HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.06.16)


ETAPA MAILAKOAK


Ekaineko dokumentazio lana | Inika

Iritsi gara ikasturte amaierara, eta jakina denez, badira dokumentazioari dagokionez, derrigorrean bete behar ditugun hainbat zeregin. Horien artean ikasleen “Ikasturte amaierako banakako txostenak” leudeke. Horiek nola bete adierazten duen bideo laguntza duzue hemen, baita horretarako lagungarriak izan daitezkeen esaldi estandarrak ere, horiek baliatu. Lan hori ekainaren 26an itxitzat emango dugu, beraz, aurrez egina izatea komeni da. Laguntzarik behar izanez gero, adierazi mesedez.

Irakurriz Gozatu | DBH1-3

Datorren astelehenean, ekainak 19, azken bi saioetan Irakurriz Gozatu proiektuaren “proba pilotuari” amaiera emango diogu. Horretarako, ikasleak taldeka banatuko ditugu (DBH1 eta DBH3ko ikasleak nahastuz) eta guk emandako gidoi bat erabiliko dute irakurritakoari buruz talde txikietan solasalditxo bat egiteko. Antolaketa Calendarren ikusgai duzue dagoeneko, baina laburbilduz, talde bakoitzak 25 minutuko solasaldia egingo du liburutegian eta gelen banaketa “hizkiaren” arabera egingo dugu (1Ako ikasleak 3Ako ikasleekin, 1Bko ikasleak 3Bko ikasleekin, etab).

*3Eko ikasleak erreferentziazko gelekin elkartuko dira.

Beraz, kontuan izan, talde bakoitzarekin saioaren beste erdia “arrunta” izango dela edo dagokion irakaslearekin egongo direla beren gelan. Solasaldia nik neuk (Maitane) bideratuko dut, beraz zentzu horretan lasai egon. Hala ere, saioa martxan jartzeko dagokion irakaslearen kolaborazioa ere eskertuko nuke, txanda bakoitzean 50 ikasle inguru batera egongo baitira. Azkenik, garrantzitsua izango da liburutegira garaiz hurbiltzea, bestela denboraz justu samar ibiliko gara eta.

Edozein zalantza izanez gero, galdetu lasai! (Maitane)

Komunikazio tailerra | Ari(H)hitzak aldizkaria

Iritsi da komunikazio tailerreko aurtengo 2. aldizkaria. Urte osoko laburpenaz gain, albiste fresko asko dakartzagu. Zuen interesekoa izango delakoan, hemen duzue aldizkaria.

Zubiak eraikiz DBH

Gaur arratsaldean Ziburuko kolegiokoen gonbidapenari eutsiz eta Zubiak eraikiz hitzarmenaren baitan, DBHko ikasle talde bat Zokoako ezker paretan izango da, bertako Olinpiadak jaialdian parte hartzeko asmoz. Hurrengo ikasturtean ere elkarren arteko harremanak sendotu eta segida izatea espero dugu, izango duzue aurrerantzean nondik norakoen berri…

Gelaz gelako mantenu errebisioa eta “botatzeko” altzariak

Ikasturtea amaitu aurretik dokumentu hau osatzeko eskatu nahi diogu tutore/kotutore bakoitzari. Modu horretan udan gelaz gela egin beharreko lanen zerrenda egin eta lanak finkatzeko aukera izango baitugu; ondorioz, ikasturte berria egoki hasteko aukera izango dugu mantenu lanei dagokienez. Gauzak horrela, ekainaren 26ra bitarte dokumentu horretan idazten dena izango dugu oinarri, mantenu arduradunari zereginen zerrenda ematea baita asmoa. Dokumentua osatzean beharrak egoki adierazi eta zehaztu, mesedez. Aulki eta mahaiei dagokienez, zenbatu zenbat diren erabilgarriak eta hautsita edo botatzeko daudenak komeni den lekuan utzi, “botatzeko” dela adieraziz. Bestelako gelaren batean beharrik antzemango bazenute, dokumentu berean adieraztea eskertuko genuke (teknologia gelak, laborategia, aldagelak…)

Horrekin lotuta, Aitor Arbelaitzen eskaera baten berri eman nahi genizueke: “hautsita eta erabilgarri ez dauden altzariak edota tresnak “botatzeko” direla adierazi paper batean idatziz edota “txoko” berean pilatuz (sarreran, esaterako), baina ez almazenean pilatu beste hainbat materialekin batera, mesedez”.

Ikas bidaiara joango ez diren ikasleentzat lana

Datorren astean hainbat ikasle ez dira bidaiara joango, eta eurentzat lana prest utzi behar dugu. Tutore bakoitzak presta dezala ikasle bakoitzaren karpeta, mesedez, eta irakasleok hornitu ditzagun zereginez edo lanez.


IKASTOLA MAILAKOAK


2023-24 ikasturteko behin betiko eskola-egutegia

Langile atarian duzue (gainaldean ezkerrean dauden ikonoetan) datorren ikasturteko behin betiko eskola-egutegia. Behin betiko lan-egutegia ere bertan zintzilikatuko da hala dagokionean.

Hainbat lan-eskaintza

Hainbat lan-eskaintza sortu dira Orereta Ikastolan (orientatzaile-aholkularia eta lan-poltsa berritzeko deialdia), Oiartzo Ikastolan (Ekonomia eta Gizarte Zientzietako irakaslea) eta Ikastolen Elkartean (jokogintza proiekturako dinamizatzailea). Zuek zeuek edo zuen inguruko norbaitek interesik izango balu:

  • Orereta eta Oiartzo Ikastoletako lan-eskaintzen xehetasunak langile atarian topatuko dituzue.BARNE PROMOZIOARI DAGOKION OHARRA: Ikastolako langileren batek Oreretako orientatzaile-aholkulariaren edota Oiartzoko Ekonomia eta Gizarte Zientzietako irakaslearen hautaketa-prozesuan parte hartu nahi izango balu, bere hautagaitza idazkaritza@oreretaikastola.eus helbide elektronikora mezua bidaliz aurkeztu behar du.

    Orientatzaile-aholkulariaren kasuan, ekainaren 30a da CV-a bidaltzeko azken eguna. “Orientatzaile-aholkularia lan-eskaintza” jarri behar da gaian.

    Ekonomia eta Gizarte Zientzietako irakaslearen kasuan, ekainaren 21a da CV-a bidaltzeko azken eguna. “Ekonomia irakaslea” jarri behar da gaian.

  • Ikastolen Elkarteko eskaintzaren xehetasunak hemen topatuko dituzue.

BESTELAKOAK


Nekane Artola da Ikastolen Elkarteko lehendakari berria

Koldo Tellitu Mejiaren 14 urteko ibilbidearen ostean, Nekane Artola Labordeta izango da 2024ko ekainera bitartean Ikastolen Elkarteko lehendakaria; hark egingo du urtebeteko trantsizio-bidea. 2024ko ekainean egingo den Ikastolen VII. Batzarrean, Ikastolek, hurrengo urteetako estrategia eta gakoak aurkezteaz gain, berau ahalbideratuko duten Artezkaritza Kontseiluko kargu gorenak ere izendatuko dituzte.

Hala nahi izanez gero, ikastola.eus webgunean topatuko dituzue xehetasun gehiago.