HIZKUNTZAK

Ikasteko modu osasungarria hamaiketako osasuntsua prestatzeko

HH4n “Gorputza eta elikagaiak” gaia lantzen aritu dira bigarren hiruhilekoan, eta proiektu ederrarekin eman diote amaiera: HH5eko lagunentzako hamaiketako osasuntsua prestatu dute. Nola? ikasketa modu osasungarriak, beren beharren eta erritmoen baitakoak, esploratu, deskubritu eta erabiliz. On egin diezaiola sabelari, eta ikasitako guztiari!

1. Erosketen zerrenda prestatu
(idazketa eta hiztegia)

DIN A3 tamainako orri batean erosketen zerrenda egin dute. Haurrak, ideiak eman ahala, orrian idazten joan dira. Erosi beharreko elikagaien zerrenda bat osatu dute denen artean.

2. Gonbidapenak prestatu eta banatzera joan (idazketa eta ahozkotasuna)

Txantiloi bat oinarri, ikasleek beren gonbidapenak sortu eta ikaskideei banatu dizkiete.

3. Aurkezpenerako elikagai osasuntsu eta ez osasuntsuen kartulinak osatu (hiztegia)

Etxetik ekarritako supermerkatuetako iragarkietatik elikagaiak moztu eta itsatsi dituzte bi kartulinetan: batean, hamaiketakoko elikagai osasuntsuenak; bestean, hamaiketakoan egongo ez diren elikagai ez osasuntsuenak.

4. Erosketak egin astelehenetako azokan edo supermerkatuan (matematika, ahozkotasuna eta kale heziketa)

Herriko denda eta azokak ezagutu dituzte eta kale heziketa landu dute, tokian tokiko errespetuzko jarrerak barneratuz.

5. Erositakoa aztertu (matematika eta hiztegia)

Kolore, tamaina eta formaren arabera sailkatu, frutak zenbatu, hamaiketakorako brotxetak prestatuz seriazioak egin…

6. Egindako lana aurkeztu eta hamaiketakoa egin HH5eko lagunekin (ahozkotasuna, jendaurrean hitz egitea eta elkarkidetza)

Beren burua aurkeztu, zertara joan diren azaldu, zein janari eta zergatik aukeratu dituzten esplikatu, zer ez duten topatuko eta zergatik azaldu, hamaiketakoa nola prestatu duten esan… eta ondoren, elkarrekin, den-dena jan!