HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (25.11.28)


ETAPA MAILAKOAK


Astearteko antolaketa

Datorren astearteko ordu osagarriak norberaren lanetarako utziko ditugu.

Euskararen Eguna

Euskararen Eguna eta Argitxoren urtebetetzea ospatzeko bizkotxoak, batidoak, edalontziak eta kandelak asteartean izango dituzue irakasle geletan.

Mari Domingi Baserrian

Abenduaren 6tik aurrera, Mari Domingiren Errepublika Magikoa izango dugu Baserrian, abenduaren 23ra arte. Hori dela eta, Baserria ez da egongo erabilgarri. HH3koei eragiten dizue: zein aldagela erabili ditzakegun jakin orduko jakinaraziko zaizue.


IKASTOLA MAILAKOAK


Solasean: norberaren hausnarketa eta bakarkako elkarrizketak

Iaz hasitako bideari jarraituz, aurtengo ikasturtean ere izango dugu Solasean. Langile atariko gainaldeko azpimarretan duzue norberaren hausnarketa egiteko eta bakarkako elkarrizketarako hitzordua hartzeko aukera. Hausnarketa denok egingo dugu; bakarkako elkarrizketa, berriz, iaz egin ez zutenek (iaz egin zuen norbaitek aurten ere egin nahi balu, ez dago inongo arazorik). Bata egiteko eta besterako hitzordua hartzeko epea urtarrilaren 11n amaituko da.

Bakarkako elkarrizketarako hitzordua hartu aurretik, norberaren hausnarketa egin behar da; eta gutxienez hiru egun lehenago hala dagokion gidariari bidali behar zaio. Epe hori gutxi gorabeherakoa da, baliteke gidariak egun gehiagoko tartea eskatzea. Bestalde, jakizue, gidariek elkarrizketak modu orekatuan egin ditzaten, jasotako eskaeren arabera beteko direla gidari bakoitzaren hitzorduak eta, beraz, hortik aurrerako eskatzaileek beste gidari bat aukeratu beharko dutela.

Artezkaritza Kontseilua: azaroko bilera

Azaroaren 26an egin zen Artezkaritza Kontseiluaren azaroko bilera. Bertan landutako gaiak ez daude itxita, lanketa luzeagoa behar dute. Ez da erabakirik hartu eta hortaz, aurrerago emango da horien berri; hala dagokionean eta hala dagokien bideak erabiliz. Beraz, ez da Artezkaritza Kontseiluaren azaroko bileraren deskargurik zintzilikatu langile atarian.

Ikasleen irudi-baimen eguneratuak ikusgai Inikan

Ikasle bakoitzaren irudi-baimen eguneratuak ikusgai daude Inikan, ikasle bakoitzaren fitxan. Non? Ikaslearen datuen atalean, behean eskuinaldean.

“Tik”a badu eta beltzez badago, baimena duenaren seinale; gorriz badago eta “tik”-ik ez badu, baimenik ez duela esan nahi du.

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Hezkuntza birpentsatzeko gakoak ematea helburu duen Nélida Zaitegi de Miguelen “Alto y Claro” liburuaren aurkezpena eta osteko solasaldia gehitu dugu. Langile atariko prestakuntza eta jardunaldien atalean topatuko dituzue xehetasunak.

HIZPRO | Abenduko kalko okerra

Eskura duzue abenduko kalko okerra Blaitu Klubaren atariko Jantzi euskaraz atalean. Ohi bezala, tutoreen esku geldituko da posterra inprimatzearen ardura.

Blaitu – Euskaraz Bizi | Euskararen eguneko pregoia

Abenduaren 3a ate joka dugunez, Blaitu Klubak Euskararen Eguneko pregoia prestatu du, geletan egunari hasiera emateko ikus dezazuen. Blaitu Klubaren atarian (emisio berezietan) topatuko duzue bideoa.

Gabonetako saskien zozketa

Ohiturari jarraituz, aurten ere DBHko eraikinean Orereta-Oiartzoko gabonetako saskiak zozketatuko ditugu.

Ikastolako langile guztiak izena ematera animatu nahi zaituztegu! Zozketa abenduaren 19an egingo dugu eta horretarako 10€ jarri beharko ditugu. Parte hartu nahi baduzue, galdetegi hau bete, mesedez. Horretarako azken eguna abenduaren 5a da. Dirua jasotzekoa, berriz, abenduaren 10a.

Etapa bakoitzean arduradun batek jasoko du dirua:

  • HH: Amaia Pascua
  • LH: Imanol Mitxelena eta Maria Eugenia Otermin
  • DBH + zerbitzuak: Nerea Laurenz
  • BATX: Janire Urrestarazu

Mila esker eta… ZORTE ON GUZTIOI!!!

Matrikulazioa 2026-27: testuinguruaren azterketa

Urtero matrikulazio-garaia heldu aurretik egin ohi dugun azterketa (herriko jaiotza kopuruari eta haien jatorriari buruzkoa) hemen duzue ikusgai.


BESTELAKOAK


Katalogoa.eus: Euskarazko Produktuen Katalogoa

Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998an Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena da, egun ehundik gora toki-entitatek sustatzen dutena. Besteak beste, 16 urte bitarteko gazteentzako euskarazko kultur produktuen bilduma eguneratua egitea da helburua. Eguberriak ate joka ditugunez, interesgarria izan daitekeelakoan, www.katalogoa.eus webgunean hainbat eta hainbat opari-aukera topatuko dituzue.

Hainbat artikulu interesgarri