ETAPA MAILAKOAK
Jolasgaraiak direla eta
Azken asteetan nabarmena da hamaiketakoa berrerabilgarriak ez diren ontzietan ekartzeko joera ugaritzen ari dela ikasleen artean. Gogoan izan 3. saioa duen irakaslearen ardura dela (eta beste guztiona ere) araua betetzen ez duten ikasleei ikasgelako zakarrontzian bota araztea eta irakasle gelan erregistratzea.
Bestalde, kotxe artean ikusten ditugun ikasleei bertan ez ibiltzeko eskatu, mesedez.
Mantenu arduradunaren mezua
- Musika gelako pasilloko atea (garbitzaileen gela ondoko hori) itxita mantenduko dugu ikasleak larrialdi irteera inguru horretan ez ibiltzeko, eta erabili ezin dituzten eskailera horietan gorabeherak ekiditeko.
- Bi sarrera nagusietako ateak parez pare zabaltzen ditugunean behar bezala ixtea eskatu digu. Atearen parte txikiak edo estuak (giltzarekin ixten ez denak) bi helduleku dauzka, bat goian eta bestea behean. Biak ixten ez ditugunean kanpotik zabaltzea oso erraza da; atea erdi zabalik gelditzen da.
Solasean eta autoebaluazioa
Gogoan izan autoebaluazioa betetzeko epea martxoaren 8an amaitzen dela, eta Solasean egiteko txanda ere har dezakezuela. Langile atarian dauzkazue biak.
Calendarrari lotutakoak
- Asteleheneko klaustroa: Astelehenean izango dugu urteko lehen klaustroa. Calendarren ikusgai duzue landuko ditugun gaien zerrenda.
- Garabide: Datorren asteartean Garabide elkartetik etorriko dira 4. mailako ikasleekin egiten ari diren lanketa jarraitzeko.
- Berrikuntza saioa: Hurrengo asteartean liburutegian elkartuko gara aurreko saioan egindako lanketarekin jarraitzeko.
- Ebaluazio bilera: Bigarren ebaluazioko bileren hurrenkera ikusgai duzue Calendarren. Xehetasun edo jarraibide gehiago datorren astean emango dizkizuegu.
- Orientazioa: Gela azoka, Tabakalera. Datorren astean, otsailak 29-martxoak 1 , DBH4ko ikasleekin Tabakaleran egingo den GELA AZOKAra irteera antolatu da Orientazio Mintegitik. Irteera taldeka egitearen eskaria egin da eta ordutegi zehatza datorren astean izango dugu. Mesedez, kontuan izan azterketak jartzeko garaian.
IKASTOLA MAILAKOAK
Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua
Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasuna “Sormena eta berrikuntza kultura eraikitzen” ikastaroa da. Langile atarian dituzue xehetasunak.
Matrikulazioa 2024-25: emaitzak
Gaur arratsaldean itxiko da 2024-25 ikasturterako matrikulazio-kanpaina. Anartzek, zuzendaritza-taldearen izenean, emaila bidaliko du emaitzen berri emanez.
2024-25 ikasturtea: baimen eskaerak
2024-25 ikasturtea antolatzen hasteko garaia hurbiltzen ari denez, plangintza eta antolaketarik egokiena egin ahal izateko, langileen asmoen berri izan behar du zuzendaritza-taldeak. Horiek horrela, datorren ikasturterako aparteko eskaerarik egiteko asmoa izango bazenu, bete langile atarian topatuko duzun inprimakia. Martxoaren 10a da horretarako azken eguna.
Oiartzo: Patronatuaren otsaileko bileraren deskargua
Orereta Ikastolako Artezkaritza Kontseiluaren eta Hezkuntza Batzordearen bilerekin egin ohi dugun gisan, hemendik aurrera Oiartzoko Patronatuaren bileren laburpenak ere eskura izango dituzue langile atarian (gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” atalean).
Oiartzoko Patronatuak otsailaren 21ean egin zuen hil honetako bilera eta eskura duzue laburpena langile atarian.
Erabilera bakarreko edalontzirik ez kafe-makinetan, hemendik aurrera
Ingurumen batzordeak proposatu eta Ikastolako zuzendaritza-taldeak hala onartuta, hemendik aurrera ez da erabilera bakarreko edalontzirik egongo Ikastolako kafe-makinetan. Norberak berea edota kafe-makinen alboan dauden edalontziak erabil ditzakezue.
Giltza elektronikoaren erabilera irizpideak eta gida, langile atarian
Aproposa eta baliagarria dela eta, Ikastolan sartzeko erabiltzeko ditugun giltza elektronikoen erabilera irizpideak eta gida langile atarian jarri dira (gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “informazio praktikoa” atalean, “hainbat dokumentu praktiko” erlaitzean).
Lilaton 2024: eman duzu izena Ikastolako taldean?
Lilaton-en parte hartzeko dortsalak agortu badira ere, agortu aurretik eskatu bazenuen eta oraindik Ikastolako taldean izena eman ez baduzu, azken horretarako garaiz zabiltza. Langile ataritik egin dezakezu. Anima zaitez!
Urteko Ohiko Batzar Nagusia 2024: langile bazkideei gogoratzea
Pasa den astean Inikaz bidalitako deialdian adierazten zen bezala, otsailaren 28an egingo da Orereta Ikastola Koop. E.-ko Urteko Ohiko Batzar Nagusia Ikastolaren Linoko egoitzan (Santa Klara kalea, 7); 17:30ean lehen deialdian, 18:00etan bigarrenean eta 18:30ean hirugarrenean.
Gogoratu Batzar Nagusian parte hartzeko ezinbestekoa dela aurrez izena ematea. Batzarrera joateko aukerarik ez baduzu, joango den beste bazkide baten esku utzi zure botoa. Izena emateko zein botoa delegatzeko aukera duzu langile atarian. Otsailaren 25a da izena emateko azken eguna; botoa delegatzekoa, berriz, gaur (otsailak 23).
Bide batez, jakizu, Aurrera! memoria 2024 (urtekaria) jada ikusgai dagoela. Langile ataritik hel zaitezke bertara ere.
Bedatselekuak (udaberriko egonaldiak) antolatu ditu Ikastolak
Urte luzez Udalekuak antolatzen pilatutako esperientzia oinarri, egun Bedatselekuak (udaberriko egonaldiak) eta Negulekuak ere antolatzen ditu Ikastolak.
Bedatselekuak HH3-LH3 arteko haurrentzako izaten dira (izan Ikastolako ikasleak edo ez) eta aurten martxoaren 25etik apirilaren 5era izango dira. Bedatselekuek Ikastolako proiektu hezitzaileari jarraipena ematea dute xede, bide batez, familien premiei ere erantzunez. Langile atarian (albisteetan) duzue informazio xeheagoa.
BESTELAKOAK
23.Korrika: herriko txosnan laguntzeko prest zaude?
23.Korrika martxoaren 23an (larunbata), gauez, pasako da herritik. Horren harira, herriko Korrika Batzordeak herri-bazkaria antolatu du egun horretan bertan. Bazkariaz gain, musika eta beste ekintza batzuk ere izango dira; tartean, taberna. Eta azken horretarako laguntza behar da: taberna muntatzen, desmuntatzen eta txandetan zerbitzatzen aritzeko, hain zuzen ere. Laguntzeko aukera izango bazenute, eman izena langile atariko hala dagokion inprimakia betez. AEKko kideek askotan lagundu izan dute Ikastola guk antolatutako ekimenetan eta oraingoan haiek laguntzera ere gonbidatu nahi ditugu Ikastolako familiak eta langileak. Anima zaitezte!
Bide batez, jakizue herriko Korrika Kultaralaren programa (otsailak 29-martxoak 23) ere eskura duzuela langile atarian.