ETAPA MAILAKOAK
Otsailak 11 | Emakume zientzialarien Nazioarteko eguna
Hona hemen Zientzia mintegiaren proposamena, hurrengo urtean sortalde gisa aurkeztuko badugu ere, aurten egingo dugunaren berri eman nahi dizuegu.
Berria-Kilometroak: Berria ko errotatibara bisita
Datorren ostegunean, hilak 16, Berriako inprentara joango gara Komunikazio Tailerreko ikasleak. 09:15ean hartuko dugu autobusa eta 11:45 aldera iritsiko gara. Gela batzuetan, beraz, zenbait ikasle faltako zaizkizue.
Aurten Berria eta Ikastolak izandako lankidetzaren emaitzaren inprimaketa ikustera goaz. Hain zuzen ere, Naroak aurreko klaustroan aipatutako ale berezi horren inprimaketa ikusiko dugu. Egunkariaren itxieraren 20. urteurrenarekin bat eginez, gure ikasleek egindako zenbait lan bilduko ditu ale horrek eta Berria egunkariarekin batera iritsiko da hainbat etxetara.
Adi! Izango duzue zuek ere irakurtzeko aukerarik!
DBH4 | Drogomenpekotasun tailerrak Nerea Laurenzen eskutik
Hurrengo astean zehar, Calendarren ikusgai duzue zein egunetan eta zein ordutan gauzatuko diren saio horiek. Aldaketarik edota Nerearen zaintzarik egin beharko balitz, kontuan izan, mesedez.
DBH2 | Indarkeria matxista, prebentzio saioak Udalaren eskutik
Calendarren ikusgai duzue antolaketa; arretaz begiratu, mesedez.
Digiprest ikastaroa dela eta
Horretarako hainbat eguerdi eskaini badira ere, eta bakarren bat oraindik lan horretan hasi ez bada, lehen bi atazak egiteko aholkua luzatzen dizuegu, mentoreak berak hala adierazi baitigu. Norbaitek hasiera horretan arazorik izango balu, adierazi lehenbailehen eta bideratzen lagunduko dizuegu, ez ahaztu otsailaren 14ko arratsaldea horretara bidera dezakezuela. Bestelakoan, eta dakizuenez, asteartea ez dela derrigorrean geratzeko arratsaldea jakinarazten dizuegu.
Inauteriak 2023
Gelako bideoa grabatzea dela eta, tutoreekin hitz egin ondoren asteleheneko grabaketa 2 ordutan egitea hobetsi dugu. Denboraz lasaiago ibil gaitezen, tutoretza eta hurrengo ordua erabiliko ditugu hori egiteko. Hasiera batean, 2. ordu horretan klasea duen irakaslea joango da gelara eta tutoreak bertan egon behar/nahi badu, egin dezala trukea. Azkenik, gogoratu OIKSko karpeta honetara igo behar ditugula bideoak otsailaren 15a baino lehen. Mila esker zuen laguntzagatik!
Otsailak 21 | Ama-hizkuntzaren Nazioarteko eguna
Datorren otsailaren 21ean, Ama-hizkuntzaren Nazioarteko eguna ospatzen da eta aurten, guk ere keinu bat egin nahi izan diogu Euskaraz Bizitik. Egun horretan, otsailaren 21ean, 11:15ean gela bakoitzeko Euskaraz Biziko ordezkariek dinamikatxo bat burutuko dute. Haiek dinamizatuko dute eta bideo bat, kahoot bat eta ariketatxo bat izango dira egin beharrekoak. Norbaitek klasea “etetearekin” arazorik izango balu, hurbildu Haizearengana eta moldatuko genuke noiz egin. Eskerrik asko!
IKASTOLA MAILAKOAK
Kilometroak 23: “Egunkariatik Berriara, 20 urte” otsailaren 20tik 24ra
Pasa den astean Kilometroak 23ren urteko mugarri nagusiak aurkeztuta, “Egunkariatik Berriara, 20 urte” dugu hurrengo hitzordu nagusia. 2003ko otsailaren 20an, orain hogei urte, guardia zibilak, epaile baten aginduz, “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuen; ekainean heldu zen haren oinordekoa, “Berria” egunkaria. Kilometroak 23ren urteko egitarauaren barruan, gogora ekarriko dugu gertaera hura eta euskal gizarteak eman zuen erantzuna.
Langile atarian (albisteen atalean) topatu duzue otsailaren 20tik 24ra bitartean herrian egingo diren ekitaldien egitaraua. Azken eguneko bi hitzorduak ez beste guztiak irekiak izango dira: Esmalteriako Ostiralak tailerrean parte hartzeko izena eman behar da eta “Kantu bat gara” emankizunerako sarrera erosi behar da.
- Esmalteriako Ostiralak: apuntatzeko aukera jada zabalik dago. Langile ataritik egin dezakezue.
- “Kantu bat gara” emankizuna: sarrerak otsailaren 14an, 18:00etan, jarriko dira salgai 20€an sarrerak.errenteria.eus webgunean (langile atarian ere baduzue sarbidea) eta Lekuona Fabrikako leihatilan.
“Pulunpa (e)ta Xin!”, lehen aldiz gurean aplikatu eta saritu berria izan den harrera- eta murgiltze-plana
Odei Guiradoren “Pulunpa (e)ta Xin! Erdal jatorria duten ikasleentzako harrera- eta murgiltze-plana” graduondoko lana gure ikastolan aplikatu da lehen aldiz; zehazki LH 4. mailan. Orain egun gutxi jaso du Euskaltzaindiaren Mintzola egitasmoaren 2022ko ikerketa sarietako bat.
“Pulunpa (e)ta Xin!” Euskal Herrira iritsi berriak diren erdal jatorriko ikasleentzat garatutako harrera- eta murgiltze-plan integrala da. Egitasmoa Ikastolen Hizkuntza Proiektuan kokatzen da eta Zirimola Ikastolen Aisialdi Proiektua du oinarri. Gutxiagotutako hizkuntza eta kultura baten testuinguruan gaudela aintzat hartuta, euskaratik eta euskaraz lan egiteko esku-hartze pedagogikoa proposatzen du, horren ardatz dituela euskara, hizkera eta ikastolako eremu informalak, kulturartekotasuna, emozioak, ludikotasuna, jolasa eta atxikimendua.
Esan bezala, lehen aldiz, iritsi berriak diren bi haurrei harrera egiteko aplikatu da gure ikastolan. Esku-hartzearen ostean, emaitzek erakutsi dute egoki eragin daitekeela erdal jatorriko haurren euskalduntzean, euskararekiko, euskal kulturarekiko, eta komunitatearekiko atxikimendua sustatuz. Hain zuzen, euskaratik eta euskaraz ikastolako eremu informalak baliatuz, jolastuz, gozatuz, partekatuz, eta adimen emozionala landuz.
BESTELAKOAK
Hainbat artikulu interesgarri
- Berria: Euskara eta euskal kultura ardatz (Jexux Larrañaga, antropologoa)