HIZKUNTZAK

Kleraz idatzi dugu "Azaroak 20: Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna"

Testuez eta ilustrazioez gain, musika, dantza eta antzezpena ere uztartzen dituen Klera liburuak eman digu bide Orereta Ikastolan Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna lantzeko Lehen Hezkuntzan. Kleraz idatzi dugu “Azaroak 20: Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna“.

Klera. Gerra baten erdian bizi den haur bat. Begien aurrean ez du bere etxerik ikusten, lorategirik… Ez du kolorerik ikusten, hautsa besterik ez, hautsez bete zaizkio begiak, belarriak, bere barru osoa. Amonak adi ibiltzeko eskatzen dio, ez aldentzeko bere ondotik. Baina haurrak iturrira joan nahi du eta begiak garbitu, belarriak, lehen bezala ikusi ahal izateko, lehen bezala sentitu. Ezkutalekutik irten eta bere pausoek hondatutako eskolara daramate. Han, koloretako klera bat aurkitu eta marrazten hasi da. Etsaiaren tiroak gertu entzun dituenean, leherketa batek eten du unea. Norbaitek eskutik heldu dio. Heriotza joan da bere bila. Eskatu dio, ea klera bat hartu dezakeen, lorategi bat marraztu ahal izateko. Eta Heriok, munduko lorategirik ederrena marrazteko esan dio, eta nahi duen guztia.

Kleraz idatzi dugu “Azaroak 20: Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna“. Aste honetan, Lehen Hezkuntzako ikasleek hausnarketarako aukera izan dute:

  • Gazteenekin egin den lanketaren helburua emozioak izendatzen eta ulertzen hastea izan da. Nola? “Zein kolorerekin identifikatuko zenuke tristua?” galderari erantzunez edota dantzaren bitartez beldurretik lasaitasunerako bidea eginez.
  • LH 3. eta 4. mailako ikasleekin egin den lanketaren helburua bizitza, galera eta bakearen arteko lotura ulertzen hastea izan da. Nola? “Zergatik uste duzue gerrak haurrei kalte handia egiten diela?” galdera hartu dute hausnarketarako oinarri eta bide.
  • LH5. eta 6. mailako ikasleekin egin den lanketaren helburua heriotzaz eta bakeaz modu sinboliko nahiz kritikoan hitz egitea izan da. Nola? Hausnarketarako proposamenetako bat “Bakea ez da hitz bat soilik” mural kolektiboa izan da.

Kleraz idatzi dugu “Azaroak 20: Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna“. Gaur egun munduak bizi duen egoera ikasgeletara ekarri nahi izan dugu, maiz albistegietan ikusi eta irakurtzen ditugun albiste horiek presente izan, izaera kritikoa landu, heriotzaren eta gerraren gaineko kontzientzia hartu.

Aurten, Kleraz idatzi dugu “Azaroak 20: Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna“. Datozen urteetan, jarraituko dugu arkatzez, boligrafoz, errotuladorez, margoz… idazten; kolore ilunez egin ordez biziz egiteko esperantza ez dugu galduko!

azaroak 20 Eskubideak Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna haurrak Nerabeak