HIZKUNTZAK

Hamaiketako osasuntsua: ohitura onei eutsi egin behar zaie!

Ohitura onei eutsi egin behar zaie, ikasturte batetik bestera ere bai. LHko ostiraletako hamaiketako osasuntsuei, adibidez, dudarik gabe 🙂

Iaz LH 2. mailan zeuden Orereta Ikastolako ikasleek hamaiketako osasuntsuaren proiektua landu zuten ikasturtearen erdialdean. Dieta osasuntsuaren garrantziaz eta horrek gure osasunerako dituen onurez ohartzeaz gain, hamaiketako osasuntsu batek izan behar dituen ezaugarriak zein diren ere ikasi zuten.

Lan- eta ikasketa-prozesu horretan, Orereta Ikastolako guraso den Esther Aguado dietistaren bisita ere jaso zuten. Hainbat ikaslek Ikastolara ekartzen zituzten hamaiketakoak behatu zituzten dietistarekin eta, besteak beste, hamaiketako osasuntsuaren erronka LHko gainontzeko ikasleei ere zabaltzea adostu zuten Estherrekin. Hala, pasa den otsailean, LH2koek ostiralak fruta egunak izatera animatu zituzten LHko ikasle zein langile guztiak. Eta geroztik, horretan darraigu: ostiraletako tupper-ak ttutti frutti osasuntsuak izaten 🥝🍓🍐🍇🍉🍑

Hamaiketako osasuntsuen bultzatzaile izandako ikasleei elkarrizketa egin diegu beren ahotik xehetasun gehiago jasotzeko asmoz. Jarraitu irakurtzen 👇


Hamaiketako osasuntsuaren gaia lantzen aritu zineten pasa den ikasturtean. Kontatu, kontatu zertan aritu zineten…

Lehenengo, Antzinako Erroma landu genuen eta hamaiketako osasuntsuaren garrantziaz konturatu ginen. Ondoren, Esther etorri zen janari osasuntsuak eta ez osasuntsuak guk hobeto ezagutzeko. Estherrek Esthertxo aurkeztu zigun. Janari ez osasuntsuak jaten bagenituen Esthertxo gaixotu egingo zela esan zigun. Ondoren, Estherrek erronka bat proposatu zigun eta ostiralero Añabitarten fruta eguna izatea nahi genuela adostu genuen denak elkarrekin.

Eta zer ikasi zenuten?

Txutxeriak batzuetan jatea, ez egunero jatea; denatarik jan behar dugu, horrela osasuntsu gaude.

Orokorrean, osasuntsuak dira gure hamaiketakoak?

Gehienetan, bai. 2. mailan (orain 3. mailan), ostiraletan fruta ekartzen dugu eta gainontzeko egunetan ere hamaiketako osasuntsua ekartzen saiatzen gara, nahiz eta beti-beti ez dugun lortzen.

Bisita ere izan zenuten gaia lantzen aritu zinetenean, ezta?

Bai, Esther etorri zen. Estherrek asko daki elikadura osasuntsuaren inguruan. Zer jan behar den eta zenbatero azaldu zigun.

“Gauzatxoak datoz” esan zeniguten Estherrekin egon ondoren. Eta etorri ziren: ostiraletan hamaiketakorako fruta ekartzera gonbidatu zenituzten LHko ikaskide guztiak. Nola doa erronka?

2. mailan (orain, 3. mailan) ongi doa, baina gainontzeko mailetan ez dakigu. Gogoratzen dizuegu ostirala fruta eguna dela eta ea horrela erronka betetzea lortzen dugun! Agur! Eskerrik asko!

hamaiketako osasuntsua