HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 4. buletina (25.01.29)

Gai hauek landu dira 2025eko urtarrileko Artezkaritza Kontseiluaren bileran.

2023-24 ikasturteko familien asebetetze-galdetegien deboluzioa

2023-24 ikasturteko familien asebetetze-galdetegien emaitzen deboluzioa egin da etapaka eta sailka. Emaitzak onak direla ondorioztatu da. Jasotako erantzun kopurua esanguratsua bada ere (irizpide estatistikoen arabera) ondorioak ateratzeko, ez dira gehiegi. Asebetetze-galdetegiari familia gehiagok erantzutea nahi da, moduan pentsatu behar da.

2023-24 ikasturteko asebetetze-galdetegiekin egindako aurrerapauso nabarmenena emaitzen ustiatzea guraso ordezkariekin partekatzea izan da. Informazioa partekatzeaz harago, emaitzak elkarrekin aztertu dituzte guraso ordezkariek eta etapetako zuzendaritza-taldeek jarraipen batzordeetan; hartara, hobekuntza-planak elkarrekin eraikitzeko. Orain arte, informazioa ustiatzea eta hobekuntza plana egitea zuzendaritza-taldearen ardura zen. Prozesua moteltzea dakar elkarlanak, Ikastolako guraso guztiei asebetetze-galdetegien emaitzen eta hobekuntza planaren berri beranduago ematea. Hori fintzeko zein aukera dauden pentsatuko da.

Oiartzo Ikastolaren Eguberriko Topaketa 2024: balorazioa

Oiartzo Ikastolak ekainean batxilergoa bukatutakoei omenaldia egiteko hitzordua da Eguberriko Topaketa. Ikasturte honetakoa Niessenen egin zen abenduaren 23an.

Artezkaritza Kontseiluko hainbat kide joaten dira Eguberriko Topaketara Orereta Ikastolaren ordezkari gisa. Aurtengoan han izan zirenek ekitaldi polita eta goxoa izan zela esan dute.

2023-24 ikasturteko kontuen onarpena Batzar Nagusiaren behin betiko onarpenaren aurretik

Artezkaritza Kontseiluak bere onarpena eman die 2023-24 ikasturteko kontuei, eta informazio eta datu horiek eskuan eta 2024-25 ikasturteko aurreikuspenen jakitun, 2025-26 ikasturteko Ikastolako zenbatekoen proposamena ere landu du Batzar Nagusian aurkeztu eta, hala badagokio, onartzeko.

Urteko Ohiko Batzar Nagusia 2025: eguna, ordua eta gai-zerrenda zehaztea

Batzar Nagusia otsailaren 26an egingo da, Ikastolaren Linoko egoitzan (Santa Klara kalea, 7); 17:30ean lehen deialdian, 18:00etan bigarrenean eta 18:30ean hirugarrenean. Gai-zerrenda ere zehaztuta geratu da.

Oiartzo Ikastolako patronatua: lehendakaria izendatzea

Oiartzo Ikastola fundazioan Orereta Ikastolari dagokion bigarren patronoa Fco. Javier Bagües Bafaluy izango da, Orereta Ikastolako Artezkaritza Kontseiluko kidea eta diruzaina da. Maider Gezala Salak utzitako lekua hartuko du Bagüesek eta Gezala Oiartzoko lehendakaria izan denez orain arte, Orereta Ikastolak Bagües proposatuko du lehendakari posturako Oiartzoko patronatuaren hurrengo bileran. Oiartzo Ikastola fundazioko lehendakaria Orereta Ikastolako patrono bat izaten da, fundazioaren %75a Orereta Ikastolarena delako (%25a Haurtzaro Ikastolarena).

Ikastolako barne araudi eguneratuaren onarpena Batzar Nagusiaren behin betiko onarpenaren aurretik

Artezkaritza Kontseiluak bere onarpena eman dio Ikastolako barne araudi eguneratuari. Batzar Nagusian aurkeztu eta, hala badagokio, onartuko da behin betiko.