdu gabe

Hartu du martxa 2023-24 ikasturteak, bada hilabete ikasgelak bizi-bizi daudenetik. Martxa horrek ematen die urteroko proiektu eta egitasmoei abian jartzeko aukera; urtea irudikatzen, idazten eta haren liburua edota istorioa osatzen hasteko parada.

Eta irakurzaletasunaz hitz egingo dugu, hain justu. Istorio eta kontakizunetan bezala, HHtik hasi eta DBHraino, irakurzaletasunaren haririk ez baitute galtzen Ikastolako ikasleek “Kontu Kontari”tik hasi eta “Irakurriz Gozatu” arterako egitasmoei esker. Langile atarian (albisteen atalean) duzue irakurgai Ikastolan irakurzaletasuna sustatzeko ditugun proiektuen gaineko artikulua.


BESTELAKOAK


Ikastolen Elkartearen balorazioa EAEko Hezkuntza Lege berriari alderdiek egindako zuzenketez

Atzo, Eusko Legebiltzarraren gehiengoak ezezkoa eman zien Elkarrekin-Podemos-IUk, PPk, Ciudadanosek eta Voxek Hezkuntza Lege berriari jarritako osoko zuzenketei. Beraz, lege proiektua ez da berriro Eusko Jaurlaritzara itzuliko, eta alderdiek egindako zuzenketa partzialak eztabaidatzeari ekingo diote. Urtea amaitu aurretik onartu nahi du legea Hezkuntza Sailak.

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak alderdi politikoek aurkeztutako zuzenketei (osokoak eta partzialak) buruzko iritzia eman du aste honetan, ohar bitartez. Euskararen gaiak kezkatzen gaitu, bereziki, Ikastolok. Hizkuntza ereduei eustea atzerapausoa da, hizkuntza ereduek ez baitute euskalduntzen eta horiek gaindituko dituen eredu bat behar baitugu oinarri; murgiltze eredua, hain justu. Lege honek euskara gehiago behar du, baina beldur gara, gai honetan aurrera egin baino atzerapausoak emateko arriskua dagoelako. Euskararen egoerak hizkuntza politika sendo eta eraginkorrak behar ditu eta jauzia egiteko garaia da. Ezingo genuke onartu orain arte egin dugun ibilbideari uko egin eta atzerapausoak ematea gai honetan.

Euskal Curriculumaren, gobernantza ereduaren eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren, naziotasunaren, segregazioaren eta eta doakotasunaren gaineko balorazioak ere egin ditu Ikastolen Elkarteak. Hemen irakur dezakezue oharra osorik.