HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (23.04.28)


ETAPA MAILAKOAK


Mila kilo zorion

Mila kilo zorion

dizugu eskaintzen,

beste urte berri bat

duzulako hasten.

Baietz asmatu zenbat

dituzun betetzen,

zergatik ez ditugu

txaloka kontatzen?

  • Maiatzak 2: Irati Etxebeste

Kirol hastapena

Gogoratu datorren astean LH2. eta LH3.mailako ikasleek kirol hastapeneko saioekin hasiko direla eta goiko eremua erabiliko dutela arratsaldez, 15:00etatik 16:00etara.

Eko ordezkarien foroa

Datorren asteartean, maiatzaren 2an, eko-ordezkariekin foroa ospatuko da Merkatuzarren. Hori dela eta, 9:15ean goiko eremuko futbol zelaian elkartuko dira eta 12:30ak aldera itzuliko dira.

Klaustroa

Nahiz eta datorren astean klaustroa egitea egokitzen zitzaigun, atzeratu egingo dugu azkena orain gutxi egin genuelako. Jakinaraziko dizuegu aurrez zein egun zehatzetan egingo dugun.

Xenpelar bertso eskola

Xenpelar bertso-eskolatik Maiatzaren 5ean, 15:00-16:30etara LH4ko geletara etorriko dira.

Maiatzaren 12an 15:00-16:30etara LH3ko geletatik pasako dira.

Maiatzak 21: Kultur aniztasunaren nazioarteko eguna

Maiatzaren 21ean, Kultur aniztasunaren eguna dela eta, udaletik proposamen hau jaso dugu HH eta LHko geletan egiteko.

Ikasleek girnalda hauek margotu beharko dituzte eta Errenterian 11 Kolore jaialdiaren VIII. edizirako izango dira. Egingo diren girnalda hauek, maiatzaren 15etik 21era bitarte herriko denda eta tabernetan jarriko dira, Kultur aniztasuna ospatzeko. Herriko ikastetxe guztiek hartuko dute dinamika honetan parte.

Hiruki bakoitzak bi aurpegi ezberdin izango ditu: alde batek kontinente ezberdina irudikatzen duen maskararen marrazkia izango du, eta beste aldea irudirik gabekoa da, marrazki librea egin ahal izateko. Ikasle bakoitzak hauetako alde bat aukeratu dezake margotzeko, edo biak.

Girnaldak irakasle geletan izango dituzue eskuragai eta ikasleek margotu ondoren, ziklo bakoitzeko koordinatzaileei eman beharko zaizkie maiatzaren 5a baino lehen udalera bideratzeko.

Hau guztiaz gain, HIPIko ikasleekin gaia lantzen ari da eta beraien aldetik ere aurrerago beste proposamen bat jasoko dugu.

LH6 txertoak

Maiatzaren 24ean 6.mailako neskei Papiloma txertoaren 2.dosia jarriko zaie.

Langileen bajak eta altak

Gaixotzen garenetan, lanera etortzen ez garen egunean bertan edota alta ematen diguten egunean bertan (agiririk ez badugu ere), zuzendariari jakinarazteaz gain, langile atarian erregistratu behar da. Horrela eginez gero Anak berehala jakingo du eta administratiboki akatsak egitea ekidingo dugu.

Asteko kanta

  • Maiatzaren 1ean, langileen nazioarteko eguna izango denez, Oskorriren “Guretzat” kanta entzungo dugu.

https://www.youtube.com/watch?v=T6Nhbr8-98A


IKASTOLA MAILAKOAK


Kilometroak 23: hainbat aipamen

“12 ORDUZ ERRIOLAN” (MAIATZAK 6): JANUS LESTER GUREKIN IZANGO DA

Aste Santuko oporren aurretik aurreratu bezala, maiatzaren 6an “12 orduz Erriolan” egitasmoa egingo dugu. 11:00etan hasi eta 23:00etara arte diziplina diferenteetako emanaldiak izango dira Agirre Lehendakaria plazan (Linon).

Eguneko egitaraua erabat zehaztu gabea badago ere, baiezta dezakegu, besteak beste, Herri Arte Eskolako ballet eta klake dantzariak, orkestra txikia eta erromeria taldea; Beti Prest taldea (muxikoak); Lau Haizetarako kantujira; Xenpelar bertso-eskola; SAGELtarrak, Zilibito Records eta Lawless Records musika-taldeak; DJ Iker Rodriguez; Ochote taldea; Concha Rociera; Lur Korta ipuin-kontalaria eta Edu Magoa bertan izango direla. Baita ere zinta-akrobaziak, erakustaldiak (karatea, diaboloa…), tailerrak (gimnasia akrobatikoa familia egitekoa Hiruki Birakaren eskutik eta musika tresnak sortzekoa Soinuenek gidatuta), eta LHko ikasle sortzaileen eta hainbat familien emanaldiak.

Eta Janus Lester taldea ere, Kilometroak 23ren “Erriola” abestiaren egilea, gurekin izango da. Aurreratzen dizuegu maiatzaren 5ean aurkeztuko dugula “Erriola” abestia eta biharamunean, maiatzaren 6an, Janus Lester-ek lehen aldiz joko duela jendaurrean “12 orduz Erriolan” ekimenean. 21:30ean izango da hori, eta ostean, 23:00ak arte, kultur maratoia amaitu arte, kontzertua emango dute.

Datorren astean emango dizkizuegu “12 orduz Erriolan” ekimenaren gaineko azken xehetasunak, asteko oharren zein sare sozialen bitartez.

Hau guztia aurrera atera ahal izateko, boluntario-lanetan aritzeko pertsonak behar ditugu. Egin dezagun elkarrekin eta goza dezagun elkarrekin “12 orduz Erriolan” ekimenaz. Bete boluntarioen izen-emate inprimakia langile atarian. Anima zaitezte!

“EUSKARAREN ERRIOA” ERRONKA JARRI DUGU MARTXAN

“Euskararen Errioa” ekimena jarri dugu martxan: urrira bitartean, Kilometroak 23ko egun handia izango den urriko lehen igandea iritsi artean, euroka kilometroko errioa osatzeko erronka, hain justu.

Kilometro batean euroko 50.000 txanpon sartzen dira. Erronka euroak biltzea da, ahalik eta errio luzeena egitea. Gero horiek euskararen sustapena helburu duten proiektuetara bideratuko dira. Ekimenean parte hartzeko modu ezberdinak daude: modu fisikoan, online edo Bizum bitartez egin daiteke ekarpena.

Sagardo Egunean (apirilak 29), Dantzari Txiki Egunean (maiatzak 1) eta “12 orduz Erriolan” ekimenean (maiatzak 6) herriko kaleetan izango da “Euskararen Errioa”. Anima zaitezte eta anima itzazue zuen ingurukoak ekarpena egitera!

“Euskararen Errioa” ekimenaz informazio xeheagoa nahi baduzu, langile atarian topatuko duzu.

BOLUNTARIOAK BEHAR DITUGU HURRENGO EGUNETAKO HITZORDUETARAKO

Hurrengo egunetan Kilometroak 23 herriko kaleetara irtengo da eta lanerako boluntarioak behar ditugu. Hauek dira hitzorduak:

  • Apirilak 29, Sagardo Eguna: “Euskararen Errioa” ekimena indartzeko, jende artean eskuz esku euroak biltzen ariko diren boluntarioak behar ditugu.
  • Maiatzak 1, Dantzari Txiki Eguna: “Euskararen Errioa”rako txanponak jaso eta azken Tanta zozketa txartelak salduko dituzten pertsonak behar ditugu.
  • Maiatzak 6, “12 orduz Erriolan”: muntaia eta desmuntaiarako, tabernan eta sukaldean laguntzeko, aurkezle lanak egiteko, eta bideoak grabatu eta argazkiak ateratzeko pertsonak behar ditugu.

Animatu, langile atarian duzue izena emateko aukera!

Haur Eskola: matrikulazio kanpaina 2023-24

2023-24 ikasturterako Ikastolako Haur Eskolako matrikulazio-garaia maiatzaren 2tik 16ra egongo da zabalik. Ikastolako webgunean daude kanpainari lotutako xehetasun guztiak, baita Haur Eskola ezagutzeko hitzordua eskatzeko aukera ere.

Zalantzak edota galderak argitzeko edo informazio xeheagoa jasotzeko, matrikulazioa@oreretaikastola.eus helbide elektronikora mezua idatz daiteke, 943 52 03 97 telefono-zenbakira deitu edo Esmalteriako bulegora jo (astelehenetik ostiralera, 15:30etik 17:30era).

Zuen zeuen interesetik harago, eskertuko genizueke zuen iritziz interesa izan dezaketenei informazioa helaraztea.

Prestakuntza: eskaintza berria

EHUko udako ikastaro berrien eta Gizonduz sentsibilizazio eta prestakuntza programaren eskaintzari buruzko informazioa eskuragarri duzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).


BESTELAKOAK


Hainbat artikulu interesgarri