HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.05.26)


ETAPA MAILAKOAK


Ebaluazio bilerak, erreklamazio eguna eta barne oharrak

Dakizuenez iritsi zaigu 3. ebaluazioa ixteko ordua. Maiatzaren 29an eta 30ean ebaluazio bilerak behar bezala gauzatu ahal izateko, gogoan izan, notak garaiz sartzea (10:00etarako, alegia). Modu horretan, dagokionak izango baitu ikasle bakoitzaren errealitate akademikoaren berri (tutoreak, besteak beste).

Bestalde, ekainaren 2an erreklamazio eguna dugu. Dakizuenez, tutoreari / kotutoreari familiek idatziz eskatu beharko diote zer azterketa nahi duten. Ondoren, ekainaren 2an, 12:00ak baino lehen A3 batean bilduta, ikaslearen izen-abizenekin, Zuzendaritzako mahai gainean azterketak eskuragarri uztea eskertuko genizueke, ohiko moduan.

Azkenik, eta ebaluazio bilerarik ez duzuen tarteetan, aurrez aurreko guraso bilerak egiteko tutoreak / kotutoreak ikasleari buruzko informazioa beharrezkoa izango duenez, barne oharrak idazteko tartea duzuela gogorarazten dizuegu. Kontuan izan, ohar horiek idazteko azken eguna maiatzaren 31 izango dela. 

Berreskurapenen antolaketa: Ekaineko deialdia

Hona hemen ekaineko deialdia gauzatzeko proposatzen dizuegun antolaketa eta egutegia. Jakizue, Oiartzoko gimnasio gunea egokituko dugula berreskurapen azterketa horiek egiteko. Aztertu eta dokumentua osatu mesedez astelehenean zehar, berreskurapena egin behar duten ikasleen kopuruak zehaztuz. Bestalde, adierazi mintegiz mintegi zuen premiak zein diren, mesedez. Hau da, taula osatu ahalik eta zehatzen.

Zeinu hizkuntza: hastapen ikastaroa dela-eta

Klaustroan adierazi bezala, hurrengo ikasturterako lagungarri gerta dakigukeen baliabide eskaintza duzue honako hau; zeinu hizkuntzaren hastapen ikastaroa egiteko aukera izango du hala nahi duen profesionalak. Izena emateko astebeteko epea duzue, interesik izanez gero, etapako zuzendaritzari jakinarazi, mesedez.

Ikastaroari buruzko xehetasunak: uztailaren 3tik 7ra gauzatuko da ikastaroa, 09:00etatik 13:30era (tartean 30 minutuko atsedena eginez); eta gehienez ere, 12ko taldea izango da.

Ikastaroa egiten duten kideek dagokien aitortza izango dute lan egutegian.

Ordu osagarrien azterketa bilera: azpibatzordearen mezua

Datorren asteazkenean, maiatzak 31, hainbat irakaslek elkartzeko asmoa dugu datorren ikasturteari begira ordu osagarrien inguruko hausnarketa egin eta proposamenak biltzeko.

Gaia zure interesekoa bada, 14:10 aldera 3A gelan azaldu besterik ez duzu. Bertan egongo gara horretarako konpromisoa hartu genuen taldeko kideak.

Animatu! Ziur gaude denon artean ideia gehiago bilduko ditugula. Ane, Aitor eta Miren.

Ikastola eguna dela-eta, batzordetik mezua (Janire)

Badator eguna eta bagatoz azken berri eta eskaerekin. Dagoeneko badugu Ikastola Eguneko egitaraua. Ekainaren 3an 11:30ean emango diogu hasiera egunari eta 18:00ak arteko festa izango da. Ekitaldiarekin ekingo diogu, eta bertan, DBHko irakasleen parte-hartzea zinez eskertuko genuke. Izan ere, Erriola emankizunean komunitate guztiaren beharra izango dugu. Guri, gurasoekin batera, egiteko sinplea dagokigu: itsasoa irudikatzea. Beraz, animatu zaitezte, polita izango da eta. Aurretik entseguren bat egitea aurreikusi da, baina ordua zehazteke dago. Zenbat izango garen aurretik jakin behar dugunez, mezu baten bidez jakinarazi Janireri.

Horrez gain, txandak betetzeko boluntario gisa lanean aritzeko deia ere egin nahi dizuegu, zenbait zailtasun izaten ari baikara txandak betetzeko. Bereziki eguerdiko txandan oso jende gutxi dago; horrenbestez, prest bazaudete, bete ezazue inprimaki hau eta zehaztu ezazue zertan laguntzeko prest zaudeten.

Xehetasun guztien berri izan nahi baduzue, egin klik hemen egitaraua ikusteko.

Animatu, egun ederra pasako dugu eta!


IKASTOLA MAILAKOAK


Autoebaluazioa: galdetegia betetzeko epea

Gogoratu autoebaluazio-inprimakia betetzeko epea maiatzaren 31n bukatuko dela. Langile denek bete behar dugu. Langile atarian duzue inprimakia; goialdean ezkerrean, karpeta eta arkatza azaltzen diren botoi borobilean.

Autoebaluazioaren helburua etengabeko hobekuntza da, eta beraz, langilearen garapena sustatzea. Horrez gain, hurrengo ikasturterako prestakuntza planaren oinarria ere izango da.

Ikastola Eguna 2023: egitaraua

Ekainaren 3an ospatuko dugun Ikastola Egunaren egitaraua ondu du festa antolatzen ari den lantaldeak. Langile atarian duzue ikusgai egitaraua, baita egunean bertan boluntario lanetan aritzeko izena emateko inprimakia eta Erriola ikuskizunean parte hartzekoa ere.

Ikastola Eguna antolatzen ari den lantaldeak ondorengo oharren berri eman digu:

  • Norberak bere edalontzia. Pasa den astean aurreratu bezala, iaz egin gisan, norberak bere edalontzia ekartzea gomendatzen da. Salgai ere egongo dira 1€ren truke. Baserrian edaria erosteko aukera egongo da.
  • Añabitarte, zaindu behar dugun inguru paregabea. Gure inguru paregabea ahalik eta garbien eta ondoen zaintzea guztion ardura izango da.
  • Garraio-zerbitzua eta Tknika-ko aparkalekua: Ohi bezala, Ikastolak garraio-zerbitzua jarriko du Añabitartera igo eta bueltan herrira jaisteko, eta hori erabiltzeko gomendioa egiten du. Hainbatek kotxez igotzeko asmoa izango duzue. Hala bada, jakizue Ikastolaren inguruan eta Tknika-ko aparkalekuan (18:00ak arte) autoa uzteko aukera egongo dela.
  • Euria egingo balu, aldaketak egon daitezke egitarauan.

ETAPA ARTEKOAK


LH6 | Plastika gelatik herriko jaietako kartel lehiaketara

Plastikako gelatik herriko jaietako kartel lehiaketara. Bide horixe egin dute LH 6. mailako ikasleen lanek. Nola? “Madalenetako kartelen” proiektua landu dute plastika gaian. Urtarrilean ekin zioten lanari eta, orain, udaletxeak antolatzen duen herriko jaien kartel lehiaketara aurkeztutako lanen artetik aukeratutako berrogeita hamar kartelen artean daude Ikastolako hamahiru ikaslerenak, Xenpelar etxean ikusgai den erakusketan. Hortik aterako dira 2023ko Madalenetako kartelak (kategoria orokorrean eta haurrenean); baita herritarren saria jasoko duena ere, herritarrek beraiek emandako botoekin hautatuko dena.

Xenpelar Etxeko erakusketa ekainaren 3ra arte egongo da zabalik hala nahi duen herritar orok bisita dezan. Gustu baduzue, hortxe proposamena: ikusi lanak eta eman botoa gehien atsegin duzuenari! Zorterik onena opa diegu Ikastolako ikasleen lanei!

Ezagutu LH6ko ikasleen Madalenetako kartelen lan-prozesuaren nondik norakoak langile atarian (albisteen sailean).


BESTELAKOAK


EHIk jaso du 2023ko Ibilbideari Elkar Saria

Atzo banatu ziren Elkar argitaletxearen Adunako egoitza nagusian 2023ko Elkar Sariak. Eusko Ikaskuntzak (Proiektuari Saria) eta Ikastolen Elkarteak (Ibilbideari Saria) jaso dituzte aurtengo sariak.

Ibilbidea Sariarekin, Elkar fundazioak Ikastolek egindako bide luzeari eta Euskal Herria euskalduntzeko bidean burututako ekarpen handiari egin nahi izan die aitortza. Irakurri hemen albistea.