LHko Guraso Batzordearen 2020-2021 ikasturteko hirugarren bileran ondorengo gaiak landu dira.
Arratsaldeko irteera: auto-pilaketak
Haurrak jasotzera Ikastolara igotzen diren familien artean auto asko ari dira pilatzen Baserriaren aldeko atean. Egoerak berdin jarraitzen du. Ikastolak jakinarazpen batzuk helarazi ditu, baina irtenbiderik ez da lortu eta familiek argibide eta gomendio argiak eskatzen dituzte. Jarraipen Batzordera eramango da gaia.
COVID-19 protokoloa: leihoak irekitzea
Aurreko Guraso Batzordearen bileran egindako galderari erantzunez, zuzendaritzatik berogailua egunero pizten dela jakinarazi da. Hala ere, gurasoek noiz eta nola pizten den, gelako baldintzak zein diren eta neguan baldintza horiek zein izango diren jakin nahi dute. Hori guztia argitzeko Jarraipen Batzordera eramango da gaia.
COVID-19 protokoloa: jangelako txandak
Jangelako txandak laburregiak ote diren beldur, hiru txandetatik bira pasatzeko aukera aztertu da. Azkenean, segurtasun neurriak erabat bermatzeko, aukera baztertu da eta, beraz, jangelan hiru txanda izango dira ikasturte osoan.
COVID-19: etxealdian dauden ikasleen jarduna
Ikasturtearen hasieran burbuila osoak konfinatuko zirela uste zen arren, gela osoak ez dira ia inoiz etxera bidali. Ondorioz, ikasle bakan batzuk ari dira etxean geratzen; egun kopuru ezberdinetan kasuan kasu. Horregatik, ikasle guztiekin era bertsuan jokatzeko plangintza eskatzen da.
Baso-eskola: hasiera-data
Baso-eskola azaroaren 16an jarriko da martxan. HH3tik LH3ra arteko haurrek izango dute era programatuan bertan ikasteko aukera. Beste ikasleek ere izango dute gune horretaz gozatzeko aukera, programazio didaktiko zehatzik izango ez duten arren.
Ikastolako komunikazio-kanalak
Ikastolak komunikaziorako erabiltzen dituen kanal guztiak kontuan hartuta (emailak, Alexia, webgunea…), kexa batzuk izan dira bakoitza noiz eta zertarako erabiltzen diren jakin nahian. Batzuetan ez da argi izaten mezu bakoitza zein kanalen bitartez espero behar den. Hori guztia ondo antolatzea eskatzen da, beste kanal berriren bat sortu behar den aztertu aurretik.
Jarraipen Batzordea
Hurrengo Jarraipen Batzordera gai hauek eramango dira: arratsaldetako irteerako aparkalekuen arazoa, geletako tenperatura baldintzak eta etxealdian dauden ikasleen jarduna.
Jarraipen Batzordearen bileretara gurasoak txandaka joatea adostu da.