Juul kanpainak Euskal Herriko Ikastoletan irakurzaletasuna bultzatzea du helburu. Orereta Ikastolan, LH 3. eta 6. mailako ikasleak eta DBHkoak ari dira parte hartzen kanpainan:
- LH3 eta LH6: ikasturtean zehar, ikasleek gutxienez bost liburu irakurri dituzte proposatu zaien zerrendatik (zerrendako proposamen gehienak, Galtzagorri Elkartearen liburu kanonetatik hautatuak).
- DBH: bigarren hiruhilekoan, DBHko ikasleek liburu bana aukeratu dute zerrenda batetik. Gaztetxoei saio batzuk eskaini zaizkie liburua Ikastolan irakurtzeko, eta jarduera horri saio bateratu batekin eman zaio bukaera.
Orain, heldu da Juul kanpainaren hauteskunde-eguna. Apirilaren 10ean, LH3, LH6 eta DBHko ikasleek gehien gustatu zaien liburuari botoa emateko aukera izango dute. Orduan jakingo dugu Orereta Ikastolako nahiz Euskal Herri osoko Ikastoletako aurtengo libururik gustukoenak zein diren 🙂
Irakurzaletzeak ikasleengan dituen onurak ukaezinak dira, ez soilik irakurketa-idazketa prozesuari dagokionez, baita irudimenaren estimulatzaile eta plazer eragile gisa ere. Eskaini diezaiegun, beraz, gure seme-alabei, bai etxean baita Ikastolan ere, kalitatezko literaturaz gozatzeko aukera!