ETAPA MAILAKOAK
Euskal Olinpiadak
DBH4ko ikasleek, oporren bueltako lehen ostiralean (urtarrilaren 9an), Haurtzaroko eta Oiartzoko ikasleekin batera Euskal Olinpiadak ospatuko dituzte. Urtero bezala, egun osoko egitaraua izango dute, egunaren antolaketa Calendar-en duzue ikusgai.
Eskerrik asko,
Enara
Calendar-ari lotutakoak
IRAKASLEAK
- Koordinazioa: Asteazkenean, urtarrilaren 7an, mintegiek koordinazio saioa izango dute.
IKASLEEKIN
- Euskal Olinpiadak: Ostiralean, urtarrialren 9an, ospatuko ditugu. Xehetasunak Calendar-en dituzue ikusgai.
IKASTOLA MAILAKOAK
Artezkaritza Kontseilua: abenduko bilera
Abenduaren 17an egin zen Artezkaritza Kontseiluaren abenduko bilera. Bertan landu ziren gai nabarmenenen deskargu laburra segidan duzue. Beraz, ez da Artezkaritza Kontseiluaren abenduko bileraren deskargurik zintzilikatu langile atarian.
ARTEZKARITZA KONTSEILUAREN ABENDUKO BILERAN LANDUTAKO GAI NABARMENENEN DESKARGU LABURRA
- Hedatze programa: bi urteko epealdia pasata, eskaera berritzea tokatzen da. Horretarako epea zabaltzen denean, Ikastolak Hedatze programarekin jarraitzeko eskaera egitea begi onez ikusi eta onartu du Artezkaritza Kontseiluak.
- Ikastolak egiten dituen aitorpen eta oparien kudeaketarako marko orokorra onartu da. Honen helburua, hala dagokien kasuetan, irizpide eta funtzionatzeko modu komunak ezartzea da. Dokumentua findu eta doitzean langileen eskura jarriko da, hala behar denean kontsultarako erabiltzeko. Eskura jartzean, horren berri emango da asteko oharren bitartez.
- Zuzendari berriaren hautaketa-prozesua: Eguberriko oporren bueltan urte berriari zuzendari nagusi berriarekin ekitea bazen ere helburua eta nahia, prozesua pixka bat gehiago atzeratuko da. CVak jasotzeko epea itxita dago, hautagaien lehen selekzioa egina dago, lehen selekzio horretako elkarrizketak martxan dira eta azken finalisten elkarrizketak/probak urtarrilean egitea aurreikusten da.
Hezkuntza Batzordea: 1. hiruhileko bileren deskarguak
Bi bilera egin ditu Hezkuntza Batzordeak lehen hiruhilekoan, lehena urrian eta bigarrena abenduan. Langile atarian dituzue deskarguak (gainaldean ezkerraldean dauden ikono-zerrendako “organoetako aktak” atalean).
Komunikazio ez-bortitza: abenduko bideo-pilula
Ikastolan sor daitezkeen egoera zail eta deserosoak kudeatzen laguntzeko 4. bideo-pilula zabaldu dugu. Ikusgai dituzue orain arteko guztiak hala behar edota nahi duzuen aldiro langile atariko informazio praktikoa atalean, ongizatea eta garapena sailean.
Lilaton 2026: emakumeok, anima zaitezte!
Ziurrenik askok jakingo duzuenez, DBHko hainbat ikasle zein irakaslek “Lilaton”en parte hartzeari ekin zioten orain sei urte, elkarrekin igande goiza kirola eginez pasa eta aldarrikapenez betetzeko asmoz.
Orain arteko esperientzia oso atsegina eta asegarria izan denez, aurten ere, jarraipena eman nahi zaio. Eta hala, martxoaren 1ean egingo den “Lilaton”en izena ematera animatu eta gonbidatu nahi zaituztegu zuek ere, Ikastolako emakumezko langileak.
Langile atarian topatuko dituzue Ikastolako talde-argazkira batzeko xehetasunak (aurrez www.lilaton.eus-en izena eman behar da, norbanako gisa). Anima zaitezte!
BESTELAKOAK
Elkartasun Kutxa 2026: 1,1, milioi € beharrik handiena duten proiektu eta Ikastolentzako
Elkartasun Kutxa Ikastolok beharrik handiena duten proiektuak eta Ikastolak laguntzeko dugun ekimena da. Euskal Herriko 115 Ikastolok egiten dugu urtero ekarpena Kutxara hori aurrera atera ahal izateko. Maiz Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako Ikastolak izaten dira laguntza jasotzen dutenak.
Pasa den astean, abenduaren 11n, egin zen aurtengo Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia Zumaian, Zumaiena Ikastolan, eta 2026an sei Ikastolaren eta Seaskaren Kanboko egoitzaren artean 1,1 milioi € banatzea erabaki zuen. Euskal Herriko Ikastolok Elkartasun Kutxa sortu genuenetik, 1992tik, hogei milioitik gora banatu dira. Informazio xeheagoa, langile atariko albisteen atalean.
Euskalgintzaren Kontseilua: abenduaren 27ko ekitaldira joateko autobusa herritik
Euskalgintzaren Kontseiluak “Euskararen etorkizuna jokoan. Euskaltzaleon garaia da!” ekitaldia deitu du abenduaren 27rako, Bilbao Arenan 17:00etan. (Azaroaren 21eko asteko oharretan dituzue xehetasunak).
Herriko euskalgintzak autobusak jarriko ditu bertaratzeko. 10:30ean abiatuko da lehena eta 15:00etan bigarrena. Bidaiaren kostua 12 eurokoa da helduentzat eta 8 eurokoa 12 urtetik beherakoentzat. Izena emateko zerrendak Xenpelar AEKn, Lau Haizetaran, eta Arkaitza tabernan daude eskura. Bilboko ekitaldirako sarrerak pizkundea.eus webgunean daude salgai.
EGUBERRI ETA URTE BERRI ON!!
Eskerrik asko egindako ahalegin eta lan guztiagatik. Gozatu egun hauez eta, ahal baduzue, deskantsatu ere egin. Bueltan jarraituko dugu denon artean Ikastola egiten, aurrera egiten.