HIZKUNTZAK

HH Asteko Oharrak (23.04.28)


ETAPA MAILAKOAK


Haur Eskolako matrikulazioa

Haur Eskolako matrikulazioa ondorengo bi asteetan egingo da. Aste hauetan Maitane eta biok Esmalterian bisitak izango ditugu.

3,2,1 Superartistak!!! saioak HHn

Aurreko ikasturteetan bezala, aurten ere Maddalen Dorronsoro musika tailerrak egitera etorriko da. Saioak 2, 3, 4 eta 5 urteko ikasleekin egingo ditu. Hemen duzue saioen egutegia.


IKASTOLA MAILAKOAK


Kilometroak 23: hainbat aipamen

“12 ORDUZ ERRIOLAN” (MAIATZAK 6): JANUS LESTER GUREKIN IZANGO DA

Aste Santuko oporren aurretik aurreratu bezala, maiatzaren 6an “12 orduz Erriolan” egitasmoa egingo dugu. 11:00etan hasi eta 23:00etara arte diziplina diferenteetako emanaldiak izango dira Agirre Lehendakaria plazan (Linon).

Eguneko egitaraua erabat zehaztu gabea badago ere, baiezta dezakegu, besteak beste, Herri Arte Eskolako ballet eta klake dantzariak, orkestra txikia eta erromeria taldea; Beti Prest taldea (muxikoak); Lau Haizetarako kantujira; Xenpelar bertso-eskola; SAGELtarrak, Zilibito Records eta Lawless Records musika-taldeak; DJ Iker Rodriguez; Ochote taldea; Concha Rociera; Lur Korta ipuin-kontalaria eta Edu Magoa bertan izango direla. Baita ere zinta-akrobaziak, erakustaldiak (karatea, diaboloa…), tailerrak (gimnasia akrobatikoa familia egitekoa Hiruki Birakaren eskutik eta musika tresnak sortzekoa Soinuenek gidatuta), eta LHko ikasle sortzaileen eta hainbat familien emanaldiak.

Eta Janus Lester taldea ere, Kilometroak 23ren “Erriola” abestiaren egilea, gurekin izango da. Aurreratzen dizuegu maiatzaren 5ean aurkeztuko dugula “Erriola” abestia eta biharamunean, maiatzaren 6an, Janus Lester-ek lehen aldiz joko duela jendaurrean “12 orduz Erriolan” ekimenean. 21:30ean izango da hori, eta ostean, 23:00ak arte, kultur maratoia amaitu arte, kontzertua emango dute.

Datorren astean emango dizkizuegu “12 orduz Erriolan” ekimenaren gaineko azken xehetasunak, asteko oharren zein sare sozialen bitartez.

Hau guztia aurrera atera ahal izateko, boluntario-lanetan aritzeko pertsonak behar ditugu. Egin dezagun elkarrekin eta goza dezagun elkarrekin “12 orduz Erriolan” ekimenaz. Bete boluntarioen izen-emate inprimakia langile atarian. Anima zaitezte!

“EUSKARAREN ERRIOA” ERRONKA JARRI DUGU MARTXAN

“Euskararen Errioa” ekimena jarri dugu martxan: urrira bitartean, Kilometroak 23ko egun handia izango den urriko lehen igandea iritsi artean, euroka kilometroko errioa osatzeko erronka, hain justu.

Kilometro batean euroko 50.000 txanpon sartzen dira. Erronka euroak biltzea da, ahalik eta errio luzeena egitea. Gero horiek euskararen sustapena helburu duten proiektuetara bideratuko dira. Ekimenean parte hartzeko modu ezberdinak daude: modu fisikoan, online edo Bizum bitartez egin daiteke ekarpena.

Sagardo Egunean (apirilak 29), Dantzari Txiki Egunean (maiatzak 1) eta “12 orduz Erriolan” ekimenean (maiatzak 6) herriko kaleetan izango da “Euskararen Errioa”. Anima zaitezte eta anima itzazue zuen ingurukoak ekarpena egitera!

“Euskararen Errioa” ekimenaz informazio xeheagoa nahi baduzu, langile atarian topatuko duzu.

BOLUNTARIOAK BEHAR DITUGU HURRENGO EGUNETAKO HITZORDUETARAKO

Hurrengo egunetan Kilometroak 23 herriko kaleetara irtengo da eta lanerako boluntarioak behar ditugu. Hauek dira hitzorduak:

  • Apirilak 29, Sagardo Eguna: “Euskararen Errioa” ekimena indartzeko, jende artean eskuz esku euroak biltzen ariko diren boluntarioak behar ditugu.
  • Maiatzak 1, Dantzari Txiki Eguna: “Euskararen Errioa”rako txanponak jaso eta azken Tanta zozketa txartelak salduko dituzten pertsonak behar ditugu.
  • Maiatzak 6, “12 orduz Erriolan”: muntaia eta desmuntaiarako, tabernan eta sukaldean laguntzeko, aurkezle lanak egiteko, eta bideoak grabatu eta argazkiak ateratzeko pertsonak behar ditugu.

Animatu, langile atarian duzue izena emateko aukera!

Haur Eskola: matrikulazio kanpaina 2023-24

2023-24 ikasturterako Ikastolako Haur Eskolako matrikulazio-garaia maiatzaren 2tik 16ra egongo da zabalik. Ikastolako webgunean daude kanpainari lotutako xehetasun guztiak, baita Haur Eskola ezagutzeko hitzordua eskatzeko aukera ere.

Zalantzak edota galderak argitzeko edo informazio xeheagoa jasotzeko, matrikulazioa@oreretaikastola.eus helbide elektronikora mezua idatz daiteke, 943 52 03 97 telefono-zenbakira deitu edo Esmalteriako bulegora jo (astelehenetik ostiralera, 15:30etik 17:30era).

Zuen zeuen interesetik harago, eskertuko genizueke zuen iritziz interesa izan dezaketenei informazioa helaraztea.

Prestakuntza: eskaintza berria

EHUko udako ikastaro berrien eta Gizonduz sentsibilizazio eta prestakuntza programaren eskaintzari buruzko informazioa eskuragarri duzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).


BESTELAKOAK


Hainbat artikulu interesgarri