HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (23.05.05)


ETAPA MAILAKOAK


Mila kilo zorion

Mila kilo zorion

dizugu eskaintzen,

beste urte berri bat

duzulako hasten.

Baietz asmatu zenbat

dituzun betetzen,

zergatik ez ditugu

txaloka kontatzen?

Maiatzak 12: Ainhitze Larrañaga

Guraso bilera orokorrak

Jarraian guraso bilera orokorretako datak dituzue. Gogoratu, guraso bilera duzuen eguerdia zuentzako har dezakezuela. Datorren astean bidaliko zaizkizue guraso bilera orokorrak prestatzeko aurkezpen ereduak.

  • LH1: Maiatzak 24
  • LH2: Maiatzak 25
  • LH3: Maiatzak 23
  • LH4: Maiatzak 17
  • LH5: Maiatzak 18
  • LH6: Maiatzak 16

Ikasturte bukaerako egonaldiak

Ekainaren 7tik 9ra, Heltzen ziklokoak ikasturte bukaerako egonaldiak egingo dituzte eta  LH 1.mailako ikasleak, berriz, maiatzaren 29tik ekainaren 1era.

Mezu bidez jakinarazi zitzaizuen bezala, maiatzaren 15erako irteerara joango diren ikasleen zerrendak errepasatu behar dira eta dieta bereziak edo botikaren bat hartu behar duten ikasleen zerrenda osatu.

Heltzeneko ikasleen kasuan, mediku agiriak jaso eta koordinatzaileari bidali beharko zaizkio.

Azpian dituzue LH4, LH5 eta LH6ko ikasleen zerrendak:

Klaustroa

Maiatzaren 11n, klaustroa egingo dugu 13:10ean. Gai-ordena oraindik erabat zehaztu gabe badago ere, badira elkarrekin landu beharreko gai batzuk.

  • Ereduak
  • Guraso bilera orokorrak
  • Autoebaluazioa egiteko tartea eskainiko da

Blaitu batzordea

Duela pare bat hilabete Blaitu batzordeak jakinarazi zuen bezala, iritsi da hilabeteko Blaituko ekintza. Hilabete honetako ekintza Hazteneko ikasleei bideratua dago. Datorren maiatzaren 15ean, astelehena, Hazteneko ikasleak DBHko eraikinera jaitsiko dira DBH 4. mailako eta LHko zenbait ikaslek prestatu duten “Triangelua naiz” antzerki emanaldia ikustera. Antzerki emanaldi hau Yaiza Etxarri irakasleak sortutako “Triangelua naiz” ipuinean oinarrituta dago eta transexualitatea genero estereotiporik gabe lantzea du helburu. Antzerkia DBHko aretoan izango da eta honako hau izango da ordutegia:

  • LH 1→ 11:40ean
  • LH 2→ 12:00etan
  • LH 3 → 12:20ean

Musikaste

Maiatzaren 22, 23 eta 24an, LH1., 2. eta 3. mailakoek Musikasteko ordubeteko saioa izango dute Niessenen, 9:30etik 10:30era. Autobusa 9:10ean izango dute herrira jaisteko.

  • Maiatzaren 22: LH1
  • Maiatzaren 23: LH2
  • Maiatzaren 24: LH3

Praktika Gogoetatsuaren metodologia

Azken klaustroan irakasleon konpetentzien eta autoebaluazioaren inguruan aritu ginen. Gai honekin lotuta, ondorengo artikulu hau irakurtzea interesgarria izan daitekeela pentsatu dugu. Iruñeko San Fermin Ikastolan aurrera daramaten Praktika Gogoetatsuaren metodologiaren inguruko azalpenak topatuko dituzue bertan. Hemen duzue esteka.

Asteko kanta

Maiatzaren 14an, Herri Urrats ospatuko denez Senperen, Su Ta Garren “Urratsak zubi” kanta entzungo dugu.

Zubiek Herri hau batu egiten dute. Zubiek punta bat eta bestea batzen dute, eta Herri Urratsek azken 40 urte hauetan zubi lan handia egin du Iparraren eta Hegoaren, euskararen eta jendartearen artean, Seaskaren eta jendartearen artean, Ikastolen eta jendartearen artean. Lemarekin hori da aditzera eman nahi dena. 40 urte hauetan eman diren urratsek zubiak eraikitzeko eta hauek indartzeko balio izan dutela eta, etorkizuna segurtatzeko, garrantzitsua dela zubiak eraikitzen eta hauen zimenduak indartzen jarraitzea.

Informazio gehiago: https://herriurrats.eus/

Horrez gain, Janus Lesterren “Erriola” kanta ere entzungo dugu.


IKASTOLA MAILAKOAK


[TUTOREENTZAKO MEZUA] Ikastolako familien euskara-mailaren diagnostikoa

Ikastolako familien euskara-mailaren oinarrizko diagnostikoa egin nahi dugu hortik ateratako datuekin Ikastolako hizkuntz politika eta bertan ezartzen diren hizkuntz erabilera irizpideak eguneratu edota fintzeko.

Horiek horrela, tutore zaretenoi ondorengoa eskatzen dizuegu: bete excel orri honetako zuen ikasgelari dagokion erlaitza ikasleen gurasoen euskara-maila zein den adieraziz. Maiatzaren 14a da horretarako azken eguna.

Aldez aurretik, eskerrik asko!

Prestakuntza: eskaintza berria

Naturan Hezi III Topaketei buruzko informazioa eskuragarri duzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).

Kilometroak 23: hainbat aipamen

ENTZUNGAI DA GAURTIK “ERRIOLA” KANTA!

Kilometroak 23k badu soinu banda: “Erriola”, urriaren 1ean herrian egingo den jaiarekin amaituko den Kilometroak urte osoko egitasmoaren leloaren izen bereko kanta. Izan ere, gaurdanik, maiatzak 5, entzungai da audio plataforma nagusienetan (Spotify, iTunes…) Kilometroak 23rako propio Jon Maia Soria bertsolariak eta Janus Lester taldeak osatutako kanta. Langile atarian ere entzun dezakezue.

Janus Lesterrek bihar, maiatzaren 6an, joko du zuzenean “Erriola” kanta estreinakoz Agirre Lehendakaria plazan (Linon), gaueko 21:45ean, Kilometroak 23ren egitarauko “12 orduz Erriolan” kultur maratoiari amaiera emateko. 21:45ean abestia aurkeztuko da eta ondoren, 23:00ak arte, Janus Lester taldeak kontzertua eskainiko du.

Igo bolumena, hemen da aurtengo udako kanta!

“12 ORDUZ ERRIOLAN” (MAIATZAK 6): EGITARAUA

Agirre Lehendakaria plazak (Lino) “12 orduz Erriolan” ekimena hartuko du bihar, maiatzak 6 (larunbata). Kilometroak 23ren markoan, Orereta Ikastolak herriko eta inguruetako eragile eta artistekin osatu duen kultur maratoia izango da; 11:00etan hasi eta 23:00etara arte euskara ardatz izango duten arte diziplina ezberdinetako emanaldiak jasoko dituen egitaraua.

Gorago esan bezala, egunari amaiera emateko Janus Lester musika taldeak Kilometroak 23rako konposatu duen “Erriola” abestia eskainiko du lehen aldiz jendaurrean.

Ikusi “12 orduz Erriolan” ekimenaren egitaraua langile atarian.

Herri Urrats: autobusa Ikastolatik

2023ko Herri Urrats festa maiatzaren 14an ospatuko da Senpereko lakuan, “Urratsak zubi” lemapean. Ikastolak hara joateko autobusa antolatzeko asmoa du, Ipar Euskal Herriko Ikastolek guztion babesa eta ekarpena zinez eskertuko baitute.

Autobusa Iztietako geltokitik aterako da goizeko 9:00etan eta 19:00etan abiatuko da Senperetik bueltan herrira. 13€ (helduak) eta 8€ (adin txikikoak) kostako da joan-etorria.

Autobus-zerbitzua jarri ahal izateko beharrezkoa dugu zenbat jendek erabiliko lukeen jakitea. Herri Urratsera Ikastolak antolatutako autobusean joan nahi izanez gero, bete, mesedez, langile atarian topatuko duzuen inprimakia. Datorren maiatzaren 9a da horretarako azken eguna. Ondoren, jasotako eskaera-kopurua nahikoa izan eta autobus zerbitzua jarriko balitz, izena ematen dutenekin zuzenean jarriko gara harremanetan.

Esmalteriako Ostiralak: Musikoterapia saioa (maiatzak 12)

Esmalteriako Ostiralak ekimenaren parte, datorren maiatzaren 12an, ostirala, musikoterapia saioa antolatu du Ikastolak. 1-2 urteko haurrentzako eta haien familientzako izango da, Ikastolako Esmalteriako egoitzan, 17:00etan hasita. Aran eta Esti Mujika Tolaretxipi musikoterapeutek zuzenduko dute saioa.

Joateko asmoa izanez gero, bete langile atarian topatuko duzuen inprimakia. Maiatzaren 10a da izena emateko azken eguna. Plaza mugatuak izango dira: 12 haurrentzako eta haiekin etorriko diren beste hainbeste pertsona heldurentzako izango da lekua.


BESTELAKOAK


Hainbat artikulu interesgarri