HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.01.20)


ETAPA MAILAKOAK


DigiPrest laguntza saioa

Ikastaroaren nondik norakoak azaltzeaz gain, laguntza euskarriak ere azaldu genituen. Bertaratu ez zinetenok ere eskura izan dezazuen, behar izanez gero, jakizue erabilgarri duzuela Ane Beltranek osatutako Laguntza-gida. Mila esker, Ane!

Sahara-Orereta Ikastola: elkartasun kanpaina

Saharar herritarrei laguntzeko elkartasun kanpaina abian da. Hori dela eta, hurrengo hilaren 26ra arte, elikagaiak ekartzeko aukera izango dugu ikasle zein langileok. Beraz, kanpainan parte har dezazuen animatzen zaituztegu. Hemen ikasleek gelaz gela aurkeztu duten aurkezpena, ikusgai.

Janari bilketa: hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, lekaleak, konpresak.

Urtarrilak 24, DBH3: Baga, biga…

Euskara mintegia nahiz Udalaren eskutik, Niessen kulturgunean 3. mailakoek ordubeteko ikuskizuna izango dute. Urtero egin ohi dugun dinamika da, Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez abeslariek euskal musikaren bilakaera eta historia azaldu ohi dute. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai, baita bertaratuko den irakasle taldea eta zaintza-trukeen antolaketa ere. Arretaz begiratu, mesedez.

Atsedenaldiak: plastikoaren erabilera

Ikasturte honetan ezarritako araua dela eta, araua gogoraraztea eta betearaztea eskatu nahi dizuegu. Hamaiketakoa ezin da plastikoan bilduta ekarri, eta hala ekarriz gero, gogoan izan prozedura bat dugula (irakasle geletan erregistroa). Denok batera araua gogoraraziz gero, eraginkorragoa izango dela badakigu. Aurrera, beraz.

Urtarrilak 25, Zuzendaritza trantsizioa

Gogoan izango duzue “Zuzendaritza trantsizioaren” gainean aritu ginenean urtarrilaren 25ean berriro ere elkartzekotan geratu ginela. Horri jarraiki, hona hemen datorren asteazkenerako bilera-proposamena eta bestelako xehetasunak:

  • EGUNA: urtarrilaren 25a, asteazkena
  • ORDUA: 14:05-15:00
  • LEKUA: eguraldi ona izanez gero, aterpean; eguraldia lagun izango ez bagenu, liburutegian.
  • HELBURUA: orain arte egindakoa frexkatzea; etorkizuneko zuzendaritzarako proposamenak jasotzea (norbanakoak ala talderen batena) eta egungo zuzendaritza taldearen/taldekideren baten erreleboa.
  • DOKUMENTAZIOA: Calendarren estekatuko dugu.

Momentuz, hori da guztia. Zuen interesekoa bada, asteazkenean elkartuko gara.

Urtarrilak 27, DBH3: Garabide

Hizkuntza aniztasuna eta euskararen egoera lantzeko Udalarekin hartu-emanean gauzatu ohi dugun dinamika da hau ere. Iaz izan genuen lehen esperientzia, eta balorazio ona egin dugu, hortaz, aurten ere parte hartuko dugula jakinarazten dizuegu. Calendarren ikusgai dituzue bestelako xehetasunak. Bertako irakasle izanez gero, arretaz begiratu, mesedez. Hasiera batean irakasleek ez dute bertan egon beharrik izango (zaintzarik suertatzekotan, trukea).

Kultura eskolatik, mezua. Hitzez hitz.

Mezu honen bidez gogorarazi nahi dizuegu ikastetxeetatik harremanetan jarri behar duzuela Kultura Eskolako jardueren eragileekin, jarduerak agendatzeko nahiz kontratatzeko. Kultura Eskolako katalogoko esteka bidaltzen dizuegu harremanetarako datuak eskuratzeko:

https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/kultura/programak/kultura-eskola/jarduera-katalogoa

Gogorarazten dizuegu ikastetxeek zerbitzuak kontratatzeko azken ahalmena duzuela.

Bestalde, jakinarazten dizuegu jarduerak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Oinarrizko Lanbide Heziketako (OLH) ikasleekin bakarrik egin daitezkeela.

Edozein zalantza izanez gero, harremanetan jar zaitezkete kulturaeskola@gipuzkoa.eus edo 943112892 bidez.

Oiartzo-Haurtzaro-Orereta

Dakizuenez, komunean ditugun erronka eta kezkak partekatzeko saioa gauzatu berri da astelehen honetan. Zenbait klaustrokidek parte hartu bazuten ere, guztiok jakitun izan gaitezen, saiok zer eman zuen klaustroan partekatu eta azalduko dizuegu.


IKASTOLA MAILAKOAK


Kilometroak 23: hainbat hitzordu

KILOMETROAK TXIKIA (urtarrilak 28, 16:30-20:00)

Azaroko aurkezpenaren eta dendaren inauguraziaren ostean, Kilometroak Txikia jaia izango da hurrengo ekitaldi nagusia. Jada Kilometroak urtean sartuta, herrian, herritarrentzako eta herritarrekin (bereziki, Ikastolakideekin) Kilometroak-i etorrera-festa egitea da asmoa.

Urtarrilaren 28an izango da, arratsaldez (16:30-20:00); Erriola aurtengo leloari jarraikiz, Oiartzun errioaren inguruko hainbat gunetan. 16:30etik 18:30era haur eta gaztetxoentzako ekintzak izango dira, 19:00etan errioa argiztatuko dugu Panier eta Lekuona Fabrikako zubien artean, eta, hori eginda, Lehendakari Agirre plazan elkartuko gara DBHko ikasleen musikaz gozatutako mokadutxoa jateko eta zezen-suzkoarekin jaiari amaiera emateko. Langile-atarian topatuko dituzue xehetasun gehiago eta lehen orduko ekintzetan izena emateko aukera. Urtarrilaren 26ra bitarteko epea dago (12:00ak arte) ekintzetan izena emateko.

Kilometroak Txikian parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegi zuek, Ikastolako langileak, eta hala nahi duen zuen inguruko familiako kide, lagun eta ezagun oro.

>> Lanerako boluntarioak behar dira <<

300 haur eta gaztetxok eman dute jada Kilometroak Txikiko ekintzetan parte hartzeko izena. Jaia nahiko jendetsua izango dela aurreikusten dugu, beraz; eta ahal duena festa ospatu ahal izateko boluntario-lanetan aritzera ere deitu nahi dugu. Horretarako aukera baduzu, bete, mesedez, langile-atarian topatuko duzuen inprimakia. Formularioan bertan topatuko dituzue egin behar diren lanen xehetasunak. Aldez aurretik, eskerrik asko!

URTEKO PROGRAMAREN AURKEZPENA (otsailak 1)

Kilometroak urriko lehen igandeko jaia izatetik urte osoan zeharreko ekimena izatera pasatzen “ari” denez, horretan azpimarra jartzeko asmoz, urteko programaren aurkezpena egingo da otsailaren 1ean Lekuona Fabrikan. Urtean zeharreko ekimenetan bidaide izango ditugun eragileetako ordezkariak ere izango dira agerraldian, Ikastola eragile sozial gisa azaldu eta eragile sozialekin elkarlanean aritzen dela irudikatzeko.

Egun batzuen buruan emango dizuegu urteko programaren berri.

EUSKARA BATUARI GORAZARRE: ORERETA-ERRENTERIA > DONOSTIA GIZA-KATEA (martxoak 24, 11:00)

Euskara batuari berari eta haren sortzean protagonista izan zirenei aitortza egiteko asmoz, martxoaren amaieran hainbat hitzordu izango dira Kilometroen baitan. Horietako bat Orereta-Errenteria eta Donostia lotuko dituen giza-katea izango da. Koldo Mitxelenarekin hasi eta Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”rekin amaituz, tartean beste hamairu izen-abizenek ere izango dute tartea.

Guztiari forma ematen ari gara. Momentuz, giza-katean etapa guztietako gure ikasleek ere parte hartuko dutenez, hitzordua zuen agendetan gordetzeko eskatzen dizuegu.

Kilometroak 23: Tanta zozketa-txartelez

Egun ditugun datuak eskuan, Ikastolako komunitatekideen %85ak jaso dituzue zuen txartelak eta horrek Kilometroak-en helburu ekonomikoak betetzen lagunduko digu, Tantak baitakar jaiaren diru-sarreren ia erdia. Kilometroak 23ren irabaziak Añabitarte Baserria eta bere inguruak eraberritzeko, herrian eta herriko eragileekin euskara eta euskal kultura sustatzeko proiektu bat ontzeko, eta Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzeko erabiliko dira.

Familiei orain, urtarrilean, egingo zaie Tanta zozketa-txartelei dagokien lehen kobrantza. Jakizue, errifak hartu ez dituztenei, momentuz, ez zaiela kobratzerik egingo. Artezkaritza Kontseiluaren otsaileko bilerara eramango da gaia, kasuak aztertuko dira eta hark erabakiko du zozketa-txartelak jaso ez dituztenekin jarraituko diren hurrengo pausoak zein izango diren. Lehen ere, abenduan, Artezkaritza Kontseiluak hartu zituen salmenta eta banaketaren gaineko erabakiak eta hark segituko dut gaiaren jarraipena egiten.

Zuei, langileei, eskerrik asko bihotz-bihotzez zuen borondate eta asmo onagatik!

Nextcloud erabiltzeko deia

Jon Aizpuruak oporretatik bueltan jakinarazi bezala, hobekuntzak egiten ari dira hodeian. Horiek horrela, mesedez, egizue hodeia (Nextcloud) erabiltzeko ahalegina. Batetik, hobekuntzak baliagarriak zaizkizuen jakiteko, eta bestetik, erreminta jende gehiagok eta aldi berean erabiltzeak hark ongi erantzuten ote duen jakiteko aukera emango digulako.

Formazioa eta prestakuntza: eskaintza berria

UEUk irakasleentzako antolatutako azken ikastaroen gaineko xehetasunak eta izena emateko aukera topatuko dituzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).

Lan-eskaintza: euskara eta literatura irakaslea DBHrako

DBHn euskara eta literatura irakaslea (tutore lanak ere egingo dituena) behar dugu ordezkapen baterako. Zuek zeuek edota zuen inguruko norbaitek interesik izanez gero, langile atarian topatuko dituzue xehetasunak.

Ikastolako Guraso Eskola: hainbat hitzordu

Ikastolako profesionalek eta hainbat familiak horretarako beharra ikusita eta Familia Eskola udal egitasmoaren osagarri, Ikastolako familientzako hainbat formazio-saio antolatu ditu Ikastolak.

Langile izan eta Ikastolako guraso ez izanagatik guraso izan bazaretenentzako edota izango zaretenentzako ere interesgarria izan daitekeelakoan, jakizue langile atarian duzuela hitzaldi zerrenda eta bertan izena emateko aukera.

Esmalteriako Ostiralak: sehaska kanten tailerra

Esmalteriako Ostiralak ekimenaren parte, datorren urtarrilaren 27an, ostirala, sehaska kanten saioa antolatu du Ikastolak herriko Landarbaso Abesbatzarekin elkarlanean. Haur eskolako haurrentzako (0-1 urte) eta haien familientzako izango da Esmalteriako egoitzan, 17:00etan. Saioan parte hartzeko lekuak mugatuak dira eta izena eman behar da aldez aurretik. Tailerraren xehetasunak eta izena emateko aukera langile atarian topatuko dituzue.


BESTELAKOAK


Hainbat artikulu interesgarri