Gai hauek landu dira 2024ko abenduko Artezkaritza Kontseiluaren bileran.
Zaintza Batzordea
Ikus Artezkaritza Kontseiluaren iraileko bileraren buletina.
Bazkidetza motak
Añabitarte baserria eraberritu eta biziberritzeko prozedura diseinatu du talde batek. Ikastolako bazkidetza motak horri lotuta egon behar dutela uste da eta bi gauzak erritmo berean joatea erabaki da.
Bien bitartean, orain arte bezala jarraituko da. Ohikoan, bazkidetza-eskaerak guraso izango direnenak izaten dira. Tarteka, beste profil bateko pertsonek ere egiten dute bazkide izateko eskaera; nagusiki, Baserriko elkarte gastronomikoa edota azpiegitura jakinak erabiltzeko.
Ikastolaren barne araudia
Zuzendaritza taldeak barne araudia eguneratu eta bateratu du. Proposamena aztertu eta onartu behar du Artezkaritza Kontseiluak 2025eko Ohiko Batzar Nagusian aurkeztu eta, hala badagokio, onartzeko.
Ikastolaren Compliance-a
Compliance-an (delituak prebenitzeko markoa) jasotako arau eta irizpideak onartu ditu Artezkaritza Kontseiluak. 2025eko Ohiko Batzar Nagusian aurkeztu eta onartuko da (hala badagokio) Ikastolaren Compliance-a.
Jangelaren bideragarritasuna
Ikastolako jangelak galerak ditu eta horiek gutxitzeko proposamenak pentsatzen eta lantzen ari dira Artezkaritza Kontseilua zein Guraso Batzordeak, besteak beste. 2023-24 ikasturteko kontuen itxierak lagunduko du Ikastolako zenbatekoetan (tartean jangelako otorduaren prezioa) doitzerik behar den jakiten eta behar badira, zenbatekoak izan behar duten zehazten. Ikastolako zenbatekoetan doitzeak egin behar badira 2025eko Ohiko Batzar Nagusira eramango dira eta, hala baldin badagokie, bertan onartuko dira doitze horiek.
DBHko Hedatze programa: familien eskaintza gehitzea
Jardun jarraiarekin batera heldu zen DBHra Hedatze programa, orain jada urte batzuk. Bazkalostean egiten dira jardun akademikotik haratagoko hainbat gai eta jarduera landu eta eskaintzea helburu duten Hedatze saioak. Oraintxe lehenengoz, 2025eko urtarrilean, eskaintza horretara gehituko dira familien ogibideak familien eskutik bertatik ezagutzeko saioak.
Euskal Herriko Ikastolen VII. Batzarreko erabakiak gauzatzea
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak plan estrategiko bat sortu du 2024ko ekainean Iruñean egin zen VII. Batzarreko gidalerro eta irizpide nagusiak oinarri hartuta. EHItik eskatu da plan estrategiko hori Ikastola bakoitzak bere hurrengo urteko kudeaketa planean aintzat/erreferentziatzat hartzeko. Zuzendaritza-taldeak aztertuko du gaia: begiratuko da zein arlo lantzen diren dagoeneko eta zein aintzat hartu eta landu behar diren.
DBH 4. mailako ikasbidaia
Katramilatsua izaten ari da DBH 4. mailako ikasbidaia. Gaiaz hitz egin da, azken asteetako bilerak eta proposamenak izan dira hizpide. Elkarbizitza eta ikasleak jarri behar dira erdigunean. Mezu bat prestatu eta bidaliko zaie DBH 4. mailako familiei azken erabaki adostuaren berri emanez.
Oiartzo Ikastola: Eguberriko Topaketa 2024
Artezkaritza Kontseiluko hainbat ordezkari Oiartzo Ikastolaren Eguberriko Topaketan izango dira. Abenduaren 23an izango da Niessen aretoan. Aurreko ikasturtean (kasu honetan 2023-24 kurtsoan) batxilergoa bukatu zuten ikasleei eskaintzen zaien omenaldi eta agur xumea da Eguberriko Topaketa.
Kilometroak 23 – Añabitarte baserrria eta ingurua biziberritzeko plana
Orereta Ikastolak antolatu zuen 2023ko Kilometroak (Gipuzkoako Ikastolen jaia) eta bertatik lortutako diruaren zati bat Añabitarte baserria eta haren ingurua berritu eta biziberritzeko erabiltzea erabaki zen bere momentuan.
Lantalde bat sortu da Añabitarte baserria eta ingurua berritzeko plana sortzeko. Lantaldeko kide bat etorri da Artezkaritza Kontseiluaren bilerara orain arte egindakoak azaltzera. Aurkeztutako plana onartu da. Hemendik aurrerakoak nola bidera daitezkeenaz hitz egin da.
Orereta Ikastolaren 2023-24 ikasturteko kontuen itxiera
Anartz Muxikak, Orereta Ikastolaren zuzendari-gerenteak, 2023-24 ikasturteko kontuak itxita daudela esan eta azalpenak ematen ditu. 2023-24 ikasturteko kontuak 2025eko Ohiko Batzar Nagusian aurkeztuko dira.
Lino Berria: lanak aurreikusitako epean egingo dira
Linoko eraikinaren eraberritze lanak aurreikusitako epean amaituko dira. Urtarrilean, Eguberriko oporretatik bueltan, bertan ekingo diote eskola jardunari HH4 eta HH5eko ikasleek. Urtarrilaren amaieran Lino Berriaren inaugurazioa egingo da.