Gai hauek landu dira 2023ko ekaineko Artezkaritza Kontseiluaren bileran.
Kilometroak 23
Kilometroen azken txanpan sartuta, Kilometroak-eko koordinazio orokorraren ardura Gari Meabek hartuko du aurrerantzean, Mikel Egibar orain arteko koordinatzaileak gaixotasunagatik baja hartu behar izan duelako. Garik urteak daramatza Ibilaldiaren koordinazioan eta urriaren 1era arteko bidea egiten lagunduko dio Kilometroak-i. Ongi etorri!
Ekainaren 24an egin zen, notario aurrean, Tanta zozketa-txartelen zozketa. Zenbaki saritua Orereta Ikastolako langile batek saldu du. Artezkaritza Kontseiluak eskerrak eman nahi dizkie komunitateko kide guztiei Tanta zozketa-txartelak saltzeko egin duten ahaleginarengatik. Ikastolen jaietako diru sarrera nagusietako bat izanik, familia, langile eta ikasle askok lagundu dute txartelak ingurukoen artean saltzen eta, bide batez, Ikastolen jaiaren berri ematen.
Madalenetako Erriola Gunerako, udako Kilometroak denda ibiltarietarako eta urriaren 1eko jairako laguntza behar da. Webgunean eta sare sozialetan dago izena emateko aukera.
Azkenik, gogoratu da uztailaren 19an festa handia izango del Añabitarten, Baserriaren eta inguruko lurren erosketaren 50. urteurrena ospatzeko, Urmugak Festibalarekin elkarlanean eta haren programaren barruan. Egunari eta “Gure Añabitarte” kontzertuari buruzko xehetasun gehiago: www.kilometroak.eus eta www.urmuga.eus
Oiartzoko berriak
Datorren ikasturteari begira, zuzendari aldaketa izango da Oiartzon. Gaskon Etxeberriaren ordez, zuzendari berria Olatz Mitxelena izango da. Oiartzoko klaustroaren eta Orereta eta Haurtzaro Ikastoletako Artezkaritza Kontseiluen iritzia entzun ondoren, izendapena ekaineko bileran egin du Oiartzoko Patronatuak.
Orereta Ikastolako Artezkaritza Kontseiluak egoki ikusten du Olatz Mitxelena Oiartzoko ardura horretarako. Olatzi eskerrak eman nahi zaizkio ardura hori hartzeko erakutsi duen prestutasunarengatik eta Orereta Ikastolaren laguntza eta babes osoa eskaini nahi zaizkio. Era berean, Artezkaritza Kontseiluak eskerrak eman nahi dizkio Gaskon Etxeberria gaur egungo zuzendariari, urte hauetan guztietan erakutsi duen konpromisoarengatik eta egin duen lanarengatik.
Orientazio departamentuari dagokionez, datorren ikasturtean Oiartzoko orientazio lanak Oreretako DBHko gaur egungo orientatzaileak, Goizargi Iglesiasek, hartuko ditu bere gain. DBHko azken mailetan eta Oiartzon egingo du lan eta hala, bi etapen arteko lotura estutu ahal izango da eta ikasleen jarraipen egokiagoa egin.
Azkenik, ikasleen emaitzei dagokienez, oso ikasle gutxik errepikatuko dute maila. Aurtengo taldeak handiak izanik, berri ona da hori. Selektibitatean ere oso emaitza txukunak lortu dituzte batxilergoko 2. mailako ikasleek. Gainera, Gipuzkoako notarik altuena Oiartzoko eta Oreretako ikasle batek lortu du, Eneko Apaolaza Erzibengoak. Artezkaritza Kontseiluak zorionak eman nahi dizkio Enekori Ikastolako ibilbide osoan egin duen lanarengatik, eta bidelagun izan dituen irakasleak ere zoriondu nahi ditu.
2023-24 ikasturteko plangintza
Oraindik ezin izan da bukatu eta itxi datorren ikasturterako plangintza, ez irakaskuntzari dagokionez eta ez zerbitzu batzuei dagokienez (esate baterako, garraio-zerbitzua). Datozen asteetan itxiko da plangintza hori eta familiei ohiko bideetatik emango zaie horren berri.
Datorren ikasturteko kudeaketa planaren lehen zirriborroa egin da, aurtengoa ebaluatu ondoren, eta aste batzuk utziko dira proposamenak egiteko. Proposamen horiek aztertuta, irailean onartuko da 2023-24ko Urteko Kudeaketa Plana.
Ikastolen Elkartean, lehendakari berria
Ekainaren 8an izan zen Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Urteko Batzar Nagusia. Batzar horretan, 14 urtez Euskal Herriko Ikastolen gidari izan den Koldo Tellituri eskertza eta agur ekitaldia egin zitzaion, ardura hori utziko zuelako. Aurrerantzean, Ikastolen VII. Biltzarra egin arte, Nekane Artola izango da EHIko lehendakari berria.
Orereta Ikastolak eskerrak eman nahi dizkio Koldo Tellituri urte hauetan gutietan egin duen lanarengatik, eta ongi etorria, Nekane Artolari. Nekane Pasaia-Lezo Lizeoko lehendakaria da eta, orain arte, Gipuzkoako Ikastolen ordezkaria eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria. Ardura horietan, harreman hurbila izan du Orereta Ikastolak berarekin. Zorterik onena opa dio Orereta Ikastolak bere ardura berrian; behar duenerako ondoan izango du.
Artezkaritza Kontseiluaren agurra 2022-23 ikasturteari
Iritsi gara 2022-2023 ikasturtearen amaierara. Aurtengoa berezia izan da, Ikastolaren ohiko jardunari Kilometroak 23 antolatzeko lana gehitu diogulako. Ez zen erronka erraza, eta txukun egin dugula uste dugu. Artezkaritza Kontseiluak eskerrak eman nahi dizkie Ikastolako komunitatea osatzen duten guztiei -ikasle, langile, familia eta laguntzaile-, ikasturte osoan zehar Ikastolarekiko erakutsi duten atxikimenduarengatik eta konpromisoarengatik. Eskuzabaltasunez aritu dira Ikastolaren alde lanean. Azken txanpa besterik ez zaigu gelditzen, animo guztiei!!! Hartu atseden udan.