HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 6. buletina (25.05.07)

Gai hauek landu dira 2025eko apirileko Artezkaritza Kontseiluaren bileran. (Oharra: Artezkaritza Kontseiluaren apirileko bilera maiatzaren 7an egin da, udaberriko oporrak eta maiatzaren leheneko zubia tarteko).

Elkarbizitza arazoak Aingeru Guardakoa eraikinean (Oiartzo) eta jangelan Belabaratzeko erabiltzaileekin

Egoeraren eta orain arte emandako pausoen errepasoa eta balorazioa egin da, Belabaratzeko erabiltzaileekin Oiartzon eta Orereta Ikastolako jangelan dauden elkarbizitza-arazoak ez baitira konpondu. Gaia luze jotzen ari da eta irakasle zein langileak oso nekatuta daude. Udalarekin gaia lantzen jarraituko da.

Zerbitzu osagarriak 2025-26: prezioak erabakitzea

2025eko otsailean egin zen Ikastolaren Urteko Ohiko Batzar Nagusian erabaki zen zerbitzu osagarrien 2025-26 ikasturteko zenbatekoak Artezkaritza Kontseiluak erabakiko zituela KPI + etorkizuneko soldaten berdintzea aldagaien doitzeen arabera, erabakia ere ahalik eta doituena izateko asmoz.

Artezkaritza Kontseiluaren apirileko bileran hartu dira zerbitzu osagarrien 2025-26 ikasturteko zenbatekoen gaineko erabakiak:

Garraioa:

  • Egunean 1-2 bidaia: 60€/hilabetea
  • Egunean 3-4 bidaia: 80€/hilabetea

Jangela:

  • Erabilera jarraia:
    5 egun astean: 135€/hilabetea
    4 egun astean: 110€/hilabetea
    3 egun astean: 85€/hilabetea
    2 egun astean: 62€/hilabetea
    1 egun astean: 35€/hilabetea
  • Egun soltea: 12,50€/otordua
  • Aldaketak egongo dira kontratazio baldintzetan:
    • Eguneko otordua erabileraren arabera kobratzetik, hileko kuota finko batera pasako da jangela-zerbitzua.
    • Bajengatik eta irteerengatik ez da deskonturik aplikatuko. Irteerak aurreikusi eta aintzat hartu dira urte guztiko jangelaren erabileran eta horren arabera ezarri eta doitu dira hilabeteko zenbatekoak.
    • Hilabetean bertan ez da kontratazio aldaketarik onartuko. Egun gehiago kontratatu nahi badira, egun solte gisa egin beharko da.

Zaintza:

  • Erabilera jarraia: 33€/hilabetea
  • Egun soltea: 6€/eguna

Udalarekin bilera dirulaguntza baten harira

Ikastolako ordezkariek (Artezkaritza eta zuzendaritzako kideek) bilera bat izan dute udal ordezkariekin, besteak beste, dirulaguntza baten harira. Dirulaguntza horrekiko ikuspuntu desberdina dute Udalak eta Ikastolak, desadostasunak daude. Gaia jorratzen jarraituko da.

Lacunza hizkuntz eskolaren eskaera

Lacunza hizkuntza eskolak Ikastolara jo du, eguerditan gelarik libre izango genukeen jakiteko. Gure LHko ikasle askok Lacunzan ikasten dute eta eskatu da eguerdietan eskolak Ikastolan ematea, hartara arratsaldeak libre izateko.

Orain gutxira arte Ikastolak ingelesa eskaintzen zuen eskolaz kanpoko ekintza gisa beste erakunde batekin. Erakunde horren izen emateak behera egin zuenez, erakunde horrek berak zerbitzua emateari uztea erabaki zuen.

Lacunzaren eskaera ondo ikusten da. Lacunza berak egingo du matrikulazioaren kudeaketa, Ikastolak espazioaren lagapena egingo du soilik eta beraz eskaintzaren ardura Lacunzarena izango da.

Artezkaritza Kontseiluak azpimarratzen du Lacunzarekin ez duela inolako lehentasunezko harremanik. Horregatik, Lacunzak egin moduan beste akademia batek antzeko eskaera egingo balio, hasiera batean erantzun bera emango lioke hari ere.

Eskola kirola: nahitaezkotasunaren gaineko erresoluzioa

Azkena ateratako epaiak esan duenaren arabera, orain ez da derrigorrezkoa eskola kirola egitea talde federatu batean kirola egiteko.

Aldunditik hedabideetan adierazi da eskola kirola doakoa izango dela 2026-27 ikasturtetik aurrera.

Artezkaritzak kezka du eskola kirolak datorren ikasturtean izango duen harrerarekin. Ikastolarentzako eskola kirolean garrantzitsuak diren baloreak sustatzen dira eta epaiak ez dio onik egiten ez balio horien sustatzeari ezta euskarari berari ere.