HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 2. buletina (25.10.29)

Gai hauek landu dira Artezkaritza Kontseiluaren 2025-26 ikasturteko bigarren bileran.

Zuzendari nagusi berriaren hautaketa prozesua eta kontratazioa

Hainbat kudeaketa-eredu eta -aukera posible aztertu eta jorratu ostean, kanpo-hautaketa prozesu baten bitartez egingo da bidea. Hautaketa-prozesua azaroaren amaierara arte egongo da martxan; ostean, jasotako CV-ak aztertu, eta probak eta elkarrizketak egingo dira. Artezkaritza Kontseiluaren asmoa eta nahia urte berriari zuzendari nagusi berriarekin ekitea da. Prozesuak aurrera egin ahala, emango da horren berri.

Matrikulazioa 2025-26: helegiteak egiteko bide administratiboaren amaiera

Matrikulazioa 2025-26ko emaitzei helegiteak egiteko bide administratiboa amaituta eta itxita, EHIk eta hainbat Ikastolak (erakunde gisa), tartean Orereta Ikastolak, bide judizial arruntari ekitea erabaki dute. Erresoluzioa aldekoa izateko aukera egon daitekeela uste da. Bere bidea egingo du honek guztiak eta denborak esango du zertan bukatuko duen. Luze joko duela aurreikusten da.

Udalarekin bilera

Pasa den ikasturtean hasi zen Ikastola Udalarekin bilera sistematikoagoak eta jarraituagoak izaten. Bide horri jarraiki, bi erakundeen arteko hurrengo bilkura azaroaren 3an egingo da.

 

* Oharra: beste gai batzuk ere landu dira Artezkaritza Kontseiluaren 2025-26 ikasturteko bigarren bileran. Gai horien lanketak aurrera jarraitzen du eta lanketa amaitutakoan emango da horien berri, hala badagokie, hala dagokienei eta hala dagokien bideetatik.