HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 3. buletina (20.11.25)

Hona 2020ko azaroko Artezkaritza Kontseiluan landu diren gaien laburpena.

COVID-19aren kudeaketa

Azken hilabete honetako kasu nabarmenenak Haur Hezkuntzan gertatu dira. Esmalteriako burbuilak lau gelakoak izanik, kasu positiboak oso gutxi izan badira ere, azkenean 7 gela egon dira etxean HHn. Geroztik Esmalteriako burbuilak ere bi ikasgelakoak izatera pasa dira, horrelako gehiago ekiditeko. Gainerako etapetan, kasu puntualak izan dira, aurreko hilabetean baino gutxiago.

Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak

Eusko Jaurlaritzak 2020-2021 ikasturte honetan COVID-19aren kudeaketak eragin dituen gastuak laguntzeko diru laguntza onartu du aste honetan. Lau kontzeptu estaliko dituzte laguntza horiek: gaixorik edo kontaktu estua izan direlako etxean gelditu behar izan diren langileen ordezkapenak, garbiketako gastuak (lanaldiei zein produktuei dagokienez), IKTetako gailuak, eta hainbat ikas arlo indartzeko kontratazioak (lanaldiak handitzea edo langile berriak kontratatzea).

Datozen egunetan zehaztuko da Ikastola bakoitzak zenbat euro jaso ditzakeen kontzeptu horien truke, gastu horiek egin direla egiaztatuta, noski.

Oiartzoko berriak

Batxilergoko bi mailetako lehenengo ebaluazioa egin da dagoeneko, gorabehera handirik gabe.

Bestalde, datorren abenduaren 23an egingo da Oiartzoko Eguberriko Topaketa, 2019-2020 ikasturtean Ikastolako ibilbidea bukatu duten ikasleei agur egiteko.

Oiartzoko Patronatuak Orereta Ikastolaren proposamena onartu du, Orereta Ikastolak Patronatuan duen kideetako bat ordezkatzeko. Hala, Xabier Egibarrek urte amaieran utziko du Oiartzo Fundazioko lehendakari ardura eta Maider Gezalak hartuko du ardura hori. Maiderrekin batera, Itziar Navarrok hartuko du parte Oiartzoko Patronatuan urtarriletik aurrera (Gezalak utzitako lekua hartuko du).

Tarifa eta beken azpibatzordea

Azpibatzorde honek lehenengo urratsak egin ditu. Ikastolaren jarduera nagusiak aztertu ditu eta horien artean defizitarioak eta superabitarioak direnak bereizi. Ikastolarentzat funtsezkoak diren jarduerak nabarmendu ditu, hezkuntza, nagusiki.

Hurrengo urratsa izango da gaur egungo diru sarreren ereduarekin funtsezko jarduera horiek nola finantzatzen ditugun aztertzea. Abenduaren hasieran egingo da azterketa hori.

2021-22 ikasturterako matrikulazio kanpaina

Datorren ikasturteko matrikulazio kanpainari begira, komunikazio arduradunak kanpainaren testuingurua (COVID-19ak izan dezakeen eragina), helburua eta nondik norako nagusiak azaldu ditu. Azpimarratu du COVID-19ak ekarri digun egoerari aurre egiteko moduak eta Ikastolaren lan egiteko moduak antzekotasunak dituztela: komunitatearen garrantzia, elkar zaintzearena, erabakiak hartzeko autonomia, tinkoa eta ekina izatea… Ezaugarri horiek agerian jarriko dira aurtengo kanpainan. Artezkaritzak egoki ikusi du proposatutakoa.


Artezkaritza Kontseilua: 3. buletina (pdf-a)