Baziren behin hogeita hamabi beldar pottoko eta zuri; baziren behin, Oiartzunen, hogeita hamabi beldar pottoko eta zuri. Ireki ditzagun gure zetazko oihal zuriak, hastera goaz gure beldar pottoko zurien istorioa kontatzen.
Maiatzak 10 zituen Oiartzungo Haurtzaro Ikastolako Izaskun irakasleak beldarrak eskaini zituenean. Orereta Ikastolako HH3ko taldeak baserria gaia lantzen ari ziren orduan eta ezin hobeto zetozkien gaian sakontzeko, beldarrena bezalako metamorfosi prozesu bat gertutik jarraitzea ederra baita. Gerora txiki geldituko zitzaien kutxa batean etorri ziren beldarrak Oiartzundik Orereta Ikastolara, eta HH3ko esperimentazio txokoaren ondoan dagoen mahaitxo txiki batean hartu zuten ostatu.



Eta han hasi ziren HH3ko ikerlari txikiak informazio biltzen eta behaketa lanak egiten eguna joan eta eguna etorri. Ikasgelan egun batzuk pasatzerako HH3ko taldekide eginak ziren beldar pottoko zuriak. Haurrak, Ikastolara iritsi bezain laster, zertan ari ziren, kolorez nola aldatu ziren, nola handitu ziren ikusteko irrikaz gerturatzen ziren haien kutxara. Zirkulazio autonomoko garaian beti egon da ikasle talderen bat begiak zabal-zabalik prozesuari harri eta zur begira.
Beldarrek masusta arbolaren hostoak soilik jaten dituzte, eta hosto horiek ez dira edozein lekutan topatzen. Lezo eta Oiartzunen non dauden jakinda, asteburuetan poltsa hostoz beteta ekarri dute astelehenetan Ikastolara ikerlari txikiek; eta jatekorik ez dute falta izan astean zehar beldar pottoko zuriek. Jan ahala handitu, eta handitu ahala gehiago jan. “Jan eta lo, beti potolo”, bai horixe!



Beldarrak, nahikoa jandakoan, pixkanaka beren etxea izango zena sortzen hasi ziren: kutxaren izkina bat aukeratu eta pixkanaka zetazko pareta bat egin zuten ondoren kuskua izango zena sortu arte. Beldar guztiek euren kuskua egin zutenean, hogei bat egun pasa zituzten haien barruan metamorfosia egiten.



Eta hara! Egun batean Ikastolara iritsi eta… kuskua zulatua eta tximeleta pottoko zuriak kutxan! A zer ilusioa ikerlari txikiena! Tximeletek hegalak mugitzen zituzten, baina kutxatik atera ez. Haurrek eskuan hartzeko aukera izan zuten, beren gelakide pottoko zuriak besarkatzekoa.


Egun batean, buruak elkarri lotu eta arrautzak jartzen hasi ziren beldarrak, hurrengo urteko martxoa-apirilean berriz ere jaiotzeko. Eta nola ez, HH3ko ikerlari txikiek gorde egin dituzte arrautzak hurrengo urtean ere beren lagun pottoko zurien metamorfosi prozesuaz gozatzeko esperantzaz! Eta ziur izango dela aukera, esperantzaren kolorea ere zuria baita!